#GaiNagusiak

Hantura eragiten duten gaixotasunen aurkako molekula bat aurkitu dute

Noiz argitaratua: 06/04/25 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 None

Metiltioadenosinak (MTA) hanturaren aurrean eskaintzen duen babes-funtzioa aurkitu du Henar Hevia Perez ikertzaileak hantura aztertzeko erabiltzen den in vivo eredu batean. Ikertzaileak Nafarroako Unibertsitateko Ikerketa Mediko Aplikatuko Zentroan (CIMA) lan egiten du Gene Terapia eta Hepatologia sailean. Doktoreak bere tesia aurkeztu berri du Zientzia Fakultatean.

Ikertzailearen hitzetan, hantura oso prozesu garrantzitsua da gaixotasun askoren garapenean, gibelarekin zerikusia duten gaixotasunetan barne. Horregatik, ezinbestekoa da estrategia terapeutiko berriak sortzea hanturaren eragina txikitzeko.

Gibelak, beste hainbat funtzio izateaz gain, oinarrizko eragina du aminoazidoen metabolismoan. Aminoazido horien artean, nabarmentzekoa da metionina, gibeleko gaixotasunetan –hala nola, zirrosia eta gibeleko minbizia– asaldatuta egoten den oinarrizko aminoazidoa. Horregatik, ikertzaileak denbora luzez aritu dira aminoazido horren gibeleko metabolismoa eta metabolismo horren asaldurak eragiten dituen ondorio patologikoak ikertzen.

Gibeleko gaixotasunekin erlazionatutako hanturak

Metioninaren eratorri metaboliko batek (MTA) hantura-prozesuetan duen eragina ikertu du Henar Hevia Perez ikertzaileak. Izan ere, hantura gaixotasun askorekin erlazionatzen da, baita gibeleko asaldurekin ere. In vivo eta in vitro saiakeretan egin ditu ikerketa horiek, eta guztietan ikusi du MTAk hanturaren aurka duen eragin indartsua. Ikertzailearen arabera, MTA emanda hantura akutua saihesten da, eta, hala, animaliak heriotzatik babesten dira. Gainera, MTAren tratamendu luzea ere ondo jasaten dute animaliek, eta ez dute kontrako erreakziorik izan.

CIMAn egindako ikerketa honen ondorioen arabera, MTA ematea hantura eragiten duten gaixotasunen aurkako tratamendua izan daiteke, adibidez, gibeleko zirrosian, artritis-kasuetan edo esklerosi anizkoitzaren kasuan.

Informazio osagarria

  • , Universidad de Navarra
Laura Juampérez

Egilea: Laura Juampérez (Universidad de Navarra)

Laguntzailea: