#GaiNagusiak

TESIA: Ongarrietarako nitratoen ordezkoen bila

Noiz argitaratua: 06/04/18 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak
 None

Laborantza-produkzio jasangarri bat garatzeko, beharrezkoa da nitratoen ordezko iturri nitrogenatuak aztertzea. Izan ere, nekazari-lurretan nagusi dira nitratoak, eta poluitzaileak dira. Gaur egun, ongarri nitrogenatu gisa nekazaritza intentsiboan erabiltzen diren nitratoek hainbat ingurumen-arazo sortzen dituzte, besteak beste, uren poluzioa eta ozono-geruzaren degradazioa; baita osasun-arazoak ere, hala nola odolaren oxigenazio-urritasunak bular-emaileetan edo nitrosaminen metaketa. Azken horiek substantzia kantzerigenoak dira helduen urdailetan. Horrexegatik, hain zuzen ere, nekazaritza-emankortasunaren eta kalitateko uztaren arteko oreka aurkitu behar da, ingurumen-kondizioei eutsiz.

Hain justu, horixe aztertu du Mª Dolores Domínguez Valdivia Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingurumen saileko ikertzaileak bere tesian. Tesiaren izenburua Mecanismos de tolerancia al amonio en plantas de interés agronómico (Amonioarekiko tolerantzia-mekanismoak nekazaritza-intereseko landareetan).

Lan hori Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiten dituzten arlo horretako beste hainbat lanen artean kokatzen da. Hainbat landaretan bereziki ongarri amoniakalek sortzen duten estresari aurre egiteko mekanismoak aurkitzen saiatzen dira horiek guztiak. Estres horrek landarearen hazkuntza murrizten du, eta, beraz, uztaren produkzioa mugatzen du. Horrexegatik, arazo horien ezagutzan sakontzeak laborantzako ongarrien erabilera arrazionalagoa ekarriko du.

Laborantza jasangarrirako ikerketak

Zenbait landarek amonioa edo animalia-urea xurgatu, eta iturri nitrogenatu gisa erabil dezakete. Beraz, nitrogenodun konposatu horiek aztertu behar dira nitratoen ordezko gisa erabil daitezkeen edo ez jakiteko. Dena den, amonioak ez du landareen hazkuntza nitratoek bezainbeste bultzatzen, nahiz eta ingurumenaren aldetik onuragarriagoa izan. Orain arteko ikerketen arabera, urtetan nitratoak erabili izanak landare gehienetan amonioarekiko sentikortasunari eta toxikotasunari bide eman dio. Aitzitik, hainbat landarek, ilarrek besteak beste, amonioarekiko tolerantzia erakusten dute. Horrek guztiak landare horien mekanismo fisiologikoen, metabolikoen eta molekularren ikerketa berpiztu du; izan ere, mekanismo horiek eman diote amonioa toleratzeko/onartzeko gaitasuna landareari.

Ikerketa honetan Mª Dolores Domínguez ikertzaileak elikatze amoniakalak espinaken (amonioarekiko sentikorrak dira) eta ilarren (amonioa onartzen duen landarea) mekanismoetan duen eragina alderatu du. Emaitzen arabera, askotarikoak dira amonioa onartzeko prozesuak ilarretan, espinakekin alderatuta. Amonioaren xurgatzea sustraietan eta amonio-mailaren kontrola hostoetako ehunetan hobeto erregulatzen dira ilarretan. Gainera, aminoazido nagusien (asparragina ilarretan eta glutamina espinaketan) karbonoaren eta nitrogenoaren arteko erlazioan hainbat aldaketa ikusi dituzte. GS (glutamina sintetasa) eta GDH (glutamato deshidrogenasa) entzimen aktibitateari dagokionez, ilarretan ez dute aldaketarik ikusi amonioaren kontzentrazio altuetan; bai, ordea, espinaketan. Entzima horiek amonioaren asimilazioaz arduratzen dira. Aldaketa metaboliko nagusiak sustraietan gertatzen dira ilarretan, eta hostoetan espinaken kasuan, . Gainera, aldaketa morfologikoak ikusi dituzte ilarren sustraietan. Litekeena da amonioa barneko prozesuak aldatu gabe asimilatzeko egokitzapenen adierazgarri izatea,.

Bestalde, ikerketak ongarri amoniakalek landareetan sortzen duten estresaren jatorria aztertzen du. Amonioaren kontzentrazio altuek ez dute estres oxidatzailea sortzen, horrelako kasu gehienetan gertatzen den legez. Alegia, molekulak ez dira oxidatzen entzimetan gerta daitezkeen aldakuntzen ondorioz. Hainbat entzima antioxidatzaile aktibatzen dira amonioak landareetan sortzen duen estresaren eraginez. Gainera, erreakzio horrek amonioa onartzen duten hainbat landareren hazkuntzan lagundu dezake, gehiegizko estres egoera dagoen hainbat egoeratan.

Ikerketek erakutsi dutenez, ilar-mota batek erakutsi duen amonioa onartzeko gaitasuna espezie horretako gainerako barietateek ere badute. Hala ere, hainbat maila eta estrategia daude elikatze amoniakal baten menpean hazteko.

Ilarretako geneen klonazioa

Amonioa asimilatzeko GS eta GDH entzimen azterketa sakontzeko, ilarren gene horiek klonatu eta sekuentziatu dituzte. Teknika berri baten bidez, landare horretako eta beste hainbat landaretako entzimak ezagutzen dituzten bi antigorputz berri sortu dituzte. Emaitzen arabera, hainbat ilar barietateri ongarri amoniakalak aplikatzen zaizkienean, GS eta GDH entzimak areagotu egiten dira sustraien ehunetan. Halaber, hazkuntza hori amonioaren kontzentrazioaren araberakoa da.

Informazio osagarria

  • , Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: