#GaiNagusiak

Arnasketa likidoa

Noiz argitaratua: 06/03/28 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna

Arnastea ezinbestekoa da bizitzeko; jaio aurretik, amaren sabelean, karenaren bitartez, eta, jaio ondoren, biriken bitartez. Fetua karenean dagoenean, birikak likido amniotikoz beteta egoten dira. Jaiotzean, ordea, lehen negarrarekin, birikak airea arnasten hasten dira. Baina haur goiztiarrek birikak ez dituzte erabat garatuak izaten, eta hori izaten da arazorik larriena. Askotan surfaktante falta dute, proteinaz eta lipidoz osatutako nahastea eta birikei indartu arte zabalik eusten laguntzen diena.

Ohiko arnasgailuekin surfaktante artifiziala ematen zaie, eta hori nahikoa izan liteke, baina ez beti. Euskal Herriko Unibertsitateko Nautika Eskolan arazo horietan lagun dezakeen arnasgailu bat garatu dute: arnasketa likidoko makina, hain zuzen ere.

Arnasgailuak ahalbidetzen du simulazioa. Lehenengo, haur goiztiarren birikak likidoz betetzen dira, eta, ondoren, behar adina likido sartu eta ateratzen du makinak arnasketa-erritmo egokian. Haurraren pisuaren arabera finkatzen da zenbat likido sartu; normalean, haurraren kilo bakoitzeko 10 ml sartzen dira.

Airearen ordez, perfluorokarbonoa

Arnasketa likidoan perfluorokarbonoa erabiltzen da, gainazal-tentsio egokia duelako biriken egiturari eusteko eta fluorra oso egokia delako oxigenoa eta karbono dioxidoa garraiatzeko eta odolarekin trukatzeko. Makinaren xiringek oxigenodun perfluorokarbonoa biriketako azken albeoloraino bidaltzen dute. Han, oxigenoa odolean askatzen da, eta odoleko karbono dioxidoa jasotzen da, arnasketa arrunta balitz bezala. Ondoren, makinak atera egiten du biriketatik perfluorokarbono gehiena, eta hurrengo xiringakada bidaltzen du biriketara. Gainera, makinak berak kentzen dio karbono dioxidoa ateratako likidoari eta oxigenoa gehitzen dio.

Birikak likidoz beteta daudenez, ohiko arnasketa artifizialaren presio-arazoak saihesten dira, birikek estres gutxiago jasaten dute, eta errazago arnasten dute.

Baina badago oztopo bat. Makina prototipoa besterik ez da, oraingoz. Gurutzetako ospitalean birika artifizialekin eta animaliekin egindako saiakeretan oso emaitza onak lortu dituzte. Hil edo biziko 80 bat kasutan ere erabili izan dute haur goiztiarretan, emaitza onekin kasu guztietan, baina erabilera medikorako onartutako perfluorokarbonorik ez dago merkatuan. Haur goiztiarrek oso kantitate txikia behar dute, eta helduetan ez dute erabilera egokirik aurkitu. Hori hala izanik, patentea duen enpresak ez dio errentagarritasun ekonomikorik ikusten, eta ez du pausorik eman likidoa merkaturatzeko. Beraz, oraindik ez dute garatu arnasgailu likidoaren eredu industrialik.

Basque Research

Egilea: Basque Research (Elhuyar Fundazioa)

Laguntzailea: