#GaiNagusiak

Quickplacer, munduko robotik azkarrena

Noiz argitaratua: 06/03/14 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia
 None

Fatronik zentro teknologikoak munduko robotik azkarrena aurkeztu du aurtengo BIEMHn (Makina-erremintaren Espainiako bi urtetik behingo azoka).

Ezaugarri bikainak dituen robot maneiatzaile bat da. Lau eragingailu ditu, eta elkarren artean koordinatuta lan egiten dute, ezaugarri dinamiko bikainak lortzeko helburuarekin.

Robotak lau askatasun-gradu ditu, hiru translazio eta bere ardatz bertikalarekiko biraketa. Lan egiteko bolumena 1.200 mm-ko diametroa eta 250 mm-ko altuera dituen zilindro bat da. Haren biratzeko gaitasuna ±200º da. Beraz, gai da objektuak edozein orientaziotan uzteko.

Robotak izugarrizko dinamikotasuna du, 15 G-ko azelerazioak ditu eta, hala, gai da minutuko 200 pieza baino gehiago hartu eta bere lekuan jartzeko. Gehienez 2 kg-ko eta hainbat formatako objektuak maneiatzeko gaitasuna du.

Halaber, ikusteko sistema bat du, eta hori gai da robotaren mugimenduak gidatzeko. Ikusteko sistema hori, zuri-beltzekoa nahiz koloretakoa, objektuen forma eta orientazioa aurkitzeaz arduratzen da, eta, robotari agindua ematen dio, jaso duen programazioaren arabera dagokion agindua. Hori guztia zinten bidez bideratu daiteke aldi berean; robota gai da mugitzen ari diren objektuak hartzeko eta horiek zinta garraiatzailean uzteko.

Berritasuna

Quickplacer robota munduko robotik azkarrena da. Azeleratzeko eta balaztatzeko gaitasun handia du, 1 formulako automobil batek baino 5 aldiz handiagoa. Horrexegatik, hain zuzen ere, ekoizpenerako gaitasunean buru da mundu mailan.

Haren elementuen egitura eta ezaugarriak bereziak dira, eta, ondorioz, haren abiadura eta azelerazioa oso handiak dira. Ekoizpena % 20 handiagoa da egun dauden ohiko metodoekin alderatuta.

Aplikazioak

Robot horren egitura eta gaitasun teknologikoei esker, hainbat sektoretako maneiu-lanak egiteko robot aproposa da, besteak beste, nekazaritzako elikagaien industrian, higienean, edergintzan, osasunean edo osagai elektronikoetan. Besteak beste, honako lan hauek egin daitezke robot horrekin:

- Bonboiak banan-banan kaxetan sartu.

- Txokolate- nahiz turroi-tabletak paketatu.

- Galletak banan-banan nahiz taldeka paketatu.

- Barazkien ekoizpenean kalitate-kontrolak egin (koloretan ikusteko sistema batekin konbinatuta).

- Piperrak paketatu.

- Ezpain-margoak paketatu.

- Umetxoen paper-zapiak paketatu.

- Hainbat produkturen (arraina, haragia, CDak...) paketatzea egiten duten makinetan kokatu produktu horiek.

Informazio osagarria

  • , Fundación FATRONIK
Maider Marcos Ortego

Egilea: Maider Marcos Ortego (Fundación FATRONIK)

Laguntzailea: