#GaiNagusiak

Euskal Herriko zaldiak

Noiz argitaratua: 06/03/07 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak
 None

Duela 7 urte, zenbait abere-elkarteek hemengo arrazen azterketa genetikoa egiteko interesa agertu zuten. Hala, EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailean, ardiak, behiak eta zaldiak aztertu zituzten. Kontserbazio-mailan hemengo arrazak nolakoak ziren ikusi nahi zuten eta, horrez gain, animalia bakoitzaren identifikazioa egin. Gainera, hemengo baserritarrek kontserbazioaren alde lan egin dutenez, bertako arrazek jatorrizko ezaugarri asko gorde dituzte.

Zaldien kasuan, lau arraza aztertu ziren: pottokak, Euskal Herriko mendiko zaldia, Nafarroako zaldikoa eta Aurizko zaldia eta, azterketa horietarako, hiru markatzaile genetiko erabili zituzten.

Aitatasuna eta aldakortasuna

Lehenik, populazio horien aldakortasun genetikoa aztertu zuten, ikusteko ea balizko gaixotasun baten aurrean, hemengo arrazek aurrera egiteko nahikoa dibertsitate genetiko zuten. Horretarako, mikrosateliteak –ezaugarri jakinetako DNA-eskualdeak– aukeratu zituzten lehenengo markatzaile gisara.

Mikrosateliteak, gainera, oso baliagarriak dira identifikaziorako ere, horiei begiratuta hatz-marka baten modukoa osa daiteke zaldi bakoitzarentzat. Hau da, aita eta ama zein diren jakiteko balio dute, % 90eko edo gehiagoko ziurtasunez.

Guztira 417 animalia aztertu zituzten: 147 pottoka, 163 Euskal Herriko mendiko zaldi, 62 Nafarroako zaldiko eta 45 Aurizko zaldi. Horietako bi arraza haragitarako zaldiak dira, astunak (Nafarroako zaldikoa eta Aurizkoa), eta beste biak arinak.

Emaitzen arabera, haragitarako zaldiak kanpoko arrazekin nahastuta daude, handiagoak izateko; batez ere, kanpoko arrak erabili dira bertako emeak estaltzeko. Hala, badirudi gure arrazen artean gradiente bat dagoela; pottoka da kanpoko eragin txikiena izan duena eta Aurizko zaldia handiena izan duena.

Bestetik, euskal arrazak kanpokoekin alderatuta, besteak baino aldakorragoak direla ikusi da mikrosateliteei dagokienez. Horrek badu azalpenik: hemengo arrazak mendian libre egoten dira gehienetan eta ar gehiagok estaltzen dute eme bakoitza; horregatik, beste arrazekin alderatuta, aldakortasuna handiagoa da.

Morfologia eta geneak

Ondoren, zaldien morfologiarekin erlazioa duen gene bateko SNP bat (nukleotido bakarreko aldaketa) aukeratu zuten ikertzaileek bigarren markatzaile gisara. Lau zaldi-arraza horiek morfologikoki desberdinak direla ikusita, genetikoki ere alde hori ba ote zegoen ikusi nahi zuten.

Azterketen arabera, pottokek SNP horretan oso gutxitan izaten dute aldaera jakin bat eta, aldiz, kanpoko eragina handitu ahala, aldaera hori gehiagotan agertzen da. Horren arabera baieztatu zen, kasu honetan ere pottoka dela kanpoko eragin txikiena izan duena.

Amaren informazioa

Azkeneko markatzailea mitokondrioetako DNA izan da, amarengandik soilik jasotzen den DNA. Mitokondrioetako DNArekin aztertutako lau arraza horien arteko harreman filogenetikoak finkatu ahal izan dira. Gainera, mitokondrioetako DNAk beste zaldi-populazioekin duten harremana eta jatorria finkatzeko balio du.

Emaitzei begiratuta, hemengo lau arrazek harremana dute elkarrekin; batez ere, geografikoki lotuta agertzen dira: pottoka Euskal Herriko mendiko zaldiarekin eta Nafarroako zaldikoa Aurizko zaldiarekin. Gainera, Europako eta munduko besteekin ere erlazioa dutela ikusi dute, baina oraindik hutsune geografiko asko daude Europako zaldi-arrazen arteko erlazio filogenetikoak finkatzeko.

Eta bada emaitza deigarririk ere: mitokondrioetako DNAren aldaera bat hemen eta Ingalaterran soilik agertu da.

Beraz, datu interesgarri eta esanguratsu asko atera dituzte azterketa horietatik. Dirudienez, gainera, Europan eta zehatzago iberiar penintsulan, badago oraindik zer ikertu zaldien etxekotzeari buruz.

  • Oharrak:

    Lantaldea: A. Estonba, B. Jugo eta A. Solis. Saila: Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Fakultatea: Zientzia eta Teknologia Fakultatea (EHU/UPV Leioa) Argazkia: Arabako Foru Aldundia

  • Erreferentziak:

    Journal of Heredity 2005 Volume 96, Issue 6 Pages 670-678

  • Interneteko helbidea:

    www.ehu.es/gaffa

Informazio osagarria

  • , Bizkaiko Foru Aldundia
Basque Research

Egilea: Basque Research (Elhuyar Fundazioa)

Laguntzailea: