#GaiNagusiak

Diagnostiko azkarra eta melanoma

Noiz argitaratua: 06/02/22 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 None

Melanoma da gure inguruko minbizirik ohikoena. Azaleko minbizietan pronostikorik okerrena duena da eta gero eta jende gehiagori eragiten dio. Nahiz eta batzuen ustez behar baino gehiagotan diagnostikatzen den, heriotza-tasa 6.000tik 9.000ra handitu da hamar urtean. Zehazki, 19 eta 50 urte bitarteko emakumezkoen heriotza-eragile nagusia da AEBetan. Nafarroako Unibertsitate Klinikako eta AEBetako adituen arabera, diagnostiko goiztiarrak aukera ematen du melanoma dutenen % 99 sendatzeko.

Melanoma bat izateko aukerak handitu egiten dira ezaugarri genetikoen eta jasotako erradiazio ultramore kopuruaren arabera. Garbi dago eguzkia hartzea, bere horretan, eragileetako bat dela. Zehazki, mutazioak sorrarazten ditu, eta, ondorioz, melanozitoa ez da gai berreskuratzeko eguzkiaren erradiazioa jaso ondoren. Hala, eguzkia hartuta erretzen diren pertsonak eta puslak izaten dituztenak dira melanoma izateko arrisku handiena dutenak.

Nahiz eta kasu ugari agertu, bizirik irauten dutenen kopurua handia da, melanomari aurrea hartzeko kanpainei esker. Hala, tumoreak garaiz detektatzen dira eta tratamendu kirurgikoaren eraginkortasuna handitu egiten da.

Diagnostikoa

Orain gutxi arte, melanomaren diagnostikoa esperientzia klinikoan eta tumoreak zuen itxuran oinarritzen zen. Horretarako, ABCDE erregela erabiltzen zen: lesio pigmentatuaren asimetria, ertz irregularrak, kolorea, diametroa (0,6 cm baino handiagoa) eta lesioaren altuera. Diagnostikoa kirurgiarekin amaitzen zen, han ikusten baitzen, benetan, lesioaren gaiztotasuna.

Dermatoskopiaren erabilerak asko hobetu du tumore gaizto horren diagnostikoa. Teknika horrekin, azalean sustantzia bat ematen da eta horrek gaineko geruza garden bihurtzen du. Hori eginda eta hainbat aparaturen laguntzaz, posible da pigmentazio-eredua ikustea, bai eta hainbat egitura ere, begiz ikusiko ez liratekeenak. Beraz, erreminta oso erabilgarria da kirurgiarik erabili gabe pigmentatutako lesioak bereizteko.

Gaur egun, diagnostiko aurreratuko bi teknikatan lan egiten ari dira. Horietako bat erreflektantziazko mikroskopia fokukidea da, gaizki definitutako ertzak aukeratzea posible egiten duen teknika; horren bidez, lesioa zehatz-mehatz nondik kendu behar den erabaki daiteke. Bestetik, dermatoskopia digital multiespektrala pigmentatutako lesioari argazkia ateratzeko gai da, irudiak prozesatu eta diagnostiko zehatza emateko. Lortutako informazioa ikerketa klinikoarekin osatzen da eta tratamendurik egokiena zein den jakiteko balio du. Urtebetean teknika horrek AEBetako FDA erakundearen oniritzia lortuko duela uste da, eta, ondorioz, beste osasun-zentroetan ere eskuragarri izatea espero da.

Informazio osagarria

  • , Clínica Universitaria. Universidad de Navarra
Jesús Zorrilla Ruiz

Egilea: Jesús Zorrilla Ruiz (Clínica Universidad de Navarra)

Laguntzailea: