#GaiNagusiak

Duela 56 milioi urte gertatutako berotze klimatiko global baten kausak eta ondorioak aztertu dituzte

Noiz argitaratua: 14/03/25 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Lurraren zientziak
 Esplugafreda erreka-zuloko metaketa kontinentalak. Noguera Ribagorzana ibaiaren adar bat da erreka hori, eta Lleida probintziako mendebaldeko muturrean dago, Aren herritik hurbil (Huesca).

Gaur egungo berotze globalaren prozesuak biziagotu egin du komunitate zientifikoak erregistro geologikoei buruz duen interesa, erregistro horiek informazio garrantzitsuaren fitxategia baitira garai bateko aldaketa klimatikoen eragin fisiko eta ekologikoak ulertzeko. UPV/EHUren Paleogenoaren Ikerketa Taldeak Paleozeno-Eozenoko Gailur Termikoan (PETM), duela 56 milioi urte, itsas mailak izan zuen portaera aztertu du, eta baztertu egin zerikusia izan zuenik. Ikerketa Palaeogeography, Palaeoclimatology, Palaeoecology aldizkarian argitaratu da.

“Itsas mailaren jaitsierak ez zuen eragin berotegi-efektuko gasen emisiorik Paleozeno-Eozenoko Gailur Termikoan (PETM)”, adierazi du Victoriano Pujaltek, UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko irakasle eta lanaren ikertzaile nagusiak.

Paleozeno-Eozenoko Gailur Termikoa (PETM) oso tenperatura altuko tarte labur bat izan zen (termino geologikoetan, 200.000 urte “bakarrik” iraun zuen); duela 56 milioi urte gertatu zen atmosferara berotegi-efektuko gasen emisio masibo bat gertatu ondoren. Uste da 5-9 ºC igo zela tenperatura globala. Mundu osoko segida geologikoetan erregistratuta gelditu zen, eta inpaktu ekologiko handia eragin zuen: ikuspuntu antropologikotik, ugaztunen gaineko eragina izan zen handiena, baina beste organismo batzuei ere eragin zien, hala nola foraminiferoak eta nannofosilak (kate trofikoaren oinarria diren itsas mikroorganismoak) eta landareak.

Baina berotze horren eragilea zein izan zen eztabaidatzen jarraitzen dute. Hipotesi onartuenak dio ozeanoen hondoan izozturik zeuden metanoaren hidratoak desegonkortzeak eragin zuela berotzea. “Egile batzuek, hala nola Higgins eta Schrag (2006), proposatzen zuten beharbada itsas mailaren jaitsierak eragin zuela edo eragiten lagundu zuela metanoa edo CO2-a atmosferara isurtzea”, adierazi du Victoriano Pujaltek, UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko irakasle eta lanaren ikertzaile nagusiak. Hipotesi horren arabera, “itsasoan urpean zeuden sedimentuak agerian gelditu ziren itsas maila jaitsi zenean, eta horiek eragin zituzten CO2-aren emisioak”, gaineratu du. Horrek abiarazi zuen neurri batean ikerketa hau. Beste batzuek ukatu egiten zuten posibilitate hori, bai eta itsas mailaren jaitsiera ere. “Guk zehaztu nahi izan dugu zer portaera izan zuen itsas mailak PETM aldian”, esan du Pujaltek.

Ez dago kausa-efektu erlaziorik

Ikerketak nagusiki Pirinioetan, Huesca eta Lleida artean, zehazki Tremp-Graus arroan, egin ziren, baita Zumaian ere. Bi leku horietan, Paleozeno-Eozenoko arrokak nahikoa azaleratuta daude, eta kontinente- nahiz itsas ingurune zaharren sorta zabala erakusten dute. Pujalteren arabera, “aukera aparta dira itsas mailaren aldaketen eraginak ikertzeko, eta haien ondorioak aztertzeko”.

Adierazle baliagarrienak oxigenoaren eta karbonoaren isotopo egonkorrak dira. Oxigenoaren isotopoek paleotenperaturari buruzko informazioa ematen dute, baina haien aztarna itsaso sakoneko lekukoetan bakarrik lortzen da. Karbonoaren isotopoek, berriz, atmosferan eta ozeanoetan gertatu diren CO2-edukiaren aldaketei buruzko datuak ematen dituzte, eta garai batean urpean egon ziren arroka azaleratuetan ere lor daitezke. Oro har, bi isotopo horien aldaketak paralelo gertatzen dira, CO2-aren proportzioaren hazkundeak berekin baitakar tenperatura igotzea.

Lortutako emaitzek adierazten dute PETM aldiaren aurretik itsas maila jaitsi egin zela egiaz; uste da 20 bat metro jaitsi zela, eta jaitsierarik handiena, agian, PETM hasi baino 75 mila urte lehenago gertatu zela. “Zalantzan jartzen dugu, ordea, jaitsiera hura izatea PETM aldiaren eragilea, nahiz eta beharbada lagundu egin zuen”, esan du Victoriano Pujaltek. “Aldi berean gertatzen dira, baina ez dago kausa-efektu erlaziorik”.

Ikertzaileek, gainera, ikusi zuten itsas mailak igotzen jarraitu zuela PETM aldiaren ondoren ere, tenperatura globala berriro ere tenperatura arruntetara itzuli zenean. “Haren eragile bakarra, beraz, ez zen izan berotzearekin lotuta gertatu zen ozeanoetako dilatazio termikoa”, adierazi du Pujaltek. “Pentsatzen da kausa probableena izan daitekeela Paleozenoaren amaieran eta Eozenoaren hasieran Ipar Itsasoan gertatu zen —dokumentatuta dago— jarduera bolkanikoa, zeinak erlazioa baitauka Ipar Atlantikoko ozeano-dortsala hedatzearekin”, amaitu du.

  • Oharrak:

    Ikerketa-taldea paleontologoz eta sedimentologoz eratutako talde misto batek osatzen du. Elkarrekin ari dira 1988tik, taldea modu formalean sortu baino hamar urte lehenagotik. Hasiera batean, Xabier Orue-Etxebarria irakasleak zuzendu zuen taldea; gero, Victoriano Pujaltek; eta 2013tik, Juan Ignacio Bacetak. Lantaldearen 25 urteko ibilbidean, Goi Kretazikoko eta Paleogenoko segidak ikertu dituzte nagusiki, elkarren osagarri diren bi zientzia-diziplinatan oinarrituta: mikropaleontologia (bioestratigrafia eta paleoekologia) foraminiferoak eta kare-nannofosilak oinarri harturik; eta kontinente- eta itsas arroka sedimentarioen estratigrafia eta sedimentologia. Ikerketa horiek batez ere Pirinioetan egin dira, baina baita beste leku batzuetan ere, esaterako, mendikate betikoetan, Bulgarian eta Mexikon.

  • Erreferentziak:

    V. Pujalte, B. Schmitz. J.I. Baceta. Sea-level changes across the Paleocene-Eocene interval in the Spanish Pyrenees, and their posible relationship with North Atlantic magmatism. 2014. Palaeogeography, Palaeoclimatology, Palaeoecology 393: 45-60 http://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S00

  • Interneteko helbidea:

    www.ehu.es

Informazio osagarria

  • Esplugafreda erreka-zuloko metaketa kontinentalak. Noguera Ribagorzana ibaiaren adar bat da erreka hori, eta Lleida probintziako mendebaldeko muturrean dago, Aren herritik hurbil (Huesca)., UPV/EHU
  • Victoriano Pujalte, UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko ikertzailea., UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskara, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: