#GaiNagusiak

Tecnaliak neuroendekapenezko gaixotasunen sintomak detektatzen dituen etxe adimendun bat aurkeztu du

Noiz argitaratua: 14/03/21 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna #Teknologia
 None

Munduko populazioa bizkor ari da zahartzen, eta, ondorioz, desgaitasuna eta mendekotasuna duten pertsonen kopuruak gora egin du, tasa horiek adinarekin gorantz egiten baitute, batez ere 80 urtetik aurrera. Testuinguru horretan, Tecnalia ikerketa aplikatuko zentroak sentsore-sistema bat diseinatu du. Sistema hori etxebizitza batean instalatuz gero, bertan bizi denaren jarduerak eta ohiturak monitoriza daitezke, eta ohitura eta jarduera horietan gertatutako aldaketak —neuroendekapenezko gaixotasunekin, hala nola alzheimerrarekin, lotutako asalduen sintomak izan daitezkeenak— detektatu.

EAEn, gaur egun adinekoen % 16 dago mendekotasun-egoeran eta % 26 desgaitasun-egoeran; zifra absolutuetan, 62.000 adineko mendekotasun-egoeran eta 104.000 pertsona desgaitasun-egoeran. Bestalde, Imsersoren datuen arabera, 70 urtetik gorako pertsonen % 70ek nahiago dute beren etxean bizitzen jarraitu egoitza batera joan baino.

Etapa goiztiar batean gaixotasun batzuen sintomak —alzheimerrarenak, esaterako— eguneroko jarduerak egiteko portaerak aldatzearekin lotuta daudenez, diagnostiko goiztiar batek aukera emango luke narriadura kognitiboaren lehen etapetatik aurre egiteko gaixotasunari, eta, hala, haren efektuak atzeratu eta pazientearen bizi-kalitatea hobetzeko.

Erronka berri horiei aurre egiteko, Tecnaliak asistentzia-teknologian oinarritutako ekimenetan dihardu lanean. Esaterako, sentsore-sistema batean, zeinak aukera ematen baitu pertsonen jarduerak eta ohiturak monitorizatzeko eta neuroendekapenezko gaixotasunekin —alzheimerrarekin, adibidez— lotutako asalduen sintoma izan daitezkeen aldaketak eta jarduerak detektatzeko. Sistema honek, etxebizitzan banatutako sentsore-sare zabal baten bidez, hainbat alderdi detekta ditzake: erabiltzailearen presentzia gela desberdinetan; ateak, leihoak eta tiraderak irekitzea eta ixtea; argiak piztea eta itzaltzea; etxetresna elektrikoen, telebistaren eta kanilen erabilera; ohean eta sofan egiten den denbora eta abar. Ikuspegi teknologikoagotik, azpimarratzekoa da soinu-sentsoreak erabiltzen dituela, esate baterako, telefonoaren edo atearen txirrina identifikatzeko.

Sistemak sentsoreen informazioa erregistratzen du, denbora errealean, eta pertsona jakin hori zertan ari den identifikatzen du; adibidez, bazkaria prestatzen, telebista sofan eserita ikusten edo dutxa hartzen. Monitorizazio horri esker, pertsona horren ohiturak eta eguneroko jarduerak ikasten ditu sistemak, gero, ohitura horietan egiten dituzten aldaketak detektatzeko, eta, behar izanez gero, haien berri emateko ahaideei edo zaintzaileari. Izan ere, aldaketa horiek oroimen-arazoen edo -asalduren, desorientazio espazialaren, denbora-desorientazioaren, jarduera uztearen edo isolamenduaren adierazgarri izan daitezke, eta horiek guztiak askotan neuroendekapenezko gaixotasunen sintomak izaten dira. Adibidez, aldaketak detekta daitezke loaren patroietan, jateko ohituretan —janari beroak jateari uztea, esaterako—. Jarduerarik eza detekta dezake eserita edo telebista ikusten denbora gehiago egiten duelako, etxean nora ezean ibiltzea, etab.

Gainera, sistemak eguneroko zereginak egiten lagundu diezaieke pertsonei, adibidez, alarmen bidez eta etxeko roboten bidez. Gailu horiek botika bat hartzeko edo jarduera jakin bat egiteko ordua dela gogoraraz diezaiekete.

Etorkizuneko urratsak

Hiru urtez ikertzen lan egin eta gero, sistema, zeinaren prototipoa Tecnaliaren Zamudioko (Bizkaia) instalazioetan baitago instalatuta, dagoeneko merkatuan dago. Helburua da adinekoen egoitzetan edo adinekoentzako etxebizitza babestuetan instalatzea sistema hori, eta, hala, pazienteak hobeto zaintzea eta haien bizi-kalitatea hobetzea.

Esan beharra dago ekimen honetan —RUBICON du izena, eta zati bat Europako Batzordeak diruz lagundu du VII. Esparru Programaren bidez— partzuergo honek lagundu duela: University College Dublin; Consiglio Nazionale Delle Richerche; Örebro University; TECNALIA ikerketa aplikatuko zentroa; Robotnik Automation SLL; University Of Ullster; Università Di Pisa; Pintail LTD eta Fondazione Stella Maris.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Tecnalia
  • , Tecnalia
Germán Lasa

Egilea: Germán Lasa (Tecnalia Research & Innovation)

Laguntzailea: