#GaiNagusiak

Esneki gaingabetuek % 50 gutxitzen dute hipertentsioa izateko arriskua

Noiz argitaratua: 05/11/30 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 None

American Journal of Clinical Nutrition erreferentziazko aldizkaria da nazioartean nutrizio-gaietan. Azaroko alean, esneki gaingabetuek hipertentsioa izateko arriskua % 50 gutxitzen dutela ondorioztatzen duen artikulu bat argitaratu berri du. Aldiz, artikulu horren egileek ez dute harremanik aurkitu esne osoaren kontsumoaren eta hipertentsioaren artean.

Lan hori Nafarroako Unibertsitateko talde batek egin du, eta, horiekin batera, Alvaro Alonso Harvard Unibertsitateko Osasun Publikoko Fakultateko ikertzaileak parte hartu du. Hura da artikuluaren egile nagusia.

Segimendua 6.000 pertsonari

Lan horretarako, bi urtez jarraian, segimendua egin zieten 6.000 pertsonari. Ikerketan, esnekien kontsumoa eta hipertentsioa garatzeko aukerak aztertzen dira.

Esne gaingabetua edaten duten pertsonek eta esneki gaingabetu asko jaten dutenek hipertentsioa izateko % 50 aukera gutxiago dute, esnekirik kontsumitzen ez dutenekin edo gutxi kontsumitzen dutenekin alderatuta. Aldiz, ez dute harremanik topatu esneki osoen kontsumoaren eta hipertentsioa izateko arriskuaren artean.

Hipertentsioari aurre egiteko eredu dietetikoak definitzen lagun dezakete ikerketaren emaitzek. Gainera, lehendik ezagunak ziren hainbat datuk zioten litekeena zela esnekiak hartzeak hipertentsiotik babestea, baina hauxe da helduetan harreman horren berri ematen duen lehenengo ikerketa.

  • Oharrak:

    Am. J. Clinical Nutrition, Nov 2005; 82: 972 - 979.

  • Interneteko helbidea:

    www.unav.es

Informazio osagarria

  • , Universidad de Navarra
Laura Juampérez

Egilea: Laura Juampérez (Universidad de Navarra)

Laguntzailea: