#GaiNagusiak

Arroka-ezponden dinamika

Noiz argitaratua: 05/11/21 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Lurraren zientziak #Teknologia
 None

Trenbide- nahiz errepide-sarean ohikoak izaten dira ezpondak. Ezpondak mendi-zati bat jan ondoren agerian utzitako aldapak edo malkarrak dira. Gune ezegonkorrak direnez, arazo ugari sortzen dituzte, eta, Euskal Herriaren kasuan, gainera, arazoak areagotu egiten dira hainbat faktoreren eraginez: orografia malkartsua delako, euri dezente egiten duelako eta tolestutako eta puskatutako material sedimentario ugari dagoelako.

Arriskuak eta kalteak

Arrokaz osatutako ezponden kasuan, ezegonkortasunen sorrera arroka-multzoaren ezaugarri geomekanikoen, ezpondaren beraren kontserbazio-egoeraren eta uraren barneratze-kondizioen menpekoa da.

Behin arroken mugimendua hasiz gero, eroritako arroken ibilbidea baldintzatzen duen faktorerik garrantzitsuenetakoa ezpondaren inklinazioa da. Bestalde, ezpondaren tamainaren arabera ere, arrokak erortzeko probabilitate handiagoa edo txikiagoa dago. Izan ere, ezpondaren altuera eta luzera handiak badira, arroka-masa handiagoa egongo da erortzeko arriskuan eta horrek berak arroken mugimendua eragin dezake. Beraz, arroka gehiago, haiek erortzeko arrisku handiagoa eta eroritako masa ere handiagoa.

Kontuan izan behar da, gainera, ezponda batzuek zuzenean ibilbidera bideratzen dituztela arrokak, eraikuntza-lanetan moztutako materialek norabide hori zutelako, baina beste batzuetan ibilbidearekiko zeharka egoten direla arroka-multzoak, eta, ondorioz, arrisku gutxiago izaten dutela.

Neurri zuzentzaileak

Azterketa geotekniko horien lehentasunezko helburua da ezegonkorrak izan daitezkeen elementuak identifikatzea, kontrolatzea eta zuzentzea, eta, horretarako, arrisku potentziala duten guneak identifikatu eta sailkatuko dituzten protokolo edo programa bereziak garatu behar dira. Programa horiekin, neurri zuzentzaileekin lortuko liratekeen onurak baloratu eta erregistratutako arazoak konponduko lirateke.

Hain zuzen ere, EHUko hidrogeologia-geoteknia taldeak 10 parametro hauetan oinarritutako programa garatu du: arrokaren sailkapena (hidrogeologia-geoteknia taldeak Euskal Herrirako ezarritakoa), etenguneen orientazioa, baldintza hidraulikoak, meteorizatzeko erraztasuna, ezpondaren historia, bloke/masa ezegonkorraren bolumena, ezpondaren altuera, arrokak errepidera heltzeko probabilitatea, ikuspen-distantzia vs. erreakzio-distantzia eta errepidearen garrantzia. Parametro horien bidez, arroka-ezpondaren egonkortasuna eta arroka-jausiak eragingo lituzkeen kalteak baloratzen dituzte. Hala, sailkapen horrek zortzi arroka-mota bereizten ditu, eta mota bakoitzaren ezaugarriei eta obran duten portaerari buruzko informazioa ematen du.

Azkenik, arroka-mota bakoitzerako neurri zuzentzaileak proposatzen dira. Horien artean daude altzairuzko barrak tenkagailu moduan erabiltzea, hormigoiaz ezponda estaltzea, arrokak jasotzeko sare dinamikoak jartzea eta abar. Azken finean, azterketa guztien helburua da neurri zuzentzaile egokiak proposatu eta arriskuak minimizatzea.

  • Oharrak:

    Zuzendaria: Tomás Morales Juberías Lan-taldea: J. A. Uriarte Goti, G. Uribe-Etxebarria Ortiz de Zarate, I. Fernandez de Valderrama Fernandez. Saila: Geodinamika Fakultatea: Zientzia eta Teknologia fakultatea (Leioa).

  • Interneteko helbidea:

    www.ehu.es

Informazio osagarria

  • , T. Morales
Basque Research

Egilea: Basque Research (Elhuyar Fundazioa)

Laguntzailea: