#GaiNagusiak

Ardoaren kolorean parte hartzen duten metalak

Noiz argitaratua: 05/11/14 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Fisika, Kimika eta Matematika
 None

Metalek ardoaren kolorean duten eragina ikertu du Nafarroako Unibertsitateko ikertzaile-talde batek. Lantaldea honako ikertzaile hauek osatu dute: Irene Esparza, Jose Maria Fernandez, Carolina Santamaria, Maria Isabel Calvo eta Jose Mª Garcia-Mina.Ikerketaren emaitzen arabera, elementu horien aldaketa txikiek ardoaren kalitatean parte hartzen duten zenbait parametroren aldaketa nabarmena eragin dezakete.

Ikertzaileek gogorarazi dute kolorea dela ardoaren kalitatea neurtzeko erabiltzen den parametro nagusietako bat. Izan ere, ardoaren egituraren, gorputzaren eta zaporearen berri ematen du. Ardoaren tonalitatea gorri urdinxkatik laranja arrera bitartekoa izan daiteke, besteak beste, burdinaren, zinkaren, kobrearen eta manganesoaren egonkortasunaren eta erreakzio-gaitasunaren arabera.

Ikertzaileek Tempranillo mahatsaren laginak hartu zituzten ikerketa egiteko, Evena elkarteak (Estación de Viticultura y Enología de Navarra) zaindutako lursail batetik (Erriberri, Nafarroa). 2002tik hasita, hiru urtez jarraian hartu zituzten muztio edo ardo horiek, eta guztiei hartzidura-tratamendu berdina aplikatu zieten, eguraldia bakarrik izan zen desberdina.

Prozedura horrekin, ikusi ahal izan zuten osagai metalikoak mahatsaren hazietan daudela batez ere, eta horien proportzioa aldatu egiten dela hartzidura-prozesuan. Ikerketaren arabera, burdina gehien haziaren azalean egoten da, eta, kobrearekin batera, hartziduraren lehenengo egunetan nabarmen urritzen da.

Kolorearen ñabardunak nahierara

Ikertzaileek kolorearen aldaketak zehaztasunez adierazteko formula matematiko bat aurkitu dute. Hori erabilita, ardogileek ardoaren tonalitatea zehaztasun handiz neurtu ahal izango dute, eta, hala, kalitatearen indize objektibo bat izango dute. Ikerketa hori Analytica Chimica Acta aldizkarian argitaratuko da laster.

Era berean, ondorioztatu dute ardoari burdina pixka bat botata, kolore urdinxka % 8 eta % 30 artean indartu daitekeela, eta, ondorioz, gorriaren ehuneko bera galduko lukeela. Azkenik, beste osagai metalikoak aldatuta –aluminioa eta kobrea esaterako– kolorea nola aldatzen den ikertu dute, eta ikerketa horren berri emango dute laster, koloreari dagokionez nahi den ñabardura lortzeko.

Informazio osagarria

  • , Universidad de Navarra
Laura Juampérez

Egilea: Laura Juampérez (Universidad de Navarra)

Laguntzailea: