#GaiNagusiak

Behi-eroen gaitzarekin zerikusia duen proteina

Noiz argitaratua: 05/10/18 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 None

Brain Research aldizkari zientifikoak Nafarroako Unibertsitateko bi ikertzaileren lana argitaratu berri du. Ikerketa-lan horrek PrPC proteina prioniko zelularra arratoien garunean non agertzen den deskribatzen du, eta, batez ere, garunaren kortexean zein neuronak espresatzen duten. Ikerketaren egileak José Luis Velayos eta Francisco José Moleres dira, Anatomia Saileko ikertzaileak.

PrPC-a proteina arrunta da, eta nerbio-sistema zentralean dago bereziki, baita gizakiaren nerbio-sistema zentralean ere. Oraindik, ordea, ez dira haren funtzioak ondo ezagutzen.

Proteina prioniko eraldatuak, gaixoak, kutsatzaileak –hau da, prioiak– dira entzefalopatia espongiformeen eragileak. Horiek eragiten dute behien entzefalopatia espongiformea (behi eroen gaitza). Prioi horiek PrPC-a behar dute eragin ahal izateko, eta, horregatik, oso garrantzitsua da ikerketa hori PrPCa nerbio-sistema zentralean non dagoen jakiteko balio baitu.

Prioiek non eragingo duten

PrPC-ak lokalizatuta, prioiek non eragingo duten jakiteko modua dago. Aurkikuntzen arabera, PrPC-ak neuronen kaltzioaren metabolismoan hartzen du parte. Bestalde, badira PrPC-rik ez duten neuronak kabi perineuronalez inguratuak. Horrek hankaz gora jartzen du orain arte uste zena: hau da, kabi horiek desagertzea entzefalopatia espongiformeen oinarrizko gertaeratzat hartzen zen. Ikertzaileen arabera, bigarren mailako gertaera litzateke.

Bi ikertzaileen arabera, kabi horiek garunean prioiak agertu ondoren desagertzen dira, eta horren ondotik dator heriotza neuronala. Prioiek, hain zuzen ere, hainbat egituratan eragiten dute, horien artean, kabi perineuronaletan.

Ikertzaileen ustean bidezkoa da emaitza horiek arratoitik gizakira estrapolatzea; izan ere, antzeko emaitzak lortu dira ikerketa bera giza garunetan eginda. Gainera, prioiek entzefalopatia espongiformean nola eragiten duten jakiteko aukera eskainiko dute lan horrek eta Pirineo arrazako behi autoktonoekin egiten ari direnak.

Brain Research aldizkarian argitaratutako lana Histologia eta Anatomia Patologikoko beste lan batekin osatzen da. Azken lan horretan, behien digestio-aparatuan prioiak nola sartzen diren ikertu da, handik iristen baitira nerbio-sistema zentralera, behi eroen gaitza edo entzefalopatia sortzeko.

  • Oharrak:

    Jatorrizko artikulua: Brain Research Volume 1056, Issue 1 14 September 2005

  • Interneteko helbidea:

    www.unav.es

Informazio osagarria

  • , Universidad de Navarra
Laura Juampérez

Egilea: Laura Juampérez (Universidad de Navarra)

Laguntzailea: