#GaiNagusiak

Tratamendu kriogenikoak materialen ezaugarriak hobetu eta kostuak murrizten ditu

Noiz argitaratua: 14/03/19 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia
 Luis Ángel Álava

Tratamendu kriogenikoa prozesu termiko bat da, zeinean materiala tenperatura kriogenikoetan —- -153 ºC-z azpikoetan— jartzen baita. CIC marGUNEk, Errendimendu Handiko Fabrikazioko Ikerketa Zentro Kooperatiboak, koordinatzen du DURASTEEL ikerketa-lerroa. Ikerketa-lerro horren bidez, altzairu eraginkorragoak lortu nahi dituzte, haien errendimendua handitzeko egokiak diren tratamendu termikoko ibilbideak aplikatuz.

Izan ere, automobilgintzak, industria aeroespazialak, industria metalmekanikoak, meatzaritzak eta industriak, oro har, erreminta eta tresna gero eta fidagarriagoak eta iraunkorragoak behar dituzte. Baina erreminten altzairuari ahalik eta etekin handiena ateratzeko, beharrezkoa da tratamendu termiko egokiak aplikatzea. Hain zuzen, eremu horren eboluzioa eskasa da oso, altzairuaren arloan azken urteetan egindako aurrerapenekin alderatuz gero. Izan ere, nahiz eta frogatu den tratamendu kriogenikoak ahalmen handia duela material eta aplikazio askoren errendimendua hobetzeko, tratamendua ez da ia batere erabiltzen industrian. “Desfase moduko bat dago esperientziaren eta teoriaren artean” azaldu du Luis Ángel Álavak, CIC marGUNEko ikerketa-lerroko eta IK4-Azterlaneko Tratamendu Kriogenikoen arloko koordinatzaileak. “Desfase horren arrazoietako bat da ez direla behar bezala ezagutzen tenperatura baxuek altzairuetan sortutako mikroegiturazko aldaketak, ez eta aldaketa horiek eragiten dituzten mekanismoak ere” azaldu du. Hala ere, azken urteetan asko areagotu da lerro horretako ikerketa-jarduna.


Ohiko tratamendu kriogenikoa honetan datza: materiala poliki-poliki hoztu behar da -180 ºC-ra iritsi arte, tenperatura horretan eduki denbora luze batez, eta berriro berotu, giro-tenperaturara iritsi arte. Bistakoa denez, eragozpen bat du: denbora gehiegi irauten du.

Eragozpen horri aurre egiteko, etapa askoko tratamendu kriogenikoa ikertzen ari dira gaur egun, besteak beste. Ziklo kriogeniko labur eta azkarrak errepikatzean datza tratamendu hori. Horri esker, prozesua laburragoa da, eta beraz, kontsumoak eta kostuak murrizten dira. Gainera, oro har, prozesu horrekin emaitza hobeak lortzen dira ohiko tratamendu kriogenikoekin baino” nabarmendu du Álavak.

Gehienetan, tratamendu kriogenikoak erreminten ekoizpen-prozesuaren amaieran aplikatzen dira. Dena den, tratamendu hori tenplaketaren eta iraotzeen artean egiteko aukera aztertzen ari da IK4-Azterlan. Oraingoz, “datuak biltzen ari gara, ikusteko zenbateraino izan daitekeen baliagarria” azaldu du Álavak.

Iraunkortasun handiagoa eta kostu txikiagoa

Tratamendu kriogenikoak material osoari eragiten dio, ez gainazalari bakarrik. Oro har, “hobekuntzak eragiten ditu parametro batzuetan, hala nola higadurarekiko erresistentzian, neke-kondizioko bizitzan, zailtasunean eta eroankortasunean”. Bestalde, guztiz bateragarria da industrian erabiltzen diren estaldura gehienekin. Laburbilduz, “esan daiteke modu erraza eta merkea dela materialen ezaugarriak hobetzeko” azaldu du Álavak.

Ikusi dugu materialen tratamendu kriogenikoak ahalmen handia duela material askoren ezaugarriak aldatzeko. “Ezin konta ahala aplikazio ditu, industria-ingurune ia guztietakoak. Esate baterako, higadura- edo neke-arazo bat izanez gero, mota horretako prozesuak erabili ahal izango dira, eta arrakasta lortu” azaldu du Álavak. Altzairuen kasuan, “ikuspegi berriak bilatzen ari gara mota honetako prozesuak aplikatzeko; hala, produktuen ezaugarriak hobetzeaz gainera, tratamendu termikoko prozesu eraginkorragoak garatu ahal izango dira”.

Álavak nabarmendu duenez, “ingurumena errespetatzen du tratamendu horrek, ez baitu inolako hondakinik sortzen”. “Higadurarekiko eta nekearekiko erresistentzia handituta, materialen kontsumoa gutxitzen da, eta, harekin batera, materialen ekoizpenari eta transformazioari lotutako energia-gastua eta ingurumen-kostuak ere bai”. Teknologia hori erabiliz, material gutxiago kontsumitzen da, baina, ez hori bakarrik. “Nitrogenoa gas geldo ez-toxiko bat da, airetik ateratzen dena eta likido bihurtzen dena gero biltegiratzeko. Tratamendu kriogenikoan, nitrogeno likidoa lurrundu eta atmosferara itzultzen da, eta, hala zikloa ixten da” azaldu du.

Hain zuzen, ikerketa-lerro honen bidez, jauzi kualitatiboa eman nahi da altzairuen tratamendu termikoetan.

Informazio osagarria

  • Luis Ángel Álava, CIC marGUNE
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, CIC marGUNE
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, CIC marGUNE
Laguntzailea: