#GaiNagusiak

Haririk gabeko sentsore-sareen lokalizazioa

Noiz argitaratua: 05/09/27 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia

Azken urteotan, hainbat irrati-zirkuitu integratu merkaturatu dira. Osagai-mota hori merkaturatu ondoren, aplikazio berriak sortu dira: haririk gabeko sentsore-sareak.

Sistema horietan, sentsoreak, zirkuituaren barruan egon ordez, zirkuitu autonomoetan daude instalatuta. Hala, kontrol- eta neurketa-lanak banatu egin daitezke; esaterako, inguru geografiko zabal bat hartzen duen magnitudea neurtzeko. Baina, horrelako sistemak ekonomikoki bideragarriak izateko, sentsore bakoitzak oso merkea izan behar du, bai diseinuari eta bai ekoizpenari dagokienez. Mota horretako sareen abantaila nagusia bikoizketa da: sarean hainbeste sentsore izanda, bat puskatuz gero, beste batek beteko du haren funtzioa, puskatutakoa ordezkatu arte.

Hala ere, hainbeste sentsore koordinatzea ez da batere erraza: sentsore guztiek hardware eta software berbera dute, eta, gainera, energia-kontsumoa nahiz prozesatze-ahalmen mugatua dituzte. Beraz, mota horretako sareek erabiltzen dituzten protokoloak kondizio horietan lan egiteko diseinatuta egon beharko dute. Kasu horretan, funtzionamendu-protokoloak asko sinplifikatzen dira sentsore bakoitzaren posizioa jakinez gero, eta sarea geografikoki nola dagoen banatua baldin badakigu. Hainbeste sentsore egonda, ordea, ezinezkoa da kokapen horiek norberak neurtzea. Horregatik, metodo automatizatu bat behar da sentsore bakoitzak bere posizioa kalkula dezan.

Tesi honetan, sentsoreen posizioa kalkulatzeko algoritmo berri bat proposatu eta garatu da. Posizio hori aurkitzeko, beste sentsoreekiko distantzia erabiltzen da. Sentsoreek merkeak izan behar dutenez, ez da espero neurketa horiek oso zehatzak izatea eta, ondorioz, akatsak izaten dira lokalizazioan. Beraz, tesian proposaturiko algoritmoak sentsore bakoitzarentzako kalkulua egiten du, jakinda ezagutzen diren distantziek akatsak dituztela.

Azkenik, algoritmoaren bidez lortutako emaitzak ziurtatzeko, simulazio-plataforma bat garatu da lortutako emaitzak azken urteetan proposatu diren beste algoritmo batzuenekin alderatzeko. Hala, ikus daiteke sentsore bakoitzak egin beharreko kalkulu-lanak zenbatekoak diren eta neurketetako akatsek lortutako emaitzan nola eragiten duten.

Gainera, algoritmo hori modu errealean ere inplementatu da, ziurtatzeko benetan balio duela diseinatua izan den ingururako.

  • Oharrak:

    Tesiaren egilea: Jagoba Arias Pérez Euskal Herriko Unibertsitatea Elektronika eta Telekom. Saila Ingeniarien Goi Eskola email: jagoba.arias@ehu.es Alda. de Urquijo s/n Tel.: 34 94 601 73 44 48013 BILBAO (SPAIN) Fax.: 34 94 601 42 59

  • Interneteko helbidea:

    www.ingenierosbilbao.com

Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: