#GaiNagusiak

Gainazal higienikoak, estaldura biozidak eta autogarbitzaileak

Noiz argitaratua: 05/09/13 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia

Edozein gainazaletan, mikrobioak hazten badira, higadura, zikinkeria, usainak eta osasun- eta garbitasun-arazoak sor daitezke. Horregatik, interes handia dago gainazal higieniko deritzenak garatzeko; izan ere, gainazal higienikoak ez dira soilik aktibitate biozida duten gainazalak, garbitzeko errazak eta, are gehiago, autogarbitzaileak direnak ere sartzen dira.

Gainazal batek ezaugarri horiek lortzeko, estaldurak eta tratamendu espezifikoak behar ditu, eta horietan zeresan handia du nanoteknologiak. Gainazal horietako gehienek nanopartikula espezifikoak behar dituzte beren ezaugarri biozida/autogarbitzaileak lortzeko: zilarra eta TiO2-a bereziki.

Gainazal horien garapena oso garrantzitsua da, batez ere, arkitektura eta eraikuntzan, ehungintzan, bero-trukagailuetan, aire egokituko zirkuituetan, higiene-osasunean (ospitaleak, ikastetxeak) eta elikagaiak prozesatzeko industrian.

Gainazal horiek lortuta, higadura- eta osasun-arazoak gutxitzeaz gain, bioziden eta garbigarri industrial toxikoen kontsumoa gutxitzen da. Egun, metodo ugari daude gainazal biozida horiek lortzeko, adibidez, erretxin organikoetan nanopartikulak txertatzea (matrize zeramikoetan) eta plasma-hutsean nanopartikula-estaldura bat egitea.

Inasmet-Tecnaliako talde batek gai honen inguruko proiektu bat koordinatu du: “Development and evaluation of coatings and surface conditions of steel for antibacterial and easy toclean properties, DECOBIOF” (Altzairuen estalduren eta gainazalen ezaugarriak garatzea eta ebaluatzea bakterioen aurkako ezaugarriak eta garbitzeko erraztasunak lortzeko, DECOBIOF). Proiektuaren helburua da bakterioen aurkako ezaugarriak dituzten eta garbitzeko errazak diren gainazalak garatzea eta ebaluatzea.

Inasmetez gain, hauek daude partzuergoan: CORUS UK Limited (Erresuma Batua), Max Planck Institute (Alemania), OCAS-Arce-Ior N.V. (Belgika), SIMR (Suedia), ACERINOX (Espainia) eta Sviluppo Materiali zentroa (Italia).

Anais Silban

Egilea: Anais Silban (Tecnalia Eraikuntza Unitatea)

Laguntzailea: