#GaiNagusiak

Hutsa erabiltzen duten isolamendu-panelak birziklatzeko teknologia

Noiz argitaratua: 05/04/26 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Ingurumena #Teknologia

Europako Batasunak urteak daramatza garapen jasangarriaren alde egiten, lehengaiak gorde, ingurumena babestu eta erabiltzaileen osasuna eta bizi-kalitatea bermatzeko asmoarekin. Hain zuzen ere, energiaren kontsumoa gutxitzea da helburu hori lortzen gehien lagun dezaketen moduetako bat.. Horregatik, Europako Batasunaren laguntza jaso du VIP proiektuak. Proiektu horren bidez, eraikinetako, produktuak hotzean garraiatzeko erabiltzen diren bilgarrietako eta hozkailu nahiz hozteko ganberetako isolamendu termikoak hobetu nahi dira.

“Development of Super Vacuum Insulating Panels and Product Integration Services” (Vip Product & Service) proiektua 2001ean hasi zen eta oraintxe bukatu da. Proiektu horren bidez, isolamendu termikoko panelak egokitu eta bilgarri baten barruan jarri dituzte. Bilgarri horrek plastikozko hainbat geruza eta hutseko zigilatzea ditu. Ohiko metodoarekin, berriz, isolamendua hobetzeko isolatzaile-geruzaren lodiera handitzen zen.

Panelak bilgarrian jarrita, 5-7 aldiz isolamendu handiagoa lortzen da. Gainera, ez da beharrezkoa lodiera aldatzea, ezta garraiatu edo biltegiratu behar den elementuaren bolumena txikitzea ere.

Birziklatze-teknologia

VIP isolamendu berriak nola birziklatu behar diren ikertzen hartu du parte partzuergoan GAIKERek; alde batetik isolamenduak egiteko erabiltzen diren materialen soberakinak eta akasdun produktuak eta, bestetik, isolamendu horiek erabili eta beren bizitzaren amaierara iritsi diren produktuak nola birziklatu behar diren ikertu dute.

Birziklatzearen ikuspuntutik, VIPak produktu konplexuak dira; izan ere, batetik, geruza anitzeko film zigilatu bat dute hutsa gordetzeko eta, bestetik, material bakarraz egindako bloke bat. Batzuetan, erdigunean xurgatzaile bat izaten dute, eta, ondoren, hutsaren bidez lortzen dira propietate termikoak.

Ingurumenerako onurak

Hainbat entseguren ondoren, VIPak ekoiztean sortzen diren soberakinak berreskuratzeko eskema bat landu da, eta, panelek erabiltzen dituzten material berrien hondakin-kategorien arabera, beharrezkoak diren kudeaketa-prozedurak zehaztu dira. Aldi berean, GAIKERek frogatu du VIPak erabilita ingurumenerako onurak lortzen direla; izan ere, horiekin isolatzeko erabiltzen diren bilgarrien bizitza bi bider luzatzen da eta hozkailuaren energia-kontsumoa, berriz, % 10 txikitzen da, 15 urteko bizitza duela pentsatuta.

Ana  Erostarbe

Egilea: Ana Erostarbe (GAIKER-ik4)

Laguntzailea: