#GaiNagusiak

Polimero berriak nanoinprimatzearen bidezko litografiarako

Noiz argitaratua: 05/04/19 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia

Cidetec zentro teknologikoa, nanoteknologia garatzeko apustuan aurrera eginez, NAPA (Emerging Nanopatterning Methods) proiektu europarrean parte hartzen ari da. Lantaldea nanoinprimatzearen bidezko litografian erabiliko diren polimero termoplastikoak garatzen ari da.

NAPA proiektuaren helburu nagusia da hainbat nanoestanpazio-prozesutan erabilgarriak diren kostu txikiko prozesuak eta erremintak ematea, hain zuzen ere, nanoelektronikako, nanobioteknologiako eta nanofotonikako hainbat aplikaziotan erabiltzen diren gailuak sortzeko prozesuak eta erremintak, besteak beste. Hori guztia lortzeko proiektua hiru ikerketa-lerro nagusitan banatuta dago: nanoinprimatze litografikoa (nanoimprint lithography), MEMS-ean oinarritutako nanoestanpazioa (MEMS-based nanopatterning) eta litografia biguna (soft lithography). Eta horietako bakoitzean ikerketa-lana hiru ikuspuntutatik egiten da: materialak, erremintak eta simulazioa. Gainera, proiektua sei azpiproiektutan banatzen da, eta horietako bakoitzean hainbat funtzio betetzen dituzten lantaldeak daude. Cidetec zentro teknologikoa lantalde horietako baten buru da, eta haren funtzio garrantzitsuena polimero termoplastiko berriak garatzea da. Nanoinprimatzearen bidezko litografiako prozesuetan aplika daitezkeen propietate egokiko polimeroak sortzea, hain zuzen ere. Horretarako, erradikal-polimerizazio biziaren bidez hainbat polimetakrilato eta kopolimero sintetizatzen dituzte, eta baita aplikazio horietarako beste hainbat material polimeriko diseinatu ere.

Oro har, Europa mailan nanoestanpazioaren inguruan lan egiten duten ikerketa-talde guztiak biltzen ditu NAPA partzuergoak. Proiektua VTTk (Technical Research Centre of Finland) koordinatzen du eta hauek osatzen dute: enpresa txikietako nahiz ertainetako 35 bazkidek, hainbat unibertsitatek eta Europako ikerketa laborategiek, besteak beste, Frantziako CEAk, Suitzako IBMk eta Alemaniako Micro Resist Technology GmbH-k. Partaide guztiek ongi ezagutzen dute nanofabrikazioa eta guztira 3.500 zientzialari dira, gutxi gorabehera.

Proiektuaren beste alderdi interesgarri bat alderdi didaktikoa da. Partzuergoak zientzialari berrientzako ikastaroak eta mintegiak antolatzen ditu. Eta, horren guztiaren helburua, azken finean, nanoteknologiaren alorreko ikerketa-gaien formazio akademikoa eta praktikoa bultzatzea da.

Soledad Larrocha Redondo

Egilea: Soledad Larrocha Redondo (Fundación CIDETEC)

Laguntzailea: