#GaiNagusiak

Azti-Tecnaliak metodologia bat garatu du 24 orduan kontserbako atuna zein espezietakoa den jakiteko

Noiz argitaratua: 14/03/12 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna #Teknologia

Kontserba-industrian aldaketa handiak ekarri dituzte ekoizpen-prozesu berriek. Esate baterako, gaur egun, inportatutako atun-trontzo izoztuetatik abiatuta egiten dira atun-kontserbak, askotan. Azalik gabeko atun-trontzo horiek kontserban jartzeko prozesuak abantaila handiak ditu produktibitateari eta errendimenduari dagokionez, baina, begi hutsez espezie batzuk besteetatik bereiztea erraza ez denez, akatsak egiten dira kontserbaren etiketan.

Azti-Tecnaliako Biologia Molekularreko Laborategiak kontserbako atun prozesatuaren DNA detektatzeko asmatutako sistema, zeinak aukera ematen baitu elikagai prozesatuetan ere espezieak bereizteko, Estatuko Akreditazio Entitateak (ENAC) akreditatu du. Azti-Tecnaliaren metodoak, gainera, emaitzak azkar emateaz gain, emaitza fidagarriak eta eztabaidaezinak ematen ditu. Metodo berriak, beraz, aukera ematen du bermatzeko produktuak ongi etiketatuta daudela, eta, hala, kontsumitzaileei kalitatea bermatzen zaie.

Kontserbako produktuen autentifikazio-metodologiak edozein motatako arrain prozesatuaren —eta kontserbako arrainaren— DNA zatien detekzioan oinarritzen dira gehienetan. Metodo horiek, metodo genetiko deituak, oso fidagarriak dira, baina eragozpen bat dute: gehienetan zenbait egun behar izaten dituzte behin betiko emaitzak lortzeko. Aitzitik, AZTI-Tecnaliaren sistema berriari esker —zeina zunda fluoreszenteetan oinarritua den—, 24 orduan emaitza zehatza lor daiteke.

DNA teknologia

Azti-Tecnaliaren Biologia Molekularreko laborategiak itsasoko espezieak identifikatzeko metodologia berriak garatzen jarraitzen du, arrantza-sektoreari eta kontserbagintzari beren trazabilitate-sistemak bermatzea eskaintzeko. DNAren teknologia erabiliz, zentro teknologikoko espezialistek genetikoki identifika ditzakete Kantauri itsasoko antxoa eta hegaluzea, beste arrain batzuen artean. Horiez gain, Arabica kafe-barietatea, jatorri-izendapen babestua duten gaztak, zukuak eta haragi-nahasteak identifikatzeko sistemak ere baditu Azti-Tecnaliak.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Azti-Tecnalia
Irantzu Zubiaur

Egilea: Irantzu Zubiaur (AZTI-Tecnalia )

Laguntzailea: