#GaiNagusiak

Lehorteen eraginez lekaleek nitrogeno gutxiago finkatzen dute

Noiz argitaratua: 05/02/03 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Ingurumena #Lurraren zientziak
 None

Lehorte-garaian, lekaleen noduluetan karbono gutxiago izaten da, eta, horregatik, landareek nitrogeno gutxiago finkatzen dute. Horixe da, Maria Dolores Galvez ikertzaileak Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztu duen doktoretza-tesiaren ondorioa. Lanaren izenburua: Pisum sativum L.-ren metabolismo nodularra estres hidrikoaren aurrean. Karbono/nitrogeno interakzioak eta erantzunaren modulazioan inplikatutako molekulak.

Nitrogenoa finkatzea eta lehortea

Nitrogenoa finkatzea interes handiko prozesua da nekazaritzari eta ekologiari begiratuta. Izan ere, nitrogenoa da, uraren eta karbonoaren atzetik, landareen hazkuntza eta laboreen ekoizpena mugatzen duen elikagai nagusia. Prozesu hori bereziki sentibera da inguruko kondizioak txarrak direnean, lehorte-garaian edo estres hidrikoko egoeretan esaterako. Hain zuzen ere, Maria Dolores Galvezek lehorte-garaian nitrogenoa nola finkatzen den ikertu du.

Eguratsean dagoen nitrogenoa amonio bihurtzeko gaitasuna, hau da, nitrogenoa finkatzeko gaitasuna, organismo prokarioto batzuek soilik dute. Horien artean, generikoki ‘errizobio’ deiturikoek lekaleekin sinbiosian bizitzeko gaitasuna dute, eta, ondorioz, egitura berri bat osatzen dute: nodulua.

Alde batetik, landarea mikroorganismoaz baliatzen da; mikroorganismoak airetik nitrogenoa hartu, eta, amonio bihurtuta, landareari eskuragarri jartzen dio. Amonio hori karbonozko egituretan txertatzen da aminoazidoak eta proteinak egiteko. Bestalde, mikroorganismoak hazteko behar dituen elikagaiak eskuratzen ditu landaretik.

Ikertzaileak ikusi du noduluetako sakarosa sintasa entzimaren jarduera jaitsi egiten dela lehorte-garaian. Jaitsiera hori nitrogenoaren finkatzean gertatzen den jaitsierarekin bat dator denboran. Ondorioz, esan daiteke baldintzek okerrera egiten dutenean bi prozesuen artean harreman estua dagoela.

Sakarosa sintasaren aktibitatea inhibitzearen ondorioz, fosfato azukreen eta azido organikoen kontzentrazioan jaitsiera antzematen da halaber. Horrek esan nahi du noduluetara iristen den karbono-fluxua gutxitu egiten dela eta, ondorioz, bakterioak ere karbono gutxiago jasotzen duela. Horregatik, nitrogenoa finkatzeko gaitasuna txikitu egiten da.

Estres hidrikoaren pertzepzioa

Estres hidrikoaren pertzepzioan eta transdukzioan sakontzeko asmoarekin, Maria Dolores Galvezek azido abszisikoa eta aktibatzen diren oxigeno-espezieak ikertu ditu, ustez nitrogenoa finkatzen parte hartzen duten molekulak baitira.

Kanpotik azido abszisikoa emanda, ikusi du gutxienez bi mekanismo daudela nitrogenoaren finkatzea erregulatzeko estres-egoeretan. Estresa modu mailakatuan agertzen denean, azido abszisikoaren bide independente batek hartzen du parte, sakarosa sintasaren inhibizioa eragiten duen bide batek. Eta, estresa kolpetik eta intentsitate handiz agertzen denean, azido abszisikoaren menpeko beste bide batek eragiten du, leghemoglobina/oxigenoak parte hartzen duen bideak.

Ondoren, nitrogenoa finkatzen oxigeno-motek izan dezaketen inplikazioa neurtzeko, azido askorbikoa eman zien lekaleei bide exogeno bat erabilita. Azido askorbikoa antioxidatzaile naturala da. Tratamendu horrek, landareen proteina-edukian eragin positiboa izan zuen. Era berean, noduluetako karbonoaren eta nitrogenoaren metabolismoan parte hartzen duten entzimak berreskuratu zirela ikusi zen.

Gainera, azido askorbikoa emanda nitrogenoaren finkatzea ez zen kaltetu; beraz, ezin dira oxigenoaren espezieak nitrogenoaren finkatzearekin erlazionatu. Hortaz, testuinguru horretan, nitrogenoa finkatzean gertatzen den galera noduluetara karbono gutxiago iristen delako gertatzen da, sakarosa sintasaren aktibitatea eragozten delako alegia.

Ondorioz, nitrogenoa finkatzean izaten den galera prozesu konplexuen menpeko da, eta ikerketa gehiago behar dira pertzepzioan eta transdukzioan eragiten duten erregulazio-mekanismoak ezagutzeko.

Informazio osagarria

  • , Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: