#GaiNagusiak

Fulerenoak: marruskaduraren aurka gainazalak optimizatzeko

Noiz argitaratua: 05/01/24 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Fisika, Kimika eta Matematika #Teknologia

Tekniker zentro teknologikoa FOREMOST proiektuaren kontratuko negoziazioak bukatzen ari da Europako Batasuneko Batzordearekin. FOREMOST proiektuak fulerenoen erabileran oinarritutako ingeniaritza segurua garatu nahi du marruskadura jasan behar duten gainazalak optimizatzeko.

Tribologiaren arazoari aurre egiteko, bi estrategia zeuden orain arte: marruskadura hobetzea edo materialen higadura txikiagotzea. Bi alderdi horiek batera hobetzea da FOREMOST proiektuaren helburua, eta, horretarako, fulereno inorganikoak erabiliko dituzte. Fulerenoak itxura esferikoa duten konposatuak dira, eta, kasu honetan, molibdeno bisulfuroa eta wolframio bisulfuroa erabili dituzte esfera-itxurarekin. Lubrifikatzaile solido ezagun horien esferek, tipulak bezala, geruzak izaten dituzte. Geruza horiek nanometro gutxi batzuetako diametroa izaten dute, eta nanokojinete funtzioa betetzen dute elkarrekin kontaktuan dauden gainazalen artean.

Fulereno inorganiko horiek hiru produktu-familiatan erabiltzeko asmoa dute:

- Geruza gogorretan: fulerenoek egonkortasun termiko hobea dute bisulfuroek baino.

- Geruza polimerikoetan eta margoetan: produktu horietan fulerenoak gehituta, gainazaletan pilatutako ura errazago kentzeko aukera egongo da (hori, batez ere, aeronautikaren sektoreari interesatzen zaio, ura azkar desagerraraziz izotzak egituran eragiten dituen kalteak saihestu ahal izango dituztelako).

- Lubrifikatzaileetan (olio eta koipeak): higadura-koefizientea txikitzeko eta karga-erresistentzia handitzeko.

Partzuergoa Ion Bond, Microcoat, Fuchs Petrolub, Spolchemie, Nanomaterials, Renault, EADS, Rolls-Royce eta Goodrich empresek osatzen dute, beste hainbatekin batera. Gure ingurukoen artean Ikerketa Zientifikoetarako Kontseilu Goreneko Materialen Zientzia Institutuak eta Fatronik zentro teknologikoak ere hartuko dute parte.

Aurreikusitako egutegiaren arabera, proiektu hori 2004ko martxoan hasiko da, eta 2008ko irailean amaituko. Tekniker proiektuaren koordinatzailea izango da, eta, guztira, 13 herrialdetako 31 erakundek hartuko dute parte.

Itziar Cenoz

Egilea: Itziar Cenoz (IK4-Tekniker)

Laguntzailea: