#GaiNagusiak

Sopranoen ahots-mekanismoak ezagutzen

Noiz argitaratua: 04/12/09 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Teknologia

Soprano lirikoen eta liriko arinen ahotsen oinarri fisiologikoak ezagutzeko ikerketa bat egin dute Nafarroako Unibertsitate Klinikan. Horretarako, parametro aerodinamikoak izan dituzte kontuan. Lan hori Maria Uzkanga doktoreak egin du bere doktoretza-tesian, ahots-laborategia baliatuta.

Ikertzaileak 19 soprano lirikoren eta liriko arinen abesteko modua aztertu du abesten denean ahotsaren emisioan parte hartzen duten mekanismo fisiologikoak zehazteko. Maiztasun ertainak, altuak eta altuen gainetik daudenak ikertu dituzte batez ere, eta, baita passagiokoak ere, hau da, erregistro batetik bestera igarotzean egiten direnak. Horregatik, sopranoei aurrez ezarritako ariketa batzuen arabera abesteko eskatu zitzaien.

Soprano lirikoen ahots-mekanismoak ikertzen dituen lehenengoetako ikerketa izan da hau. Erregistratu diren parametro aerodinamikoak fluxu fonatorioa eta airearen presioa izan dira. Hain zuzen ere, maiztasun eta intentsitate jakin batzuetan abestean ahots-kordetatik pasatzen den airearen presioa neurtu da. Ikerketa horretan, erregistro bakoitzaren mekanismo fisiologikoa zehaztu nahi izan da; batez ere, erregistro altuen gainetik dagoen erregistroarena.

Ondorioak

Sopranoek abesteko erabiltzen dituzten erregistroen informazio osatua eskaintzen du ikerketa-lanak. Horrela ikusi da nota altuen gainetik dagoen erregistroa ere erabiltzen dutela, orain arte ia ezezaguna zen erregistroa. Gainera, ikerketa-metodologia eraginkorra izateaz gain, ez da erasokorra izan, eta, beraz, kantu-irakasleentzat baliagarria izan daiteke ahotsaren mekanismoak ulertzeko. Ez da ondo abesten ikasteko erreminta bat, baizik eta erregistro bakoitzean indartu beharreko elementuak zein diren jakiteko erreminta. Horrela, ahotsa gaizki erabiltzea saihets daiteke eta, ondorioz, lesioak izateko arriskua ere gutxitu egiten da.

Otorrinolaringologiako espezialisten arabera, lan horrekin, abesten denean ahotsaren fisiologia eta fisiopatologia ikertzeko aukera izan da, ahots-arazoak ikertzeko erabiltzen diren azterketa akustiko eta aerodinamikoak erabilita.

Jesús Zorrilla Ruiz

Egilea: Jesús Zorrilla Ruiz (Clínica Universidad de Navarra)

Laguntzailea: