#GaiNagusiak

Gidariak logura diren aztertzeko sistema

Noiz argitaratua: 04/11/29 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle-talde batek gidarien garuneko uhinak aztertzen dituen gailu bat aurkeztu du Automozioaren inguruko XVIII. jardunaldi teknikoetan.

Gidari profesionalek ordu asko igarotzen dituzte bolantearen aurrean, eta haientzat benetan interesgarria suerta daiteke logurari antzemateko sistema berria . Izan ere, errepideetan gertatzen diren istripuen % 1 logurak eragindakoa dela uste da.

Esan bezala, sistema berria Automozioaren inguruko XVIII. jardunaldi teknikoetan aurkeztu da. Hain zuzen ere, edizio honetan jardunaldia automobileko segurtasunari buruzkoa izan da.

Industria-ingeniaritzako sei ikasle horiek diseinatutako gailua garuneko uhinen azterketan oinarritzen da.

Uhinen azterketa PDA batean

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek aurkeztutako sistemak gidarien garuneko uhinak aztertzen ditu. Uhinak banan-banan aztertzen dira, eta, ohiz kanpoko portaeraren bat sumatzen bada, horrek esan nahi du gidaria lo hartzen ari dela. Beraz, gailuak horren berri ematen du istripua gertatu aurretik.

Garezurrean kokatutako sentsore magnetiko batzuen bidez, gailuak informazioa PDA batera bidaltzen du. PDA poltsikoko ordenadore txiki bat da, eta, uhin-mota aztertu ondoren, horren arabera jokatzen du. Sentsoreak txapel batean kokatzen dira, garezurrari presioa egiteko. Txapel horren atzealdean, pisu gutxiko gailu txiki bat jartzen da, eta gailu hori da, hain zuzen ere, sentsoreen informazioa jaso eta PDAra bidaltzeaz arduratzen dena. Bien arteko konexioa irrati-frekuentzia bidez gertatzen da, kable bidezko konexioa arriskutsua suerta baitaiteke istripuren bat gertatuz gero.

PDAk iristen den informazioa aztertzen du, eta uhina normala den edo, alderantziz, gidaria lo hartzen ari den ikusten du. Bigarren kasu horretan beste gailu batzuk jarri beharko lirateke martxan, eta horien helburua litzateke gidaria esnatu, egoeraren berri eman edo ibilgailua bidetik ateratzea. Baina hori guztia ez dute garatu.

Lankidetza neurologoekin

Industria Ingeniaritzako ikasleek Unibertsitate Klinikako neurologoen laguntza izan dute proiektua egiteko. Haiek bideratu zituzten ikasleak garuneko uhinak aztertzera. Lan horretatik ikusi dute bost uhin-mota daudela, anplitudearen eta frekuentziaren arabera. Pertsona bat lo geratzen ari denean, garuneko uhin horien anplitudea handituz doa eta frekuentzia, aldiz, txikituz. Alfa eta theta uhinen arteko trantsizioan pertsona logale da. Eta une horretan gailua martxan jarriko litzateke.

Gailu horrek gutxi gorabehera 4.500 euro balio du; beraz, gaur egun oraindik oso garestia da. Automobil-gidari batentzako, adibidez, gehiegizkoa izan daiteke; ez ordea, gidari profesional batentzat, kamioi edo autobus batek balio duenarekin alderatzen badugu. Beraz, gailua bereziki mota horretako gidarientzako da egokia.

Merkatuan badira logura detektatzeko beste sistema batzuk. Adibidez, begien edo buruaren mugimendua kameren bidez aztertzen duten sistemak. Begiek asko kliskatzen dutenean, gidaria oharkabetzen denean edota burua okertzen duenean aktibatzen da sistema. Dena den, ikasleek garatutako sistema berriak badu abantaila bat: logura beste sistemak baino lehenago detektatzen du, sintomak azaldu aurretik, hain zuzen ere.

Dagoeneko merkatuan daude sentsoreak, baina, esan bezala, oso garestiak dira oraindik.

Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: