#GaiNagusiak

Osagai mekanikoen forjatze-prozesuan material nanoegituratuak erabiltzeak dituen abantailak agerian utzi dituzte

Noiz argitaratua: 14/02/28 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Teknologia
 Daniel Salcedo Perez

Daniel Salcedo Pérez industria-ingeniariak material nanoegituratuak erabiliz eginiko osagai mekanikoen forjatze-prozesua aztertu du bere doktore-tesian. Zehazki, zenbait elementu mekaniko (gurtesiak eta engranajeak) forjatzeko matrizeak eraiki ditu. “Osagai funtzional nanoegituratu horiek akatsik gabe fabrikatu dira, orain arte ez bezala”, azaldu du ingeniariak. Bere ikerketan, zeina Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin baitu, forjaketa isotermoan zentratu da, hau da, ohiko forjaketak baino tenperatura altuagoak erabiltzen dituen forjaketan. “Abantaila hauek ditu, besteak beste: tenperatura hobeto kontrolatzen da prozesuan zehar, forjatutako piezek propietate tekniko hobeak dituzte eta energia gutxiago xahutzen da, aurreformak tenperatura txikiagoan berotu behar baitira”.

Ohiko forjaketa-prozesuarekin ere konparatu du forjaketa isotermoa, egitura submikrometrikoa eta/edo nanometrikoa duten elementu mekanikoak lortu ahal izateko. “Fabrikatutako osagai bakoitzean, forjaketa-kondizio onenak zehaztu dira (tenperatura eta tratamendu termikoak), mikrogogortasuna eta mikroegitura analizatuta”, azaldu du.

Daniel Salcedo Pérezen ikerketari esker, frogatua gelditu da material aurredeformatuak forjatuz lortutako osagai mekanikoen mikrogogortasuna “askoz handiagoa dela material suberatuekin fabrikatutakoena baino; hain zuzen, % 50 -% 70 handiagoa fabrikatutako osagai mekanikoetan, abiapuntu gisa erabilitako materialarekin, material suberatuarekin, alderatuz gero”. Ildo horretatik jarraituz, argi geratu da forjaketa isotermoa erabili denean fabrikatutako osagaien forjagarritasuna eta propietate mekanikoak hobeak direla ohiko forjaketa erabili denean baino.

Daniel Salcedok Industria Ingeniaritzako ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoan (2009), eta bizkortze mekanikoan espezializatu zen. Horrez gainera, unibertsitate bereko Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzan doktorea da. Gaur egun, irakasle laguntzailea da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Mekanikoa, Ingeniaritza Energetikoa eta Materialen Ingeniaritza Sailean. Bi patenteren egilea da, eta erakunde publikoek diruz lagundutako hiru ikerketa-proiektutan hartu du parte. Horiez gain, nazioarteko zientzia-aldizkarietan hamazazpi artikulu argitaratu ditu, eta nazioarteko hamabost bat kongresutan parte hartu du.

  • Erreferentziak:

    D. Salcedo, C. Luis, I. Puertas, J. León, J. P. Fuertes, R. Luri. 2013. "Analysis on the Manufacturing of an AA5083 Straight Blade Previously ECAE Processed". Advances in Materials Science and Engineering, Volume 2013 (2013). http://dx.doi.org/10.1155/2013/673247 http://www.hindawi.com/journals/am

  • Interneteko helbidea:

    www.unavarra.es/actualidad/berriak?contentId=179325

Informazio osagarria

  • Daniel Salcedo Perez, Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: