#GaiNagusiak

TECNALIA, estatuko ikerketa aplikatuko talde pribatu handiena

Noiz argitaratua: 04/07/08 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak

2003an, Espainian ikerketa aplikatua egiten zuen talde pribatu handiena izendatu zuten TECNALIA –AZTI, ESI, INASMET, LABEIN, ROBOTIKER ETA LEIAk osatutako korporazio teknologikoa-. 70 milioi euro fakturatu zituen, eta 1.100 ikertzailek baino gehiagok egiten dute lan korporazioan.

I+G-ko VI. esparru-programak korporazioak aurkeztutako 56 ikerketa-proiektu baino gehiago onartu zituen, eta 13 milioi euro inguru eman zizkion. Proiektu horiek gaur egungo gizarte- eta teknologia-alorrekin dute zerikusia, adibidez, bioteknologia, nanoteknologia, mikroenergia, wireless (haririk gabeko komunikazioa), aeronautika eta elikagaien segurtasuna eta kalitatea.

Horrez gain, azken bi urteetan TECNALIAk industriako eta ekonomiako 18 sektoretan parte hartu du 36 teknologia ezberdinetako 350 aplikaziorekin baino gehiagorekin.

2002-2006 Plan estrategikoko ardatzei jarraituz, TECNALIAk lau sektore-unitate sortu zituen 2003an. Unitate horiek Automozio, Energi, Galdaketa eta Itsasoko sektoreei zuzenduak daude, eta korporazioko kideen aukerak eskaintzen dizkiete horiei.

Bestalde, 2003an, TECNALIAk hiru unibertsitaterekin sinatu zituen akordioak: Euskal Herriko Unibertsitatea, Madrilgo Carlos III unibertsitatea eta Txileko Pontificia Unibertsitate Katolikoa. Era berean, Zientzia Ikerketen Goi-kontseiluarekin negoziatzen hasi zen, eta aurtengo otsailean kolaborazio-akordio bat sinatu zuten.

TECNALIAren emaitzen artean, aipatzekoak dira 2003an automozioko euskal klusterrarekin (Acicae) eta telekomunikazio-klusterrarekin (Gaia) sinatu zituen akordioak.

Urte berean, TECNALIAk Europako Teknologia eta Ikerketa Erakundeen Elkartean (ETIEE) sartzea eskatu zuen, eta orain dela gutxi onartu dute. ETIEEk munduko I+G-ko korporazio eta elkarte nagusiak biltzen ditu.

TECNALIAk 2003an hasitako ekimen teknologiko nagusien artean, bi dira aipatzekoak: Nobatek eta Xpin.

Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: