#GaiNagusiak

Koltza oinarri duten pentsuak erabiliz gero, % 13 berotegi-efektuko gas gutxiago isuriko litzateke

Noiz argitaratua: 14/02/25 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Ingurumena
 Koltza - Arkaute

Abereak elikatzeko koltzaz egindako opilak erabiliz gero, % 13 metano eta karbono dioxido gutxiago isuriko litzateke, Life-Seed Capital proiektuaren baitan Neiker-Tecnaliak egin duen ikerketaren lehen emaitzen arabera. Zehazki, ganadua elikatzeko landare oleaginoso hori erabilita, % 6 eta % 13 artean gutxitu daitezke metano-isurketak, eta % 6,8 eta % 13,6 artean karbono dioxidoarenak.

Oleaginoso-prestakin horiek abere hausnarkarien dietan sartzeak % 4,4 eta % 10,1 artean hobetzen du materia organiko digerigarriaren eraginkortasuna, eta jandakoaren hartzidura % 6,2 eta % 11,8 artean gutxitzen du, betiere digeritzeko erraztasunari erasan gabe. Koltza-opila, ‘opil koipetsu’ ere deitua, bere olioa ateratzeko landarea zapaldu ondoren lortzen den azpiproduktua da.

Life-Seed Capital proiektuak Europar Batasuneko Life+ programaren diru-laguntza jasotzen du, eta Neiker-Tecnalia nekazaritzako ikerketa eta garapeneko euskal erakundea eta CEMITEC industria-teknologien diziplina anitzeko zentroa dira proiektuaren buruak. Proiektuak koltzaren erabilera sustatu nahi du, produktibitatea hobetzeko eta berotegi-efektuko gas gutxiago isurtzeko.

Landare-mota hori erabiltzeak abantaila asko ditu. Batetik, landatutakoaren txandaketari dagokionez, zerealen emankortasuna zein lurzoruaren egitura hobetzen ditu. Bestetik, behin uzta bilduta, koltza bioerregai gisa ere erabili daiteke, proportzio ezberdinetan dieselarekin nahasita. Prozesu horretan baztertzen den produktua animalia-pentsuak egiteko erabili daiteke, eta, hala, abeltzainarentzat kostu txikiagoa izango luke, eta berotegi-efektuko gas gutxiago isuriko litzateke.

Milioi bat euroko aurrekontua

Neiker-Tecnaliaren proiektua Europar Batzordearen LIFE+ programak aukeratu du, 2012ko deialdian jasotako 1.150 ekimenen artetik. Aurrekontua 1.024.000 euro da; horietatik 512.000 Europar Batasunak finantzatuko ditu, eta gainerakoa Eusko Jaurlaritzak eta CEMITECek, proiektuan Neiker-Tecnaliaren bazkide gisa diharduenak.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Neiker-Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, Neiker-Tecnalia
  • Koltza - Arkaute, Neiker-Tecnalia
  • Ganadua, Neiker-Tecnalia
Iranzu Telletxea

Egilea: Iranzu Telletxea (NEIKER-Tecnalia)

Laguntzailea: