#GaiNagusiak

Autoak birziklatzen

Noiz argitaratua: 04/04/22 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Ingurumena
 None

Urteetan hainbat bazterretan ikusi ditugun auto zaharren biltegiak desagertzera doaz. Ibilgailuak eta horien osagaiak birziklatzea da etorkizuneko bidea. Horixe da Europako Batasunaren araudi berriaren ondorioa. 2002ko abenduan jarri zen indarrean lege berria estatu espainiarrean. Aurtengo otsailean Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak agindua eman zuen, eta, horren ondorioz, ibilgailuen jabeek suntsitze-ziurtagiri bat lortu beharko dute autoari baja eman ahal izateko. Hemen, Euskal Herrian, autoak birziklatzen dituen lehena, momentuz, Sestaoko Car Recycling enpresa da.

Europako Batasunak erabili ezin daitezkeen ibilgailuen gainean onartu berri duen legediak debekatu egingo du laster autoak tratatu gabe uztea. Autoak ezingo dira nonahi pilatu, eta piezak, likidoak eta gas poluitzaileak kendu egin beharko zaizkie suntsitu aurretik.

2006. urterako ibilgailuen osagaien % 85 birziklatzea eta % 5 energia bihurtzea, horixe da Europako Batasunaren apustua. Europako ibilgailuak desegiteko leku gehienetan, autoak aire zabalean egoten dira nolanahi. Lurra eta ingurunea poluitzea eragotzi nahi dute araudi berriarekin, baina baita lehengaia eta energia aurreztea ere.

Euskal Autonomia Erkidegoan urtero 50.000 ibilgailu inguru baztertzen dira. Europa osoan 150 bat milioi dira guztira. Duela urtebete hasi zen Sestaoko Car Recycling araudi berria aplikatzen. Iaz 2.000 ibilgailu tratatu zituzten; aurten, berriz, 6.000 egin nahi lituzkete. Eta, 2005etik aurrera, urtero 9.000 tratatzea espero dute.

Car Recycling-ek autoak hartzen dizkie, bai auto-saltzaileei, bai udalei, baita herritarrei ere. Garabiek 40.000 kilo inguru txatarra garraiatzen dituzte lehenbizi zatikatzeko makinara eta gero altzairutegira. Sestaoko ACB altzairutegiaren ondoan du, hain zuzen ere, Car Recycling-ek egoitza.

Osagai poluitzaileak bereizi eta piezak sailkatu

Garabiak iritsi orduko, ibilgailuak desegin, osagai poluitzaileak bereizi eta piezak sailkatzeari ekiten diote beharginek. Hiru langune prestatu dituzte, ibilgailuen egoeraren araberako guneak. Plastiko-puskak eta gurpilak, oraingoz, zabortegira eramaten dituzte, baina etorkizunean birziklatze integrala egitea da enpresaren helburua. Ibilgailua pisatu ondoren ekiten zaio prozesuari. Lehenbizi deskontaminatu egin behar da autoa: gurpilak, plastikoak eta bateria kendu behar zaizkio; gero, olioa, izotz-kontrakoa, balazta-likidoa eta erregaia xurgatu behar zaizkio; eta gauza bera egin behar da airea egokitzeko sistemaren eta air-bagaren gasekin. Hori guztia bildu eta hondakinak tratatzeko baimena duten enpresen esku jartzen da.

Ondoren, pieza guztiak banan-banan kendu eta sailkatu egiten dira, gero berrerabiltzeko. Motorreko pieza guztiak, abiadura-kaxak eta abar berrerabili egiten dira, birfabrikatu egiten dira. Erdialdeko Europan oso hedatuta dago hori. Auto berrietan erabiltzen dira pieza birfabrikatu horiek.

Pieza guztiak kendutakoan, piezak bide bat edo beste bat hartuko du, erabiliko den merkatuaren arabera. Merkatu horietako bat inguruko tailerrek eta autoak desegitekoek osatzen dute, auto zaharrentzat mekanika?piezak edota autoen periferikoak hartzen dituztenak. Kaskoen merkatua da beste bat; birfabrikatzaileengana doazen pieza handiak dira, haiek berriro fabrikatu eta ordezko pieza gisa sal ditzaten. Eta hirugarren merkatua garatze-bidean dauden herrialdeak dira; ordezko piezak edota zuzenean bigarren eskuko autoak kontsumitzen dituzte, ia modelo guztietako piezak, motorrak, alternadoreak, etab.

Behin pieza guztiak kenduta, gelditzen dena txatarretarako bideratzen da. Garabiak autoak banaka-banaka hartzen ditu eta autoak zanpatzeko makinan sartzen ditu. Hor, behin eta berriro zanpatzen da autoa, pakete trinko bat egitea lortzen den arte. Zapal-zapal eginda dagoenean, besteekin batera pilatzen da, eta hortik beste lantegi batera eramaten da altzairua egiteko.

Laster Sestaoko lantegiaren moduko zentroak zabalduko ditu Car Recycling enpresak Gipuzkoan eta Araban, baita estatuko beste zenbait tokitan eta Portugalen ere. Guztira 40 bat lantegi egingo dira.

Europako leku batzuetan fabrikatzaile batzuk hasita daude dagoeneko piezak beste era batera egiten, gero birziklatze-prozesua errazteko. Automobilgintzan une honetan 22 plastiko erabiltzen badira, gero 2 edo 3 plastiko-mota bakarrik ekoitzi eta erabiliko lirateke. Gainera, diseinuak ere aldatzen ari dira, autoak errazago desmuntatu ahal izateko.

2015erako ibilgailuen osagaien % 95 birziklatu beharko da Europako Batasunaren araudiaren arabera.

Informazio osagarria

  • , Elhuyar Fundazioa
Basque Research

Egilea: Basque Research (Elhuyar Fundazioa)

Laguntzailea: