#GaiNagusiak

Trenen ordutegia? Galdetu makinari

Noiz argitaratua: 03/10/10 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Informatika #Teknologia
 None

Robotak, hitz egiten duten makinak, guk esandakoa ulertzen duten erantzungailuak... ohikoak izango dira gure bizitzan hemendik gutxira. Hain zuzen ere, hizketa ezagutzeko gai den sistema bat garatzen ari dira Euskal Herriko Unibertsitatean. Ikerketa horretan, Zaragoza eta Valentziako unibertsitateekin ari dira lanean eta trenen informazioa eskatzen duenari automatikoki erantzungo dion makina bat garatu nahi dute.

Sistemak, beraz, informazioa eskatzen duen pertsonaren ahotsa ezagutu, esandakoa ulertu, datuak bilatu eta erantzun bat emateko gai izan behar du; horretarako, makinak ahotsa sortuko du.

Hizketaren ezagutza

Lehenengo pausoan hizketa ezagutu behar da. Horixe da EHUko taldearen zeregina. Horretarako, lehenik, erabiliko den hizkuntzak dituen fonema guztien bilduma osatu behar da; kasu honetan, gaztelaniaren fonemen bilduma egin behar da. Izan ere, hizketa ezagutzeko fonemak oinarrizko unitateak dira.

Ondoren, fonema horiei ahoskatzeko moduen informazioa eta koartikulazioaren informazioa gehitzen zaie. Izan ere, fonema bat ezberdin ahoskatzen da aurretik edo atzetik datorrenaren arabera, eta horri koartikularioa deritzo. Horretaz gain, testuinguruaren arabera egon daitezkeen aldaerak ere kontuan hartzen dira. Guztiarekin, fonemen eredu bat eraikitzen da.

Bigarren pausoan, hizkuntzaren eredua osatzen da; testuinguru horretan erabiltzen den hizkuntzaren eredua. Hau da, norbaitek trenen inguruko informazioa eskatu behar badu, ziurrenik, hitz batzuk eta esaldi-mota jakin batzuk erabiliko ditu. Hau da, testuinguruak hizkuntzaren aberastasuna murrizten du, eta, beraz, ez da beharrezkoa makinak, esaterako, aeronautikako hitzak kontuan izatea, ez baitira galderetan sekula erabiliko.

Ondoren, fonemen eredua eta hizkuntzaren eredua bateratu egiten dira eta, gainera, bat-bateko hizketaren ezaugarriak eransten zaizkio; hala nola, hitz batetik bestera egiten ditugun hutsuneak, zentzurik gabeko soinuak, errepikapenak eta abar ulertzeko informazioa gehitzen zaio.

Eredu horiekin guztiekin, programa informatiko bat garatu dute EHUn. Programa horrek, laginketetan jasotako ahotsen eta galdetzeko moduen azterketa estatistiko bat kontuan izanda, kasu bakoitzean erabiltzaileak eskatzen duena interpretatzen du eta, beraz, hizketa ulertzen duela esan daiteke.

Azkenik, EHUko sistema gainerako unitateekin bateratzen da, hau da: elkarrizketa kudeatzen duenarekin, eskatutako datuak bilatzen dituenarekin, erantzuna sortzen duenarekin, ahotsa sintetizatzen duenarekin eta informazioa bidaltzen duenarekin. Izan ere, funtzio horiek betetzen dituzten unitateak Zaragozan, Valentzian eta Leioan daude banatuta, eta, ondorioz, informazio-kantitate handiak bidaltzen dira batetik bestera, guztia denbora errealean.

Beraz, sistemak informazio-andana azkar garraiatzeko segurua izan behar du. Gainera, sistema banatua izateak badu beste ezaugarri positibo bat: modularra da. Horrela, noizbait unitateren batek akatsen bat izanez gero, nahikoa da unitate hori konpontzea edo aldatzea.

Informazio osagarria

  • , Elhuyar Fundazioa
Basque Research

Egilea: Basque Research (Elhuyar Fundazioa)

Laguntzailea: