#GaiNagusiak

'Oroitzapen faltsuak', gure memoria onaren ezkutuko aurpegia

Noiz argitaratua: 14/02/05 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Hizkuntzalaritza #Osasuna
 Kepa Paz-Alonso

Justiziak konfiantza itsua du giza memorian. Mundu osoan ehunka mila prozesu judizial ebazten dira oinarri bakar gisa aurretik bizi izandako gertaera bat zehatz mehatz errepikatzen duela zin egiten duen pertsona baten lekukotza hartuta. Hala ere, neurozientzia kognitiboari buruzko zenbait ikerketak agerian utzi dute ahulguneak eta indarguneak dituela giza oroimenak.

Prozesu kognitibo bat da memoria, hizkuntzarekin oso lotua dagoena. Hizkuntza-jarduera bat gauzatzean —esate baterako, elkarrizketa bat edukitzean— giza garunak egiten duen zeregin nagusia prozesamendu semantikoa da.

Zeregin horretan, entzuten dituen hitzak lehendik ezagutzen dituenekin alderatzen ditu garunak, haien esanahia ulertzeko. Prozesamendu semantiko hori ezinbestekoa da oroitzapenak gure garunean gordetzeko, eta hitzak ezagutzen, eta izenak eta gertaerak memorizatzen laguntzen digu. Baina, guztiok dakigunez, prozesu horrek ez du beti ongi funtzionatzen. Batzuetan, zehaztasun faltak oroitzapen faltsuak sortzen dizkigu.

Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroko ikertzaile Kepa Paz-Alonsok berriki Journal of International Neuropsychological Society eta Schizophrenia Research aldizkarietan argitaratu dituen bi artikuluk frogatu dutenez, ondoren hitz horiek ezagutzeari loturiko prozesamendu semantikoa ez da hain eraginkorra haurretan eta eskizofrenia duten helduetan, beste helduekin alderatuta. Horretaz gain, bi ikerketetan frogatu dute haurrek joera gutxiago dutela oroitzapen faltsuak sortzeko, eta antzeko zerbait gertatzen dela eskizofrenia duten helduekin.

Desberdintasun horren arrazoietako bat izan daiteke haurrek ez dutela helduek bezain automatizatua eta garatua prozesamendu semantikoa. Izan ere, helduen garunak, memoriarekin lotutako garuneko erregioen arteko konexioak errepikatzearen poderioz, mekanizatu egin du informazio berria gordetzeko hura modu semantikoan erlazionatzeko prozesua. Hala ere, Paz-Alonsoren ikerketek frogatu dutenez, prozesu horretan oroitzapen faltsuak sortzeko joera handiagoa du helduen garunak haurrenak baino.

Honela azaldu Paz-Alonsok berak: “Heldu osasuntsuetan 'oroitzapen faltsuak' sortzen dituzten prozesu horiek berak dira pertsona horiek memoria hobea izatearen erantzuleak. Efektu hori ez da memoriaren akats bat, baizik eta gure memoriaren eskuzabaltasunagatik ordaindu beharreko prezioaren ondorioetako bat; txanpon beraren bi aldeak dira, eta horiek ikertuz hobeto ulertuko dugu nola funtzionatzen duten gure memoriak eta hura sostengatzen duten garun-mekanismoak.”

Haurren ikerketari dagokionez, Paz-Alonsok erresonantzia magnetiko funtzionaleko teknikak erabiliz neurtu zuen 8-9 urteko haur batzuen eta heldu batzuen memoria. Eskizofrenia duten pertsonei dagokienez, asaldura psikiatrikorik gabeko helduekin konparatu ziren. Haurrekin erabilitako teknika bertsuak erabili ziren, baina teknika konduktualak erabili zituzten, eta ez zuten eskanerrik erabili.

Informazio osagarria

  • Kepa Paz-Alonso, GUK
Javier Urtasun

Egilea: Javier Urtasun (Guk)

Laguntzailea: