#GaiNagusiak

NUPko ikertzaile batzuek kontsumo ultratxikiko txip bat garatu dute

Noiz argitaratua: 14/01/10 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Teknologia
 Antonio López (ezk.) eta Iñigo Cenoz (esk.)

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile batzuek diseinu berriko bihurgailu analogiko/digital bat baliatu dute garatu duten txip batean; kontsumo ultratxikiko txip bat da, zeinak ohiko bonbilla batek baino 50 milioi aldiz gutxiago kontsumitzen baitu. Kontsumo txiki hori dela eta, gailua ingurunetik hartzen duen energia txikiarekin elika daiteke (argia, bibrazioak, tenperatura-aldaketak eta abar). Hala, pilarik behar ez denez funtzionatzeko, energia-autonomia lortzen da.

Ikerlanaren egileak Antonio López Martín eta Iñigo Cenoz Villanueva dira, eta artikulu onenaren saria lortu du 7th International Conference on Sensing Technology (ICST) biltzarrean, Wellington-en (Zeelanda Berria), iragan abenduan. Sentsore-teknologiaren eta horren aplikazioen arloko nazioarteko foro nagusietako bat da, eta azken edizio horretan 38 herrialdetako 188 artikulu aurkeztu ziren.

Saritutako lanaren abiapuntua Iñigo Cenoz Villanueva telekomunikazioetako ingeniaritzako ikaslearen ikasketa-amaierako proiektua izan zen, zeina Antonio López Martínek —Ingeniaritza Elektrikoa eta Elektronikoa Saileko katedratikoa eta Industria eta Telekomunikazio Ingeniarien Goi Eskola Teknikoko zuzendariordea— gidatu baitzuen.

Garatutako gailuaren aplikazio nagusia haririk gabeko sentsore-sareak dira. Sare horiek funtsezko bi elementu dituzte: sentsore-nodoak, zeinak inguruneko eta banakoaren parametroak detektatzen baitituzte (tenperatura, hezetasuna, erritmo kardiakoa, presentzia eta abar); eta eragingailuak, zeinak ekintzak eragiten baitituzte (gailuak piztu/itzali, estimulu neurologikoak sortu eta abar). Sentsoreak eta eragingailuak elkarrekin eta beste sare batzuekin (esate baterako, Internetekin) komunikatzen dira, irrati-uhinen bidez, haririk gabe. Askotariko aplikazioak dituenez, azken urteotan garrantzi handia hartzen ari den teknologia da.

NUPeko Komunikazioak, Seinaleak eta Mikrouhinak taldeko ikerketa-lerro horrek Berrikuntza Teknologikoaren XII. Talgo saria jaso zuen jada 2012an. Une hartan, saritutako proiektuaren helburua izan zen tren-ekosistemari adimena ematea, haririk gabeko kontsumo ultratxikiko sentsore-sareen bitartez, ahal denean tren-bagoietan eskura dagoen inguruneko energia baliatuta.

Erreferentzia

A. Lopez-Martin and I. Cenoz Villanueva, "An Ultra Low Energy 8-bit Charge Redistribution ADC for Wireless Sensors," in Proc. 2013 Seventh International Conference on Sensing Technology, Wellington, New Zealand, Dec. 3-5, 2013.

Informazio osagarria

  • Antonio López (ezk.) eta Iñigo Cenoz (esk.), Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: