#GaiNagusiak

Biocruces-eko ikertzaileek lupusak eragindako nefritisaren tratamendurako protokolo berria egin dute

Noiz argitaratua: 14/01/02 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna

Autoimmunity Reviews nazioarteko aldizkari zientifikoak online bertsioan aurreratu berri du BioCruces Ikerkuntza Sanitarioko Institutuko Gaixotasun Autoimmuneen Ikerketa Taldeak egindako ikerketa bat, zeinetan nefritis lupikorako tratamendu-eskema berria eman den jakitera. Protokolo berri horren ezaugarria da ahotik hartzen diren kortikoideen (prednisona) kantitate askoz txikiagoa erabiltzen dela. Izan ere, orain arte, dosi handiak eman izan dira, normalean. Emaitzek erakutsi dutenez, BioCruceseko ikertzaileek egin duten tratamendu-protokolo berriak tratamendu estandarraren eraginkortasun bera du gutxienez. Gainera, erantzun azkarragoa izatea lortu dute eta, era berean, glukokortikoideei loturiko eragin kaltegarriak nabarmen murriztu dira.

BioCruces Ikerkuntza Sanitarioko Institutuko Gaixotasun Autoimmuneen Ikerketa Taldearen arduradun Guillermo Ruiz-Irastorza doktoreak azaldu duenez, “nefritis lupikoak (lupus eritematoso sistemikoaren ondorioz giltzurruna handitzea) lupusa duten pazienteen %35 edo 40ri eragiten die. Gaixotasun autoimmunea da, eta bereziki emakumezko gazteek pairatzen dute; hain zuzen ere, gaixotasun organiko larrietan ohikoena da. Orain arteko tratamenduak oinarri du immunosupresoreen eta prednisona-dosi handien konbinazioa; oro har, miligramo bat pisu-kilo eta egun bakoitzeko, hau da, 50 edo 60 miligramo egunero”.

Doktoreak gogorarazi duenez, “ahotik hartzen diren glukokortikoideek eragin handia dute kalte organiko itzulezinean, bereziki osteonekrosia (hezurra suntsitzea), osteoporosiak eragindako hausturak, gandua eta gaixotasun kardiobaskularrak. Nolanahi ere, orain arte, betidanik onartu izan da prednisonaren erabilerari loturiko morbilitatea, giltzurruneko gaixotasuna arintzeko nahitaez ordaindu beharreko bidesaritzat”.

Eraginkortasun bera, denbora laburragoan eta toxikotasun txikiagoarekin

BioCruces Ikerkuntza Sanitarioko Institutuko Gaixotasun Autoimmuneen Ikerketa Taldearen azterlanean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Barne Medikuntza Zerbitzuko Gaixotasun Autoimmuneen Unitateko nefritis lupikoa zuten bi paziente-talde alderatu ziren: talde bati, tratamenduan, prednisona-dosi ertaina eman zitzaion (inoiz ere ez eguneko 30 miligramo baino gehiago), baina dosia azkar txikitu zitzaien, eta metil-prednisolona, ziklofosfamida eta hidroxiklorokina pultsuekin konbinatu zen; bigarren kontrol-taldeko paziente historikoak prednisona- eta ziklofosfamida-dosi handiak emanez tratatu ziren.

Ikertzaileak adierazi duenez, “protokolo berriari esker, pazienteetan erantzun azkar eta iraunkorragoa lortu zen, eta prednisona-dosi ertainak jaso zituzten banakoen artean %100ek gaixotasuna guztiz indargabetzea lortu zuten, eta dosi handiekin tratatutakoen %70ek lortu zuen hori. Nabarmentzekoa da bi taldeen artean prednisona-dosi metatuan %60ko aldea izan zela”.

Orobat, BioCruceseko ikertzaileek egiaztatu dutenez, “ondorio kaltegarri askoz gutxiago jasan dute kortikoide-dosi txikiagoekin tratatutako taldeko pazienteek, eta, gainera, paziente horietako inork ez du izan nekrosi abaskularrik, haustura osteoporotikorik edo estigma cushingoiderik (obesitatea, ‘ilargi betearen itxurako aurpegia’ edo larruazaleko ildoak). Zehazki, kortikoideei egotz dakiekeen toxikotasuna ikusi zen protokolo estandarraren bitartez (prednisona-dosi handiak) tratatutako pazienteen %67n; prednisona-dosi ertainekin tratatutako pazienteetan, ordea, soilik %7n antzeman zituzten nahi gabeko ondorioak”.

Guillermo Ruiz-Irastorza doktoreak nabarmendu duenez, “prednisona-dosi ertainak erabiltzen dituen tratamendu-pauta hori kortikoide-dosi handiak erabiltzen dituen tratamendu tradizionala bezain eraginkorra da gutxienez, nefritis lupikoaren tratamenduan. Gainera, protokolo berriak tratamenduari loturiko toxikotasun minimoa dakar. Beraz, azterlan horrek ateak irekitzen dizkio nefritis lupikoaren eta lupus eritematoso sistemikoaren bestelako agerpen larrien tratamenduan prednisona-dosi txikiagoen erabilerari”.

Erreferentzia bibliografikoa

Ruiz-Irastorza G., Danza A., Perales I., Villar I., Garcia M, Delgado S., Khamashta M. Prednisone in lupus nephritis: How much is enough? 2014. Autoimmun Rev. Feb;13(2):206-14. doi: 10.1016/j.autrev.2013.10.013

  • Oharrak:

    Artikulua otsailean argitaratuko da paperean, baina online bertsioa ikusgai dago dagoeneko

  • Interneteko helbidea:

    www.biocruces.com/

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, Biocruces
Darlis Bracho Tudares

Egilea: Darlis Bracho Tudares (BioCruces Health Research Institute)

Laguntzailea: