#GaiNagusiak

Duela 1.000 urteko mahastiak aurkitu dituzte Araban

Noiz argitaratua: 13/12/23 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Humanitateak
 Arabako Zaballa herri hustuaren airetiko bista (Iruña Oka)

Erdi Aroko herri bat izan zen Zaballa (Iruña Oka), XV. mendean abandonatu zutena. Lur horietan jaurerri-monasterio bat eraikitzeak herrixkaren antolamendua eraldatu zuen X. mendean, eta errentak biltzeko sistema garrantzitsu bat eratu zen; ondoren, benetako faktoria bilakatu zen, etxalde espezializatu bat, tokiko jauntxoen esku zegoena, zeinak, Gasteizen eta hori bezalako hiribilduen garrantzi ekonomikoaren babesean, ahalik eta onura ekonomiko handienak lortzen saiatu baitziren. Azkenean, herritarrek hiribilduetara “ihes” egin zutenean, herria abandonatuta geratu zen. Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateko arkeologoak dabiltza gure landa-ondarea berreraiki eta berreskuratu nahian, Zaballa eta hori bezalako hustutako beste leku batzuk aztertuz,

Zaballa da Araban ezagutzen diren 300 herri hustu baino gehiagotako bat; landa-eremu horiek garai historikoan abandonatu ziren, eta UPV/EHUko Ondare eta Kultura Paisaietako Ikerketa Taldearen ikerketa helburu dira orain. Talde horretako zuzendariak, Juan Antonio Quirós Castillok, Zaballaren eta, oro har, Arabako aztarnategien garrantzia azpimarratu du, horiek direlako penintsularen iparraldeko Erdi Aroko erregistro arkeologiko garrantzitsuenetako bat, Europako maila horretako leku bakanetako bat: “Kopurua garrantzitsua da, baina baita bertan proiektu honetan lanean daramagun hamarkadan dozena-erdi batean modu estentsiboan esku hartu izana”.

Erreferentziazko aztarnategia

Zaballa, gainera, argitalpen propioa duen Espainiako lehen herri hustua da, eta erreferentziazko aztarnategia da. Han egin diren aurkikuntza berrienak Quaternary International aldizkari entzutetsuaren zenbaki berezi batean argitaratu dira, besteak beste, X. mendeko terraza-erako lursailak —oraindik ere garbi ikusten dira paisaian—, mahastiaren laborantza intentsiborako baliatu zirenak. “Aztarnategietan aurkitutako hazien hondarren azterketa arkeobotanikoek eta polenen azterketek nabarmen utzi dute mahastiak lantzen zirela garai goiztiar samar hartan, X. mendean”, azaldu du Quirósek; ebidentzia horiei erabilera horretarako tresna metalikoak aurkitu izana gehitu behar zaie, eta nekazaritza-eremuen azterketa, “zeinak bai eraikitako nekazaritza-eremuen motagatik, bai han egindako nekazaritza-jarduerengatik, ez baitira bateragarriak zerealen laborantzarekin, eta bai mahastienarekin”, gaineratu du.
Aipatutako argitalpenean, Zaballan eta Zornoztegin (Agurain) egindako lan geoarkeologikoak biltzen dira; azken hori Arabako beste herri hustu bat da, XV. mendean abandonatu zena, eta hango terraza-erako lursailak, berriz, zerealaren laborantzarako erabili ziren.

Aurkikuntza horiek egiteko, indusketa arkeologikoko, laginketako eta azterketa geoarkeologikoko protokoloak baliatu dira, berritzaileak Espainian, zeinek aukera eman baitute lursail landatuak noizkoak diren jakiteko eta nekazaritza-zikloak aztertzeko. “Paisaiak induskatzea da aztarnategi bat induskatzea baino gehiago —azaldu du Quirósek—. Esan nahi baita, aztarnategiaren leku monumentalaren edo monumentalizatuaren kontzeptu tradizionala alde batera utzi leku horiek zer testuinguru zuten jakiteko”.

Zaballarekin alderatuta, “Zornoztegiren historia oso bestelakoa da —dio—, nahiz eta garai berdintsuan sortu zen. Askoz gizarte lauagoa da, eta han ez dira hautematen gizarte-alde nabarmenik, ez eta jauntxo-boterearen ondoriozko ekintzarik, nolabait gizarte baten orekari eraso egiten diotenak”.

Quirósentzat, mikrohistoria horiek iraganari begira irekitzen ditugun leiho txikiak dira, nolabaiteko prozesu historiko konplexuak zuzenean aztertzen laguntzen digutenak; “izan ere, horien bidez ikusi ahal izan da nola aldatu den nekazaritza-gizartea Erdi Aroko eta ondorengo aldaketa politiko eta ekonomiko aldakorretara egokitzeko”.

Gainera, ekoizpen-leku horiek analitikoki aztertzeak aukera ematen du historiako ikuspuntu tradizionalenak baztertzeko. Izan ere, horiek “Goi Erdi Aroko aldiak sinplifikazio teknikoko aldi gisa kontzeptualizatzen dituzte, aldi zekentzat harturik ikuspuntu ekonomikotik, konplexutasun sozial eta ekonomiko handia erakusten dutelako. Zehazki, azterketa horietan ikusi ahal izan da Euskal Herriko V.-VI. eta X.-XI. mendeetako zenbait monumentu garrantzitsuak direla gure paisaiak eraikitzeko”.

Ondare arkeologikotzat hartzea

Herri hustuak aztertuta, herriak sortzea eta gero abandonatzea eragin zuten fenomenoak ezagutu ez ezik, herri hustuak eraldatzeko eta degradatzeko prozesuak ulertzen dira batez ere. Horrenbestez, leku horiek ondare arkeologikoaren parte direla aldarrikatzen du Quirósek: “Gaur egun gure paisaia hurbilenetan oraindik ere ondo bereizten diren laborantza tradizionaleko eremuak esanahiz beteriko eremu historikoak dira, iraganeko gizarte-motak ulertzen laguntzen diguten guneak, eta orain arte jarri ez dugun arreta jartzea merezi dute”, dio amaitzeko. Izan ere, aztertu diren laborantza-eremuak urtez urte pixkanaka suntsitzen ari gara, nekazaritzako jardunbide mekanizatuen ondorioz, zeinek eragin suntsitzaile handia izan baitute eta baitute oraindik ere ondare “ikusezin” horretan.

 

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskeraz, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gazteleraz, UPV/EHU
  • Arabako Zaballa herri hustuaren airetiko bista (Iruña Oka), UPV/EHU
  • Arabako Zornoztegi herri hustuaren airetiko bista (Agurain). Eskuinaldean, elizaren indusketa-lanak ageri dira., UPV/EHU
  • Zaballako nekazaritza-ustiaketa (Iruña Oka). Laukizuzenen bidez adierazi da mikromorfologia-teknikak baliatuz aztertutako laginen kokapena (M1–M4)., UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: