#GaiNagusiak

Azken 25 urteetan, GIBa amarengandik umearengana transmititu den kasuak % 25etik % 2ra jaitsi dira Gipuzkoan

Noiz argitaratua: 13/11/29 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Osasuna
 Miren Alicia Apilánez Urquiola, ikerketaren egile eta mediku-ondokoa Donostia Unibertsitate Ospitaleko Pediatria Zerbitzuko Neonatologia Sailean

Gipuzkoan 1984tik 2011ra GIBaren bidezko infekzio pediatrikoak izan duen bilakaera ikertu dute UPV/EHUko ikertzaileek

Miren Apilánezek, UPV/EHUko Pediatria Saileko ikertzaileak, Gipuzkoan 1984tik 2011ra GIBaren bidezko infekzio pediatrikoak izan duen bilakaera aztertu du. Gaixotasunaren metodo diagnostikoen eta gero eta eraginkorragoak diren tratamenduen garapenari esker, amarengandik umearengana gertatzen den transmisioa murriztea lortu da (transmisio bertikala) % 23,9tik % 2,4ra, eta, beraz, ia erabat desagertu da infekzioa umearengan.

Transmisio bertikala gertatzen da GIBaz infektaturik dauden emakumeek beren ondorengoak kutsatzean. Infekzio hori hiru une edo faseetan gerta daiteke: Haurdunaldian, erditzean edo amarengandiko edoskitzean, «baina, egia esan, unerik larriena erditzean izaten da, haurra odolarekin edo baginako jariakinekin kontaktuan baitago», azaldu du ikertzaileak. «Haurdunaldian ere infekta daiteke, baina ez da ohikoa izaten karenak babesten baitu.» Edoskitzeari dagokionez, «infekzioa transmititzeko bide bat dela jakin denetik, herrialde garatuetan ez da gomendatzen», dio Apilánezek.

Ikerketan, Apilanezek GIBaz kutsatuta zeuden emakumeak eta haien 239 haur aztertu zituen, zeinak 1984 eta 2010 bitartean jaio ziren Gipuzkoan. 30 haur infektatu ziren birusarekin, eta 209 haurrek, aldiz, ez zuten harrapatu infekzioa bizitzako lehen hilabeteetan.

Lau aldi, lau egoera

Denboraren joanarekin, bilakaera bat hauteman zen Gipuzkoan, infekzioarekin erlazionatutako zenbait alderdiri dagokienez, hala nola transmisio-tasa bera, neurri diagnostiko-terapeutikoak ama-haurretan ezartzea, edota amek GIBaz infektatzeko bideak.

Hala, bada, Apilánezek lau aldi zehazten ditu, neurri diagnostiko-terapeutikoen ezarpenaz bereiziak. 1984tik, lehengo haurra diagnostikatu zen urtetik, 1994ko martxora bereizten du lehen aldia. Apilánezek aldi hori «baliabide urriko aldia, terapia eraginkorrik gabea» moduan definitzen du.

1994ko martxoan, mundu mailan argitaratu ziren ACTG076 izeneko protokoloaren emaitzak, non baieztatu zen haurdunaldian eta erditzean AZT antirretrobirala emateak transmisio bertikala murrizten zuela. Protokoloak ezartzen du tratamendua haurdunaldian eman behar dela, amaren egoera immunobirologikoa hobetzeko. Horrela, karga biral ia hautemanezinarekin iristen da erditzera, eta, ondorioz, haurra kutsatzeko arriskua oso baxua da. Erditze-terapiarekin amaitzen da tratamendua, eta jaio berria 45 egunez zaintzen da. GIBaz kutsatutako gipuzkoar emakume haurdunetan tratamendua hasi ostean (bigarren aldia), ikusi zen hiru urtean transmisioa % 25etik % 8ra txikiagotu zela. «Alabaina, oraindik haurrak kutsatzen jarraitzen zuten; izan ere, zenbait emakume haurdunek ez zekiten infekzioa zutenik, eta, horrenbestez, ez zuten tratamendurik jasotzen», nabarmendu du ikertzaileak.

Emaitza horiek aurrean, 1997ko ekainean, GIB despistajearen protokoloa ezarri zen haurdun zeuden Gipuzkoako emakumeentzat (hirugarren aldia); hau da, haurdun zeuden emakumeei GIB proba egin behar zitzaiela erabaki zen, infekzioa zuten jakiteko. «Hori funtsezkoa izan zen, infektatuta zeudela ez zekiten emakume asko detektatu baitziren . Halere, ez ziren biztanle guztiak aztertu», dio Apilánezek. Halaber, aldi horretan ere terapia konbinatua edo jarduera handiko terapia antirretrobirala (TARGA) hasi zen erabiltzen. Terapia horrek zenbait sendagai konbinatzen ditu, eta birusari ekiten dio infekzio-prozesuaren une ezberdinetan. Tratamendua are eraginkorragoa da horrela.

2000ko martxoan hasi zen laugarren eta azken aldia. Gipuzkoako Medikuntza eta Erizaintza Elkargoei esker, asko hedatu ziren despistaje-pautak eta haurdunaldiko GIB infekzioaren tratamendua, eta, beraz, haurdun zeuden emakumeetan garaiz detektatu zen gaixotasuna. Horren ondorioz, estaldura terapeutikoa % 100 izatea lortu zen.

GIBaren transmisio bertikala saihesteko estrategiei esker, mota horretako transmisioa murriztea lortu da % 23,9tik (lehen aldia) % 2,4ra (azken aldia). Haurdunaldiko jarduera handiko terapia antirretrobirala faktore babesgarri garrantzitsuena bihurtu da amarengandik umearengana transmititzen den GIB infekzioa saihesteko. Horrela, emakumeak egoera immuno-birologiko egokiarekin iristen dira erditzera, karga biral ia hauteman ezin batekin, eta haurrari infekzioa transmititzeko arriskuak oso baxuak dira.

Dena dela, neurriak eraginkorrak izan daitezen, neurri guztiak bete behar direla gogorarazi du ikertzaileak, eta, halere, ongi ezagutzen ez diren arrazoiak direla-eta oraindik ezin izan da zeharo saihestu infekzioa amarengandik umearengana transmititzea.

 

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gazteleraz, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskeraz, UPV/EHU
  • Miren Alicia Apilánez Urquiola, ikerketaren egile eta mediku-ondokoa Donostia Unibertsitate Ospitaleko Pediatria Zerbitzuko Neonatologia Sailean, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: