#GaiNagusiak

Ikerketa batek frogatu du genetikoki eraldatutako tabako-landareak bideragarriak direla bioerregaiak egiteko lehengai gisa baliatzeko

Noiz argitaratua: 13/10/14 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Teknologia
 Ruth Sanz Barrio

Ruth Sanz Barrio NUPeko nekazaritza-ingeniaria eta Agrobioteknologiako Institutuko ikertzaileak (CSIC, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Gobernuaren artean sortutako zentro mistoa) lehen aldiz frogatu du doktore-tesian tabakoaren proteina batzuk (tiorredoxinak) bideragarriak izan daitezkeela landareetan tresna bioteknologiko gisa. Zehazki, % 700 handitu du tabako-hostoetan ekoitzitako almidoi-kantitatea, eta % 500, azukre hartzigarriak. “Uste dugu genetikoki eraldatutako landareak —azaldu du— elikadura-laboreen alternatiba ona izan daitezkeela bioerregaiak ekoizteko, eta konponbidea izango litzatekeela herrialdeko tabako-eremuetarako, etorkizun iluna izango baitute horiek Europak labore horri ematen zizkion laguntzak desagertzen badira”.

Tiorredoxinak (Trx) proteina txiki batzuk dira, eta ia bizidun guztietan daude. Ruth Sanz-ek, bere ikerketaren bidez, tabakoaren f eta m tiorredoxinek tresna bioteknologiko gisa duten gaitasuna frogatu du, ez bakarrik landarearen almidoi-kantitatea handitzeko, baita giza albuminaren eta beste proteina batzuen ekoizpena areagotzeko ere. “Bagenekien tiorredoxinek erregulazio-funtzioa zutela bizidunetan; baina tesian frogatu dugu, horrez gain, beste proteina batzuei lagundu diezaieketela funtzional izateko moduan tolestu eta egituratu daitezen”.

Giza albumina da munduan helburu terapeutikoekin gehien erabiltzen den zain barneko proteina. Odol-bolumena egonkortzeko eta infartu-arriskua eragozteko balio du, eta ia egunero baliatzen da ebakuntza-geletan. Halaber, erabiltzen da erreduretan, kirurgia-ebakuntzetan, hemorragietan edo pazienteak desnutrizioa edo deshidratazioa duenean, infekzio kronikoetan eta giltzurruneko edo gibeleko gaixotasunetan.

Albumina komertziala odoletik erauzten da, baina erreserbako bolumen bat ez izateak ikertzaile asko eraman ditu beste formula batzuk bilatzera, proteina hori eskala handian, merke eta seguru lortzeko. “Tabako-landarean ekoizteko eta handik erauzteko prozedura errazago eta merkeago bat lortu dugu. f edo m tiorredoxinak kodetzen dituzten geneak bat eginda, proteina birkonbinatzailearen (gure kasuan, albumina) kantitatea handitzen dugu. Albuminaren disolbagarritasuna eta tolesgarritasuna hobetzea ere lotu dugu, eta horrek erraztu egiten du landaretik erauzteko prozesua eta merkatu egiten da prozesu horrek eragindako kostuak.

Tabakoa bioetanola ekoizteko

Ikerketan lehen aldiz ikusi da in vivo f tiorredoxina m Trx baino efizienteagoa dela karbohidratoen metabolismoan; izan ere, “hostoan almidoi askoz gehiago izatea eragiten du, eta kantitate hori % 700raino irits daiteke, kontroleko landare ez-eraldatuarekin lortzen denarekin alderatuta”. Hori —azaldu du Ruth Sanzek— gauza berria izan da; hain zuzen, “orain arte uste zen bi tiorredoxinek modu berean jarduten zutela, baina frogatu dugu ez dela hala”.

f tiorredoxinak almidoiaren sintesian duen funtzio erregulatzailea egiaztatu ondoren, horrek energia sortzeko laboreetan, bioetanola ekoizteko erabiltzen direnetan, izan zezakeen aplikazioan jarri zuen arreta ikertzaileak: “Ikusi genuen genetikoki eraldatutako tabako-landareek % 500 aldiz azukre hartzigarri gehiago askatzen zituztela. Gero bioetanol bihurtuko dira azukre horiek, eta 40 litro bioetanol lor daitezke hosto freskoen tonelada bakoitzeko —entzima-saiakuntza egin zuen Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalak emandako kalkulu teorikoaren arabera—; horren arabera, bioetanolaren errentagarritasuna 10 aldiz handiagoa izango litzateke, eraldatu gabeko kontroleko tabako-landarearenarekin alderatuta”.

Genetikoki hobetutako tabakoa biomasa-iturri alternatiboa izan daiteke Extremaduran eta Andaluzian, tabako-ekoizle tradizionalak baitira horiek. Kalkuluen arabera, garagar- edo gari-laboreen bidez lortzen den adina almidoi ekoitziko litzateke barietate hobetu horien bidez. “Zerealak, gaur egun, bioetanola ekoizteko lehengaitarako baliatzen direnez, genetikoki hobetutako tabakoa biomasa eta energia garbiak lortzeko iturri alternatiboa izan daiteke”.

Caracterización y aplicaciones biotecnológicas de las tiorredoxinas plastidiales f y m de tabaco” tesia Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritza Ekoizpena Saileko Inmaculada Farran Blanch irakasleak gidatu du.

Informazio osagarria

  • Ruth Sanz Barrio, Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: