#GaiNagusiak

Neiker-Tecnalia lurra lehenera ekartzeko praktikak ikertzen ari da lur emankorragoak eta biodibertsitate handiagoko larreak lortzeko

Noiz argitaratua: 13/10/10 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak
 None

Ekimenaren abiapuntua da larreak gobernatzeko praktikarik onenak identifikatzea, frogatzea, barreiatzea eta transferitzea, eta abeltzain eta nekazariei lurra lehenera ekartzeko nekazaritza-teknikak proposatzea, lurra modu eraginkorragoan eta jasangarriagoan kudeatu ahal izateko. Proiektu horretarako, Neiker-Tecnaliaren bazkideak dira Nafarroako Elikadura Teknologien eta Azpiegituren Institutua (INTIA) eta Urduñako Udal Sozietate Publikoa (Urduñederra, SL). Ikerketa Europako Batzordearen LIFE+ programaren barruan hautatu dute.

Nekazaritza eta abeltzaintzako ekoizpen handiagoa lortu nahian, larreak dauden lurrek produkzio intentsiboko praktikak nozitzen dituzte, eta horrek kalitateari eta jasangarritasunari kalte egiten die. Arazo horri irtenbideak bilatzeko, Neiker-Tecnaliak oinarrizko bost jarduera-ildo hauek testatu nahi ditu, lurra lehenera ekartzeko nekazaritzan oinarrituta: pestizidak, herbizidak eta ongarri kimikoak kentzea; ongarri organikoak erabiltzea; larreetan zuzenean ereitea; belar-espezie jasangarriak erabiltzea; eta artaldeei zuzendutako artzaintza garatzea. Jarduera horiek datozen hiru urteetan probatuko dira, ingurumenaren aldetik zein ekonomiaren aldetik bideragarriak diren zehazteko.

Zuzeneko ereintza esaten zaion jarduera da lurrean zulo txikiak egitea eta haziak horietan sartzea. Hala, bada, nekazaritzan konbentzionalki egin ohi diren eta larreko lurra erosionatzen duten ildoak egitea alde batera uzten da. Horrez gain, belar-espezie jasangarriak erabiltzeak aukera ematen du belarrak denbora gehiago irauteko, eta horrek lurraren integritatea luzeago mantentzen du.

LIFE Regen Farming proiektuan inplikaturiko teknikariek, halaber, artzaintza zuzendua esaten zaionaren aukerak aztertuko dituzte. Ganadua leku jakin batzuetara eta unerik egokienetan eramatean datza, produkzio optimizatzeko eta larreak hobeto aprobetxatzeko helburuarekin. Gainera, denbora jakin batez larreei atseden emateko aukera ere aztertuko da, lurrak lehenera ekarri ahal izateko.

Saiakuntzak Arkauti, Orreaga eta Urduñan

Saiakuntzak sail hauetan dauden larreetan egingo dira: Neiker-Tecnaliak Arkautin dituen sailak (Araba), INTIAk Orreagan (Nafarroa), latxa ardiaren bazkarako ekoizpen ekologikoko zelaiak; eta Urduñan, esne eta haragitarako ganadurako larreak. Helburua da lurra lehenera ekartzeko jarduera horiek bestelako baldintza agroklimatiko batzuetan testatzea, beste ezaugarri batzuk dituzten lurretan aplikatu eta gero praktika berrien emaitzak jakiteko.

Ikerketa 2016ko ekainean amaituko da, eta hauek dira hartzaile nagusiak: abeltzainak, nekazariak, lehen sektoreko teknikariak, nekazaritza- eta artzaintza-eskolak eta udal-administrazioak. LIFE Regen Farming proiektuaren emaitzek larreak modu eraginkorragoan, jasangarriagoan eta errentagarriagoan kudeatzeko balioko dute.

1,3 milioi euroren aurrekontua

Neiker-Tecnaliaren proiektua aukeratu du Europako Batzordearen LIFE+ programak, 2012ko deialdian jasotako 1.150 ekimenen artetik. 1.338.000 euroko aurrekontua du; horietatik, 669.000 euro Europar Batasunak finantzatuko ditu, eta gainerakoa proiektuaren bazkideek: Neiker-Tecnalia, INTIA eta Urduñederra.

Informazio osagarria

  • , Neiker-Tecnalia
  • , Neiker-Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Neiker-Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, Neiker-Tecnalia
Iranzu Telletxea

Egilea: Iranzu Telletxea (NEIKER-Tecnalia)

Laguntzailea: