#GaiNagusiak

Laurogeita hamar urtetik gorakoekin egindako ikerketa batek indar-entrenamenduek ariketa fisiko gisa dituzten onurak frogatu ditu

Noiz argitaratua: 13/09/27 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 None

12 astez berariazko entrenamendu bat egin eta gero, 90 urtetik gorako adinekoek indarra, potentzia eta gihar-masa hobetu zituzten, eta, horri esker, lasterrago ibiltzen ziren, aulkitik altxatzeko trebetasun handiagoa zuten, oreka hobea, eroriko-kopurua nabarmen jaitsi zen, eta beheko gorputz-adarren indarra eta gihar-masa nabarmen handitu ziren. Zahartzearen Elkarte Amerikarraren Age aldizkarian duela gutxi argitaratutako ikerketaren emaitzetako batzuk dira horiek. Mikel Izquierdo Redín Nafarroako Unibertsitate Publikoko Fisioterapiako katedradunak zuzendu du ikerketa.

Ikerketan 91-96 urteko 24 pertsonak parte hartu zuten; horietatik, 11 talde esperimentalean zeuden, eta 13, kontrol-taldean. Astean bitan, 12 astez, osagai anitzeko entrenamendua egin zuten: zenbait ariketako programa bat zen, berariaz haientzat prestatua, eta indar-entrenamendua eta oreka hobetzeko ariketak zituena. Mikel Izquierdok azaldu duenez, “entrenamenduak gaitasun funtzionala eta giharretako indarra handitu zuen, eta erorikoak izateko arriskua gutxitu. Ahultasun-egoeran dauden adinekoen gaitasun fisikoa nabarmen hobetzeaz gain, ikerketak frogatu du ahultasun-egoeran dauden agureek ere egin dezaketela indar-entrenamendua.

Zahartzean, sistema neuromuskularraren, sistema kardiobaskularraren eta arnasketa-sistemaren gaitasun funtzionala pixkanaka gutxitzen hasten da, eta horrek ahultasuna izateko arrisku handiagoa dakar. Ariketa fisikorik eza da faktore nagusietako bat gihar-masaren eta gaitasun funtzionalaren galera eragiteko, ahultasunaren muina hain zuzen.

“Ikuspegi praktikotik —gogoratu du Izquierdo irakasleak—, emaitzek iradokitzen dute gaixo horientzat garrantzitsua dela ariketa-programak ezartzea; giharretako indarra, oreka eta martxa garatzeko ariketak, alegia”. Bere iritzian, "onuragarria litzateke ahultasun-egoeran dauden adinekoek ariketa-mota horiek egitea, zahartzearen eraginari aurrea hartzeko, beren ongizatea hobetzeko, eta gizartera hobeki egokitzeko".

Zahartzearen Elkarte Amerikarrak jaso duen ikerketa-lanaren izenburua hau da “Multicomponent exercices including muscle power training enhance muscle mass, power output and functional outcomes in instituzionalized frail nonagenarians” (Giharretako indar-entrenamendua kontuan hartzen duen osagai anitzeko ariketa-programa batek ahultasun-egoeran dauden laurogeita hamar urtetik gorako adineko instituzionalizatuen gihar-masa eta gaitasun funtzionala hobetzen ditu).

Informazio osagarria

  • , Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: