#GaiNagusiak

Bioziden ingurumen-ebaluazioa behar bezala egiteko metodologia berritzaile bat garatuko dute Aenor eta Tecnaliak

Noiz argitaratua: 13/09/13 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Ingurumena #Teknologia
 None

Tecnalia eta Aenor lanean ari dira dagoeneko “Europako araudi-esparruan bioziden ingurumen-ebaluazioa egiteko landa- eta laborategi-metodoak” LIFE BIOREG Europako proiektuan, produktu bioziden ingurumen-arriskuaren ebaluazioen kalitatea eta sendotasuna hobetzeko. Datu zehatz eta fidagarriak bermatuko dituzten metodologia berriak garatuko dira ebaluazio tekniko horiek egiteko eta zenbait ingurumen-parametrok arriskuan duten eraginari buruzko informazioa lortzeko.

Produktu biozidek gero eta eragin handiagoa dute ingurumenean, eta, horregatik, areagotu egin dira araudiak azken urteotan. Bioziden gaineko Europako lege-esparrua Produktu Bioziden Araudiak ezartzen du, eta 2013ko irailaren 1etik dago indarrean (EB 528/2012 zk.).

Europako legeria horrek ezartzen du produktu bioziden ingurumen-arriskua ebaluatu behar dela, eta horretarako zer datu behar diren zehazten du. Neurri erabakigarri bat arrisku-kozientea da, zeina PEC/PNEC adierazlearekin kalkulatzen baita. Biozida bat ingurumenaren aldetik onargarria dela jotzen da baldin eta ingurumenari kalterik egiten ez dion kontzentrazio aurreikusgarria (PNEC) handiago bada ingurumenean espero izatekoa den kontzentrazioa (PEC) baino.

Zehazki, BIOREG proiektuaren bitartez, filma babesten duten produktuen eta harri-lanak babesten dituzten produktuen arriskua zientifikoki ebaluatzeko metodologia baliozkotu bat ezarriko da.

Tecnaliaren Hiriko Ingurumen Osasunaren laborategiak laborategiko eta erdilandako metodo esperimentalak garatuko ditu osagai aktiboen lixibazioa finkatzeko. Laborategiko eta erdilandako lixibazioaren ondoren lortzen diren produktuak aztertu egingo dira, eta haien ekotoxikotasuna finkatu, emaitzak produktu formulatu puruetatik lortutako ekotoxikotasunarekin konparatzeko.

Aenor Espainiako normalizazio-erakundeak, berriz, Europa mailan lixibazioa zehazteko estandarizatuta dauden prozedurak definitzeko aukera aztertuko du, proiektuaren emaitzek merkatuan ahalik eta eraginik handiena izan dezaten.

Hala, garapenari eragiten dioten faktorerik garrantzitsuenak eta lixibazio-saioen emaitzak zehaztuko dira, baita ingurumen-arriskua ebaluatzeko faktore giltzarriak ere.
Berrikuntza-proiektu hau Europako Batzordeak finantzatuko du programa honen esparruan: LIFE+ Ingurumen Politika eta Gobernantza 2012.

Informazio osagarria

  • , Tecnalia
Anais Silban

Egilea: Anais Silban (Tecnalia Eraikuntza Unitatea)

Laguntzailea: