#GaiNagusiak

Landare-estalkiarekin, kanpoan bero egin arren, etxean fresko

Noiz argitaratua: 13/08/06 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Ingurumena #Teknologia
 Aitor Erkoreka Gonzalez, industria.- ingeniaria eta  ingeniaritza termikoan doktorea, UPV/EHU.

Udan bero handia egiten duen lekuetan, landare-estaldurak aproposak direla frogatu du Aitor Erkoreka UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileak. Izan ere, ohiko teilatuekin alderatuta, horrelakoekin asko murrizten da aire girotuaren beharra konfort-egoera berdina lortzeko, eta, beraz, baita energia-kontsumoa ere. Hori bai, emaitza ona lortzeko, ezinbestekoa da teilatuak ureztatze-sistema egokia izatea.

Eraikinen teilatuetan, ohiko harrizko estalkiaren ordez landareak izateak hainbat abantaila ditu. Estetikaz harago, hirietan, horrelako eraikin asko izanez gero, bero-irla sortzea saihesten da udan, eta eurite-sasoietan, berriz, uholde-arriskua gutxitzen da. Gainera, zenbait animalia-espezieren bizileku izaten dira teilatu berdeak, eta poluzio atmosferikoari eta akustikoari aurre egiteko ere baliagarriak dira.

Orain, Aitor Erkorekak, UPV/EHUko ingeniaritza termikoan doktoreak, energia termikoaren ikuspuntutik ere abantailak ote dituzten ikertu du, eta, kasu batzuetan, aproposak direla baieztatu du; ez denetan, ordea.

Izan ere, horixe izan da egin duen tesiaren gaia: landare-estalkien ezaugarri termiko eta higroskopikoak eta hartxintxarrezko estalkienak alderatzea. Hain zuzen ere, eraikin-enpresa batek bi estalki-mota horiek aztertu nahi zituen, modulu aurrefabrikatuen bidezko eraikuntza-proiektu baterako. Moduluek 6,6 m luze, 3,3 m zabal eta 3 m-ko altuera dute, seriean egiten dira, eta behin-betiko kokalekuan muntatzen dira, aurreikusitako diseinuaren arabera (gehienez 8 solairu izan ditzakete). Bi estalki-moten azterketa egiteko, metodologia jakin bat erabili du Erkorekak (Paslink metodologia), eta muturreko kondizio meteorologikoen eraginpean egin ditu esperimentuak.

Hala, ikuspuntu energetikotik eta ekonomikotik landare-estalkia onuragarria izan dadin, bi faktore nagusi daudela frogatu du Erkorekak. Batetik, eraikina dagoen lekuan, hozte-sistemen behar handia egon behar du, eta, bestetik, ezinbestekoa da estalkiak ureztatze egokia izatea.

Ebapotranspirazioa da gakoa

Erkorekak klima desberdinak dituzten lekuetan egin ditu simulazioak, eta ikusi du, eguzkiak gogor jotzen duenean, landare-estalkia isolatzaile arrunta baino eraginkorra dela etxe-barrua berotik babesteko.

Ikertzaileak azaldu duenez, batik bat landareen ebapotranspirazioari zor zaio hori: “Udan, etxebizitzan sartzen den eguzkiaren energiaren parte garrantzitsu bat teilatuan zehar sartzen da. Isolatzaile arrunt bat duen teilatuari landareak jartzen badizkiogu, ordea, neurri batean etxea berotzea galarazten da. Izan ere, landareek sustraietatik ura hartzen dute, eta hostoetatik ur-lurruna askatzen dute. Eta horretarako behar duten energia eguzkitik hartzen dute. Hala, eguzkiaren energia, teilatuan zehar etxe-barrura sartu ordez, landareek aprobetxatzen dute, fotosintesia eta ebapotranspirazioa egiteko. Horri esker, teilatuaren kanpoko gainazaleko tenperatura ez igotzea lortzen da”. Erkorekak lortutako datuen arabera, horrelakoetan eraikinen teilatutik sartzen den beroa % 75 gutxitzera irits daiteke, eta, horri esker, hozte-sistemaren beharra txikitu egiten da.

Hala ere, Erkorekak ohartarazi du horretarako “ezinbestekoa” dela landareak ureztatzea: “Ikusi dugu, eguzkiak gogor jotzen badu eta ez badu euririk egiten, ureztatu ezean, zortzi egunetan erabat lehortzen dela landare-estalkia (landare-estalkiaren geruza 10 cm baino gutxiagokoa bada, eta gehienak halakoak dira). Eta, orduan, ez du ezertarako balio. Are gehiago: landareek eta lurrak hartxintxarrek baino hobeto xurgatzen dute eguzki-erradiazioa, eta, horren ondorioz, hozte-sistemen beharra handitu egiten da”. Zehazki, landare-estalki lehorrarekin, estalki arruntarekin baino % 65 handiagoa izatera irits daiteke teilatuak eragindako hozteko beharra”.

Hortaz, ureztatzearen kostua ere kontuan izan du Erkorekak, landarezko eta hartxintxarrezko estalkien kostu ekonomikoa alderatzean. Eta, haren esanean, ureztatze-sisteman gastatzen dena baino gehiago aurrezten da hozte-sistemaren kontsumoan. Hau da, ikuspuntu ekonomikotik, udan bero handia egiten duen lekuetan, merezi du landare-estalkia jartzea, baita ureztatze eta zaintza egokiak eskatzen baditu ere.

Neguan, ordea, landare-estalkiak ez duela hainbesteko onurarik ekartzen ikusi du Erkorekak: “Neguan kontrakoa nahi dugu, alegia, barruko beroa ez ateratzea. Garai horretan, landareek ez dute jarduera askorik, eta lurra bustita egoten da, normalean euria egiten baitu. Horrek eragiten du teilatuaren kanpoko gainazala lurrik egongo ez balitz baino hotzago egotea, eta, beraz, bero-galera handiagoa izan daiteke landare-estalkiarekin estalki arruntarekin baino”. Horregatik, neguak epelak eta nahiko lehorrak diren lekuetarako bakarrik da gomendagarria landare-estalkia.

Horrenbestez, horrela laburbildu ditu Erkorekak tesiaren ondorioak: “Udan bero gehiegi egiten ez duen lekuetan, ez du merezi landare-estalkia jartzea teilatuaren funtzionamendu termikoa soilik kontutan hartzen bada, merkeagoa eta eraginkorragoa baita isolatzaile geruza 1 edo 2 cm lodiagoa jartzea, bai udarako bai negurako. Baina udan eguzkiak gogor jotzen duen tokietan eta eraikinaren hozte-beharrak handiak direnean, landare-estalkia aproposa da, eraikinaren hozte-sistemen beharra asko gutxitzen baita”. Azkenik, gogorarazi du ureztatze egokia behar duela horretarako.

Datu gehigarriak

Aitor Erkoreka Gonzalezek (Bilbo, 1982) ingeniaritza industrialeko ikasketak egin zituen, eta, gero, ingeniaritza termikoan egin du doktoretza, UPV/EHUn. “Landare-estalkien portaera energetikoaren karakterizazioa, modelatze eta saiakuntzen bidez, Paslink metodologia erabilita” da tesiaren izenburua, eta José María Sala Lizarraga termodinamika aplikatuan katedradunaren zuzendaritzapean egin zuen. Tesia gauzatzeko ezinbestekoa izan da Eusko Jaurlaritzako Etxegintzaren Kalitatea Kontrolatzeko Laborategiak emandako babes ekonomiko eta teknikoa, han gauzatu baitira tesirako beharrezkoak izan diren saiakuntza eta neurketa guztiak.

Gaur egun, Makina eta Motore termikoen Saileko irakasle da, Industria Ingeniarien eta Telekomunikazio Ingeniarien Goi Eskola Teknikoan (UPV/EHU).
 

 

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskeraz, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gazteleraz, UPV/EHU
  • Aitor Erkoreka Gonzalez, industria.- ingeniaria eta ingeniaritza termikoan doktorea, UPV/EHU., UPV/EHU
  • Aitor Erkoreka Gonzalez, industria.- ingeniaria eta ingeniaritza termikoan doktorea, UPV/EHU., UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: