#GaiNagusiak

Visesa eta Tecnaliak “eko” materialak diseinatuko dituzte eraikin osasuntsuagoak eraikitzeko

Noiz argitaratua: 13/06/13 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia
 None

Visesa Eusko Jaurlaritzako sozietate publikoak eta Tecnalia ikerketa aplikatuko zentroak elkarrekin lan egingo dute “ekomaterialak” sortzeko, eraikinetan erabil daitezen isolamendu akustikoa eta termikoa hobetzeko eta, aldi berean, hezetasunaren edo substantzia kimiko kaltegarrien ondoriozko gaixotasunak saihesteko. Material horien osaerak —% 75ean lehengai naturalak eta berriztagarriak dira— barruko airearen kalitatea hobetzeko eta energia-kontsumoan % 25 aurrezteko aukera emango du.

Hori guztia gauzatzeko, Tecnalia buru duen Europako partzuergo batek Osirys proiektua jarri du abian, eta, horri esker, eraikuntzarako material naturalak eta kutsatzailerik gabeak sortuko dira. Aipatu materialek, lehengai naturalez eta berriztagarriz osatuak neurri handi batean, energia-kontsumoa murrizten dute, eraikuntzara bideratutako onurez gain.
Material berri horien beste abantaila batzuk arintasuna eta iraunkortasuna dira. Pisuari dagokionez, material berriak ohikoak baino arinagoak dira: hala, fatxada baten zama % 70 baino gehiago murriztea aurreikusi da. Horrek, batetik, garraioan aurreztea dakar baina, batez ere, langileen segurtasuna asko hobetzea muntaia-eragiketetan.

Halaber, eko-materialek gehiago iraungo dute, eta, beraz,, konponketa gutxiago egin beharko da eta luzatu egingo da eraikinen bizitza erabilgarria. Gainera, ekomaterialak ez dira usteltzen, ezta ezpaltzen ere, eta ez dute korrosiorik jasateko arriskurik (hori gertatzen zaie metalezko egiturei). Hortaz, 50 urteko eraikin baten bizitza erabilgarria 10 urte luza daitekeela aurreikusten da.

Osirys proiektuak funtzio desberdineko sei panel konbinatzea proposatzen du : barruko eta kanpoko transpiragarritasuna hobetu, airearen elementu kaltegarriak ezabatu, isolamendua hobetu, suaz babestu, eta abar. Panel horiek “lego” sistemari jarraituz muntatu ahalko dira, eta premien arabera erabiliko dira batzuk edo besteak. Gainera, obra berriko eraikinetan zein erreformetan ere erabili ahalko da sistema hori.

“Eraikin energetikoki eraginkorrak”

Tecnalia lider delarik 18 parte-hartzailek osatutako partzuergoa da proiektuaren burua; horien artean, Visesa sozietate publikoa eta beste enpresa batzuk gailentzen dira —Espainia, Finlandia, Alemania, Suedia, Erresuma Batua, Hungaria, Holanda, Portugal eta Italiakoak—.

Osirys proiektua Europako Batzordeak finantzatu du, FP7 programa-esparruaren barruan, “Eraikin energetikoki eraginkorrak” izenpean. Proiektuak Europako Batzordeak mahaigaineratutako premiei erantzuten die, eraikuntza energetikoki eraginkorrak egiteko Europako ekimenarekin batera, zeinaren helburua baita eraikuntzaren industriako energia-kontsumoa eta CO2-emisioak murriztea.

Proiektua ekainean hasiko da, eta lau urte iraungo du. Amaitzerako, hiru prototipo egingo dira: Kubik eraikinean, Tecnaliaren erakus-eraikina; Euskadiko Visesaren benetako eraikin batean; eta Suediako Malmö hiriko benetako eraikin batean.

Informazio osagarria

  • , Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, Tecnalia
Itziar Blanco

Egilea: Itziar Blanco (VK Comunicación)

Laguntzailea: