#GaiNagusiak

Legionellari organismoan kamuflatzen laguntzen dion mekanismo bat aurkitu dute

Noiz argitaratua: 13/05/22 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak
 Aitor Herrero

Legionella pneumophila bakterioak legionelosia eragiten du, eta gaixotasun infekzioso horretatik pneumonia etor daiteke. Guri infekzioa eragiteko, patogenoak metodo konplexu bat garatu du, zeinari esker kamuflatu eta gure zelulak konturatu gabe egoten baita haien barnean, eta, hala, saihestu egiten baitu zelula horiek patogenoaren aurkako borrokari ekitea.

CIC bioGUNE biozientzietako euskal ikerketa-zentroaren gidaritzapean egindako ikerlan batean deskribatu dute lehen aldiz bakterioari giza zeluletan kamuflatzen laguntzen dion mekanismoa. Ikerketa-taldean parte hartu dute, orobat, AEBko NIH Osasun Institutu Nazionaleko eta Bartzelonako BSC Superkonputazioko Zentro Nazionaleko taldeek. Ikerketan, Legionella pneumophilaren SidD proteinaren egitura aurkitu dute, zeinak gaitasuna baitu infekzioan zelula-prozesuak eragozteko. Ikerlana PLOS Pathogens aldizkari ospetsuan argitaratu dute berriki.

Legionella ur gelditan bizi da, eta arnas bideetatik sartzen da gure gorputzean, ur kutsatuaren tanta mikroskopikoak inhalatzen ditugunean. Gorputzean sartzen denean, immunitate-sistemako zelulek fagozitatu egiten dute (hau da, 'irentsi'), baina ez dute suntsitzeko gaitasunik. Izan ere, bakterioak zelula ostalaria manipulatzea lortzen du, zelula konturatu gabe geratzeko haren barnean, eta, suntsitzen ez duenez, ugaltzea lortzen du.

Bakterioaren estrategia da zelulan 300 bat proteina askatzea; proteina horiek ostalariaren proteinen gainean jarduten dute, horiek infekzio-eragiletzat har ez dezaten eta ugaltzeko behar duen adina denbora zelula konturatu gabe pasatzea lortzeko.

Proteina horietako batek, zehazki Legionellaren SidD proteinak, zelula barnean kamuflatzeko prozesuan parte hartzen duen aldaketa kimiko bat erregulatzen du. Hain zuzen ere, proteina horren funtzionamendua deskribatu dute CIC bioGUNE, NIH eta BSC taldeek egindako ikerketan. Behin Legionellak ugaltzea lortu duenean, SidD proteinak desblokeatu egiten ditu infekzioak aurrera egiten laguntzen duten zelula-prozesuak.

Itu berriak

"Legionella pneumophila bakterioak, milioika urtean egin duen ibilbideari esker, gure proteinak bere mesedetan manipulatzen ikasi du, eta hala infekzioa eragiten du", dio Aitor Hierro CIC bioGUNEko ikertzaileak. Eta gaineratu du "mekanismo hori ezagutzeak gure proteinak gure mesedetan erabiltzeko manipulatzen lagundu diezagukeela".

Bakterioak gure zeluletan bizirik irautea eta garatzea posible egiten duen mekanismoa aurkitzeak bidea ireki diezaieke estrategia berriei. Hierroren arabera, "hori jakitea, inhibitzaileak diseinatzeko erabil daitezkeen itu berriak aurkitzeko ez ezik, baliagarria izan da berregokitu eta molekula-garraio selektiboan helburu terapeutikoz erabil daitezkeen mekanismo molekular batzuk ezagutzeko".

Legionelosiari buruz

Legionelosia 1976an bataiatu zuten horrela, orduan deskribatu baitzen lehenbizikoz pneumonia-agerraldi epidemiko bat, Amerikar Legioaren konbentzio batean, Filadelfian (AEB). Patologia horren sortzailea Legionella pneumophila bakterioa da, zeina ur geldietan bizi baita eta airearen bidez transmititzen baita ur kutsatuaren tanta mikroskopiko esekiak inhalatzen ditugunean.

Infekzio-iturri handienak eraikin handietako ur-sistemetan edo hozte-dorreetan izan ohi dira; esate baterako, hotel, ospitale eta bainuetxeetan. Instalazio horietako bat kutsatuta egoteak legionelosia eragin diezaieke inguruan bizi direnei.

Patogeno horren bidezko infekzioak oso pronostiko desberdineko bi gaixotasun eragin ditzake. Ezagunena legionarioaren gaixotasuna da, arnas bideetako infekzio larri bat, pneumonia eragin dezakeena eta antibiotikoetan oinarritutako tratamendu egokia erabili ezean hilkortasun-tasa handia duena.

Beste gaixotasuna Pontiac sukarra da, aurrekoa baino askoz arinagoa, gutxi irauten duen sukar handia eragiten duena eta berez sendatzen dena.

Ikerketaren erreferentzia

Structural Basis for Rab1 De--‐AMPylation by the Legionella pneumophila Effector SidD. Yang Chen, Igor Tascón, M. Ramona Neunuebel, Chiara Pallara, Jacqueline Brady, Lisa N.
Kinch, Juan Fernández-Recio, Adriana L. Rojas, Matthias P. Machner, Aitor Hierro.

Informazio osagarria

  • Aitor Herrero, CIC bioGUNE
  • Ikerketa-taldea, CIC bioGUNE
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, CIC bioGUNE
Javier Urtasun

Egilea: Javier Urtasun (Guk)

Laguntzailea: