#GaiNagusiak

Tecnalia lanean ari da energia-kontsumoa eta CO2-emisioak gutxituko dituzten logistika-zerbitzu berriak sortzeko IKTen laguntzarekin

Noiz argitaratua: 13/05/17 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Ingurumena
 iCargo

iCargo (Intelligent Cargo in Efficient and Sustainable Global Logistics Operations) proiektuaren helburua da CO2-emisioak gutxitzea kargatze-sistema intermodalen eraginkortasuna hobetuta eta erabakia hartzeko laguntzarako sistema adimendunak sustatuta. Sektore logistikoan eta hornikuntza-katearen kudeaketan esperientzia duten Europako 29 erakundek osatzen dute. Guztira, 17.000.000 euroko aurrekontua du, eta hiru urte eta erdiko iraupena.

iCargo ekosistema osatzen duten erabiltzaile, objektu eta sistemek dituzten osagai semantiko eta ontologia komunak definitzen eta garatzen dihardu Tecnalia: karga-unitate autonomoak; ibilgailu eta azpiegitura adimendunak; merkatu logistikoaren aktoreak eta haien aurretiko plataformak. Hartara, hizkuntza bateratua erabiliko da, eta, hala, informazioa denbora errealean trukatu ahal izango dute.

Proiektuak Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak sustatzen ditu eta haien erabilera hedatzen du zerbitzu logistikoen ekoizpenean, eta garatutako plataformari esker:

  • Sinkronizatu ahal izango dira ibilgailuen mugimenduak eta parte hartzen duten eragileen arteko eragiketa logistiko intermodalak; hala, CO2-emisioak gutxituko dira.
  • Diseinatu ahal izango dira egoera aldakorrera egokitzeko gai diren kargak, ibilgailuak eta egitura adimendunak planifikatzeko metodo dinamikoak.
  • Sortu ahal izango da salgaiak kudeatzeko ekosistema ireki bat, stakeholder-en zerbitzuak, baliabideak eta informazioa konbinatuta.

Proiektu honek aukera berriak irekiko dizkie zerbitzu-hornitzaileei; izan ere, banaketa-kate malguago eta sendoago bat konfiguratuta, errazago kudeatu ahal izango dira kate logistikoak. Horri esker, gainera, eraginkortasun ekonomikoa eta ingurugirokoa lortuko da, eta, horrenbestez, CO2 gutxiago emitituko da.

Informazio osagarria

  • iCargo, Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Tecnalia
Eva Salgado

Egilea: Eva Salgado (TECNALIA)

Laguntzailea: