#GaiNagusiak

Neiker-Tecnaliak metodo berri bat garatu du mahastian mildiu, oidio eta botritis gaitzak goiz detektatzeko

Noiz argitaratua: 13/05/09 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak
 Botritis

Neiker-Tecnaliak, Nekazaritzako Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuak, metodo berri bat garatu du mahastian mildiu, oidio eta botritis gaitzak goiz detektatzeko. Metodologia berria biologia molekularreko tekniketan oinarritua da, eta aukera ematen du landarean sintomak agertzen hasi baino lehen detektatzeko gaixotasuna. Hartara, tratamendu bizkorra eman dakieke gaitzak erasandako sail edo eremuei, eta gaitza mahasti osora zabaltzea eragotzi; horren ondorioz, gutxitu egiten da kutsatze-presioa. Bestalde, ikerketa-zentroak aztertu du nola eboluzionatzen duen Plasmopara viticola patogenoak —mildiu gaitza eragiten duenak— lau mahats-barietatetan: Solaris, Cabernet Sauvignon, Tempranillo eta Petit Courbu. Onddoaren kontrako erresistentziarik handiena Solaris dela ondorioztatu dute.

Patologien detekzio goiztiarra funtsezkoa gertatzen da nekazaritza-sektorean. Mahastizaintzaren arloan, onddoek eragindako hiru gaitz dira mahastien etsai nagusiak: Mildiua, mahatsaren oidioa eta botritisa dira; azken horri lizun edo ustel grisa ere esaten zaio, eta beste fruta-arbola batzuei ere erasaten die. Gaitz horiek sortzen dituzten onddoak hauek dira, hurrenez hurren: Plasmopara viticola, Erysiphe necator eta Botrytis cinerea. Hirurek ere gutxitu egiten dute uzta eta fruituaren kalitatea, eta horrek ekoizpena asko murriztea eta galera handia izatea ekartzen du mahastizaintzan. Horrez gain, gaitzei aurre egiteko erabiltzen diren fitosanitarioen aplikazio bortitzetik eratorritako arriskuak ere badira, kutsatu egiten baitituzte mahastietako lurra eta ura, fumigatzen aritzen diren pertsonei arriskua ekartzeaz gain.

Aipatutako hiru gaixotasunak goiz detektatzeko, Neiker-Teknaliak biologia molekularreko teknika bat garatu du, PCR edo polimerasagatiko kateko erreakzioa deritzonean oinarritua; metodo hori gai da intereseko esporen material genetikoa identifikatzeko, eta, hala, mahastian baden edo ez jakiteko. Teknika horrek alternatiba bat dakar aire-atzemaileen bitartez —bolumetrikoak nahiz pasiboak— mahastian jasotako esporak mikroskopioan identifikatzeko metodoarentzat; betiere, gizakiak begiz ikusteko moduan landarean sintomak agertu zain egonda baino egun batzuk lehenago lortzen da detekzioa. Metodologiaren arazoa espora-laginen kontaminazioa da, fungizida-hondarrak, lurreko hautsa, lore-hautsa eta beste materia batzuk direla medio. Elementu horiek polimerasaren erreakzioa inhibitu dezakete, eta, ondorioz, esporak identifikatzea eragotzi.

Neiker-Tecnaliak proposatutako PCR-teknikaren barruan dago esporak garbitzea eta garbi iristea DNA lortzeko prozesura. Inhibitzaile izan daitezkeenak desagerrarazita, zentro teknologikoko ikertzaileek PCR-teknikaren mende jartzen dituzte laginak, ikusteko ea Plasmopara viticola, Erysiphe necator eta Botrytis cinerearen esporarik baden, eta, hala, mahastian gaixotasun horietakoren bat baden egiaztatzeko.

Solaris, mildiuaren aurkako erresistentziarik handiena duen barietatea

Neiker-Teknaliaren beste ikerketa-lerroak aztertu du zer erresistentzia-gradu duten Solaris, Cabernet Sauvignon, Tempranillo eta Petit Courbu mahats-barietateek mildiuaren aurrean —Plasmopara vitícola onddoak sortzen du gaixotasun hori—. Erresistenteena Solaris barietatea izan da, jatorriz Alemaniakoa, onddo horren aurkako erresistentziaren gene bat duena; berak garatzen du mantsoen gaixotasunaren infekzio-prozesua. Cabernet Sauvignonek —nazioartean hedadura handia duen barietatea— tarteko erresistentzia izan du, eta erresistentziarik gutxienekoak Tempranillo —Rioja jatorri-izendapenean gehien erabiltzen dena— eta Petit Corbou —Frantziako hegoaldean eta txakolin-mahastietan ohikoa— izan ziren.

Informazio osagarria

  • Botritis, Neiker-Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Neiker-Tecnalia
Iranzu Telletxea

Egilea: Iranzu Telletxea (NEIKER-Tecnalia)

Laguntzailea: