#GaiNagusiak

Mekanizazio kriogenikoak aeronautikako piezen segurtasuna bermatzeko aukera eskaintzen du

Noiz argitaratua: 13/04/24 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Teknologia
 Mekanizazio kriogenikoa

CIC marGUNE, Errendimendu Handiko Fabrikazioko Ikerketa Zentro Kooperatiboa, ikerketa-lerro bat koordinatzen ari da aeronautika-sektorerako pieza seguruak garatzeko mekanizazio kriogenikoan oinarrituta. Mekanizazio-metodo horrek ohiko metodoek baino inpaktu txikiagoa du ingurumenean. Gainera, nabarmen areagotzen du piezen balio-bizitza eta gastuak gutxitzen ditu. UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Errendimendu Handiko Fabrikazio Taldea, Tecnalia eta Mondragon Unibertsitatea ari dira CIC marGUNEko ikerketa-lerro horretan parte hartzen.

Mekanizazio-prozesuan gas hoztaile bat erabiltzean datza mekanizazio kriogenikoa. CIC marGUNEk, Errendimendu Handiko Fabrikazioko Ikerketa Zentro Kooperatiboa, mekanizazio kriogenikoari buruzko ikerketa-lerro bat koordinatzen du. Ikerketa-lerro horretan UPV/EHUk, Tecnaliak eta Mondragon Unibertsitateak parte hartzen dute. Helburua da fabrikazio-prozesu garbi bat bermatzea, eta, gainera, aeronautika-sektoreko piezen segurtasuna hobetzea.

Mekanizazioa piezak ekoizteko prozesu bat da; prozesu horretan materiala ezabatzen da txirbil-harroketazko prozesuaren bidez. Txirbil-harroketazko mekanizazio-prozesu gehienetan erabiltzen diren ebaketa-fluidoek bi helburu dituzte: batetik, ebaketa-eremua lubrifikatzea, eta, bestetik, hoztea, alegia, ebaketa-eremuan sortu den beroa ezabatzea, mekanizaturiko gainazala kaltetu ez dadin. Dena den, fluido horiek kaltegarriak dira ingurumenarentzako eta pertsonentzako; ehun bat gaixotasun daude lubrifikatzaile horiei lotuta.

Ohiko mekanizazio-metodoek dituzten arazoak gainditzeko gaur egun ikertzen ari diren aukera nagusienetako bat mekanizazio kriogenikoa da. Mekanizazioan ebaketa-erreminta eta piezaren puntu kritikoak hozteko metodo berritzailea da. Horretarako, gas hoztaile bat erabiltzen da; nitrogeno likidoa edo CO2-a, hain zuzen ere.

Nitrogeno likidoa zein CO2–a oinarrizko produktuak eta merkeak dira, eta, gainera, “CO2-a kanpotik eman dakioke dagoeneko egon badagoen makina bati, makina horretan inolako eraldaketarik egin beharrik gabe. Inbertsio handia egitea saihesten du horrek” dio Franck Girot CIC marGUNEko ikerketa-lerroaren koordinatzaileak. Teknologia horrek funtzionatzen duela egiaztatu dute, eta horrenbestez, enpresekin zuzenki erlazionatuta dagoen ikerketa-lerro bat da. Litekeena da epe laburrean merkaturatzea.

Segurtasun handiagoa eta kostu txikiagoa

Gaur egun, aeronautikako, automobilgintzako, trenetako eta beste hainbat sektoretako piezekin lanean dihardute. Pieza edo osagai horiek nolabaiteko kalitatea izan behar dute, eta, batez ere, ez dute gainazaleko akatsik izan behar. Izan ere, oro har, pieza bat hondatzen denean, gainazaleko akatsek eraginda izan ohi da. Horregatik, “mekanizazio kriogenikoa bermea da mota horretako erabileretarako, akats horiek sahiesten baitira” adierazi du Girotek. “Aeronautika-sektorean gero eta zurrunago kontrolatzen den gai bat da” gehitu du. Ekoizten den pieza bakoitzari berariazko jarraipena egiten zaio, mekanizazioa zein baldintzatan egin den ezagutzeko, eta, aldi berean, pieza horren bizi-zikloa bermatzeko, alegia, pieza hori gainazaleko akatsen ondorioz ez dela hautsiko nolabait ziurtatzeko.

Girot-ek nabarmendu du ohiko mekanizazio-sistemekin alderatuta, ebaketa-eremuaren hozketak ekidin egiten dituela erremintaren mikroegituran gerta litezkeen aldaketak. Ondorioz, hainbat onura nabaritzen dira materialen zenbait ezaugarritan: bizi-zikloa areagotu egiten da % 50-100 inguru, higadurarekiko erresistentzia, nekea eta abar.

Gainera, “ingurumena zaintzen duen prozesua da, prozesu horretan ez baita inolako isuririk edo hondakinik sortzen” adierazi du Girot-ek. Gas kriogenikoak bestelako prozesu batzuetatik lortzen dira, eta, beraz, gas horien bigarren erabilera bat dela esan genezake; erabilera hori ezean, gasak onura handirik gabe ezabatu beharko lirateke. Piezen mekanizazio-prozesuan, fluidoa oso azkar lurruntzen da eta berez bueltatzen da atmosferara. Piezan ez da ebaketa-fluidoen arrastorik geratzen eta ez da erreminta-makina, txirbilak edota lantokia bera poluitu dezakeen inolako hondakinik sortzen. Horrek guztiak onura ekonomiko garrantzitsua dakar.

Halaber, sistema gai da ohiko mekanizazio-makinek baino abiadura handiagoan lan egiteko. Horrenbestez, produktibitatea areagotzen da, kalitate handiagoko emaitzak lortzen dira eta piezak ekoizteko kostua murrizten da.

Informazio osagarria

  • Mekanizazio kriogenikoa, Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, CIC marGUNE
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, CIC marGUNE
Laguntzailea: