#GaiNagusiak

Arazo lunbarrak saihesteko eta errehabilitatzeko gerriko bat egin dute

Noiz argitaratua: 13/04/23 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna #Teknologia
 Lumbia

Ia pertsona guztiek izango dute lunbalgia-arazoren bat bizitzako uneren batean. Arazo hori areagotu egiten da laneko adinean eta, jakina, baita zahartzean ere. Gaur egun, laneko bajaren kausa nagusia da Espainiako estatuan; 6 milioi lanegun galarazten ditu urtean batez beste, eta 112 milioi euroko kostua eragiten dio Gizarte Segurantzari. Autonomia-erkidego guztiak kontuan hartuz gero, muskulu-hezurretako gaixotasunek Euskadin dute inpaktu handiena, bai laneko baja bakoitzaren kostuari dagokionez, bai baja-tasari dagokionez, guztira 10 milioi euroko kostua baitu. Patologia horri irtenbidea aurkitzeko, FIKek eta TECNALIAk, BTS italiar enpresarekin batera, gerrialdeko minak prebenitzeko eta eragindako kalteak errehabilitatzeko teknologia sortu dute.

Terapeuta eta ikertzaileen helburuetako bat arazo horrentzat terapia eraginkorrak aurkitzea da. Baina, sarritan, behin eta berriz izaten dira horrelako arazoak. Lumbia deritzon teknologia berri honek lunbalgiei aurre egiteko.

Lumbia gaixoek gerrialdean jarri behar duten gerriko batean jartzen da; gerriko horrek sentsore multzo bat dauka, eta, jarrera zuzena ez bada, detektatu egiten du. Kasu horietan, gerrikoak dardara egiten du, eta pazienteari gogorarazten dio jarrera aldatu behar duela. Aldi berean, sentsoreak ordenagailu batera bidaltzen du jasotzen duen informazio guztia, dagokion terapeutak patologiaren segimendua egin dezan.

Horrenbestez, Lumbiak bi helburu ditu: batetik, patologiak errehabilitatzea, eta, bestetik, paziente osasuntsu eta gerrialdeko mina izateko arriskua dutenetan kalteak saihestea. Lehendabizikoari dagokionez, gailuak, pazienteari jarrera txarrak zuzentzen lagundu ez ezik, sendagileen terapiaren lagungarri izan nahi du, sentsoreak jasotzen dituen datuak sendagileen eskura jartzen baititu terapiak irauten duen denboran bilakaera aztertu ahal izan dezaten. Horrela, bada, ebaluatzeko tresna gisa erabil daiteke, pazientearen gerrialdearen portaerari buruzko informazio fidagarria eta zehatza emango baitio terapeutari.

Lumbiaren bigarren helburua da paziente osasuntsu eta gerrialdeko mina izateko arriskua dutenetan kalteak saihestea. Horri dagokionez, Lumbiak gerrialdeko jarrera berrezten lagunduko die, dardara bat sentituko baitute jarrera zuzena ez denean.

Lumbia 2014an merkaturatuko da, eta BTS italiar enpresa arduratuko da banaketaz nazioartean. Enpresak, batetik, sektoreko espezialistetara iritsi nahi du, haiek beren pazienteekin erabil dezaten; bestetik, enpresetara, langileek kalterik izan ez dezaten.

Lunbalgia, mundu osoko arazoa

Mapfre Fundazioak gerrialdeko gaixotasunak eta hark lan-arloan duen eragina aztertzeko egindako ikerketaren arabera ("Las enfermedades de la columna lumbar y su relación con el trabajo en España"), ia pertsona guztiek izango dute lunbalgia-arazoren bat beren bizitzako uneren batean. Urtero, populazioaren % 5etik % 25era bitartean egoten da lunbalgia-arazoren batek erasana, baina portzentaje hori % 50eraino igotzen da laneko adinean, 18 urtetik 65 urtera bitartean. Gaur egun, laneko bajaren kausa nagusia da Espainiako estatuan; alegia, 6 milioi lanegun galarazten ditu urtero batez beste, eta 112 milioi euroko kostua eragiten dio Gizarte Segurantzari.

Autonomia-erkidego guztiak kontuan hartuz gero, muskulu-hezurretako gaixotasunek (gerrialdeko minak, artrosia…) Euskadin dute inpakturik handiena, bai baja bakoitzaren kostuari dagokionez, bai baja-tasari dagokionez. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren datuen arabera, Euskadin laneko 70 baja izaten dira urtean lanean ari diren 1.000 pertsonako, eta enpresek, mutuek eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak 149 euro ordaintzen dute haietako bakoitzagatik; alegia, 10 milioiko kostua dute.
 

Bideoa

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, ingelesez, Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, Tecnalia
  • Lumbia, Tecnalia
  • Lumbia, Tecnalia
Germán Lasa

Egilea: Germán Lasa (Tecnalia Research & Innovation)

Laguntzailea: