#GaiNagusiak

CIC nanoGUNEk Simune jarri du martxan, enpresei zuzenduako eskala atomikoko simulazio-zerbitzu bat

Noiz argitaratua: 13/04/16 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Fisika, Kimika eta Matematika #Teknologia
 Ezkerretik eskuinera: Emilio Artacho, Ester Sola eta Jose Maria Pitarke.

CIC nanoGUNEk Simune izeneko zerbitzu berria jarri du martxan, erakunde eta enpresei beren I+Gko prozesuetan laguntzeko asmoz. Materiak eskala atomikoan duen jokaera ezagutzeko simulazioak egingo dituzte zerbitzu horretan, eta, hala, arazo teknologiko zehatzak inbertsio txikienarekin konpontzen lagunduko dute.


Kanpoko zientzilariekin batera jarri du martxan nanoGUNEk zerbitzua, eta hainbat sektoreentzat baliagarriak diren simulazioak eskaintzen ditu. Dena den, hasiera batean, behintzat, energiaren eta elektronikaren sektoreetako enpresetan arituko da. Ester Sola zerbitzuaren arduradunak aipatu duen bezala, “fisika kuantikoaren printzipioetan oinarrituz eta superordenagailuak erabiliz solidoen, likidoen eta nanoegituren simulazioak egingo ditugu”. Solaren iritziz, “horrelako kalkuluen bitartez, osagai jakin batek datozen urteetan zer garapena izan dezakeen aurreikusi dezakegu, edo material baten ezaugarriak aztertu, fisikoki ekoiztu aurretik haren errentagarritasuna baloratu ahal izateko”. Hala, Simuneren bitartez, adibidez, hondakin nuklearrek denbora-tarte luzeetan izango duten garapena aurreikusi, atmosferan CO2-a gutxitzeko mekanismo berriak ebaluatu, edo ekoiztu aurretik, material baten eraginkortasuna neurtu ahal izango da.

Enpresetan sortzen diren egoerak konponduko dituzte nanoGUNEko ikertzaileek. Emilio Artacho Ikerbasque ikertzaile eta Teoriako taldeko buruak adierazi duenez (talde horren barruko zerbitzua da Simune), “espero dugu enpresen lehiakortasuna bultzatuko duten konponbideak ematea, batetik, zerbitzuan arituko diren ikertzaileen ezagutza eta eskarmentua, eta, bestetik, nanoGUNEko ekipamendua eta azpiegitura batuta”.

Teoria praktikara iristeko

Emilio Artachok argi du “nanoteknologian oinarritutako etorkizuneko aplikazioak garatu ahal izateko funtsezkoa dela eskala nanometrikoko simulazio teorikoekin osatzea interesezko sistemetan egiten diren esperimentuak”. Kalkulu-algoritmoen aurrerapen ikusgarriek eta konputazioko cluster berrien prozesamendu-ahalmenaren gorakadak nabarmen handitu dute simulazioen gaitasuna. Horri esker, gero eta zehatzago aurreikus daiteke nola diseinatu materialak edo nola jokatuko duten nanosistemek eskala molekularrean.

Nanogailu berrien deskribapen teorikoak eta ereduak egiteko, eta eskala nanometrikoan gertatzen diren fenomenoak deskribatzeko, Materia Kondentsatuaren Fisikako eta Kimika Konputazionaleko kalkulu-teknikak eta hurbilketa teorikoak egin behar izaten dira. Askotariko arlotan erabiltzen dira teknika eta hurbilketa horiek, hala nola Fisikan, Kimikan, Materialeen Fisikan, Biofisikan, Optikan, Ingeniaritzan, Ingurumenean; halabaina, erabat desberdinak diren diziplina horiek guztiek nanoteknologiaren esparruan egiten dute bat. “nanoGUNEn berariaz dugu hain beharrezkoa den disziplina anitzeko ikuspuntu hori”, nabarmendu du Artachok.

Informazio osagarria

  • Ezkerretik eskuinera: Emilio Artacho, Ester Sola eta Jose Maria Pitarke. , cic nanoGUNE
Itziar Otegui

Egilea: Itziar Otegui (CIC nanoGUNE)

Laguntzailea: