#GaiNagusiak

Autohozte termoelektrikorako sistema berritzaile bat garatu dute

Noiz argitaratua: 13/04/11 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Ingurumena #Teknologia
 Ikertzaile-taldea

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek autohozte termoelektrikorako gailu bat garatu dute, beroa ematen duten gailuetan 30 ºC baino gehiagoko hoztea lortzen duena kosturik gabe. Hozteko makina arrunt batek bezala funtzionatzen du ekipoak, baina ez du elektrizitaterik kontsumitzen, kendu beharreko bero hartatik bertatik ateratzen baitu ibiltzeko behar duen energia.

Ikertzaileek sistema hau aplikatu nahi diete potentzia-bihurgailu eta transformadoreei energia elektriko berriztagarria ekoizteko zentraletan: energia eolikoa, eguzki-energia fotovoltaikoa, eguzki-energia termoelektrikoa eta energia hidraulikoa ekoizteko zentraletan. David Astrain Ulibarrena, NUPeko Ingeniaritza Mekaniko, Energetiko eta Materialen Ingeniaritza sailekoa eta proiektuko ikertzaile nagusia, honela mintzo da sistemaz: “Halako gailuak, funtzionatzean, berotu egiten dira, eta, ondorioz, haiek hoztu beharra dago. Askotan, haizagailuak dituzten bero-trukagailuak erabiltzen dira; bistan denez, haiek kanpotik elikatu beharra dago, eta potentzia elektriko zerbait kontsumitzen dute. Guk egiten duguna da potentzia-bihurgailuak eta transformadoreak ematen duten bero-fluxua baliatu haizagailuei eragiteko behar den potentzia elektrikoa ekoizteko. Hala, hoztea eta gailuaren tenperatura kontrolatzea lortzen dugu, baina energia-kosturik gabe”.

Hondar-energia aprobetxatzea

Autohozte termoelektrikoaren aplikazio hau du jarduera-lerroetako bat GETER proiektuak (gaztelaniazko akronimo horrek “hondar-energia kalorifikoaren bitartez energia termoelektrikoa lortzea” esan nahi du), zeinaren helburua baita energia elektriko bihurtzea maila termiko apaleko bero-energia, hau da, 250 graduz azpiko tenperaturako hondar-beroaren fluxuak. “Etorkizunean energia termoelektrikoa sortzeko aukerarik onenak doako bero-iturriak aprobetxatzearekin loturik ageri dira; esate baterako, hondar-beroaren fluxuak baliatzearekin —dio Astrain irakasleak—. Oso ohikoak dira halako bero-fokuak (Espainian, energia primarioaren % 40 baztertzen da hondar-bero gisa), baina nekez aprobetxa daitezke elektrizitatea sortzeko ohiko sistemekin, hala nola lurrunezko eta gasezko turbinekin”.

Sorkuntza termoelektrikoa oso erabilia izan da tenperatura ertain eta alturako (250 ºC-tik 1.200 ºC-ra bitarte) arlo militarrean eta aeroespazialean. Aipagarria da, gaurkotasunagatik, Marte planetan Curiosity esplorazio-ibilgailua energiaz hornitzen duen sorgailu termoelektrikoa. Nafarroako Unibertsitate Publikoko GETER proiektuak teknologia hori tenperatura baxura egokitu nahi du eta arlo zibileko aplikazioa optimizatu.

Proiektu honen esparruan, ikerketa-taldeak modu esperimentalean garatu eta balioztatu du eredu konputazional bat, ahalmena erakutsi duena 1 kW energia elektrikoraino lortzeko, tximinia industrial baten metro kubiko bakoitzeko.

Informazio osagarria

  • Ikertzaile-taldea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: