#GaiNagusiak

Biobeira hezurrak osatzeko lagungarri

Noiz argitaratua: 13/04/02 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Osasuna #Teknologia
 Jose Ramon Sarasua Oiz irakasle doktorea da Materialen Zientzia eta Ingeniaritza arloan. Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan dihardu (UPV/EHU).

Medikuntzarako eta batik bat hezurrak osatzen laguntzeko interesgarriak diren material edo inplante berriak aztertu dituzte Jose Ramon Sarasua eta Aitor Larrañaga UPV/EHUko materialen ingeniaritza arloko ikertzaileek. Hain zuzen ere, biobeirak gaur egun medikuntzan erabiltzen diren polimeroen degradazio termikoan duen eragina neurtu dute. Emaitzak Polymer Degradation and Stability aldizkarian argitaratu dituzte.

Hezurrak beren kabuz birsortzeko gai dira, kalte txikiren bat jasanez gero. Baina hezur-akatsa neurri batetik gorakoa bada, ez dauka berez osatzeko gaitasunik. Hausturak handiegiak direnean, hezurrei lagundu egin behar zaie. Oraindik ere gaur egun, sarri, metalezko iltzeak edota piezak sartzen dira haustura horiek konpontzen laguntzeko. Hala, hezurra behin osatuta, ezinbestekoa suertatzen da bigarren ebakuntza bat egitea pieza horiek ateratzeko. Bigarren ebakuntza hori saihestea da, besteak beste, material edo inplante berri horien helburua.

Medikuntzarako interesgarriak diren material edo inplante horiek zenbait eskakizun bete behar dituzte aplikazio terapeutikoetarako erabili baino lehen. Besteak beste, materialek biobateragarriak izan behar dute, hau da, ez diete kalterik egin behar zelulei eta organismoari berari. Era berean, biodegradagarriak izatea propietate oso interesgarria da, hala gorputzak erraz bihurtuko dituelako toxikoak ez diren produktu metaboliko. Baina beste faktore batzuk ere izan behar dira kontuan: sendotasun mekanikoa eta ekoizpen-prozesuaren erraztasuna, esaterako.

Neurrira egindako materialak

Horiek guztiak kontuan hartuta, UPV/EHUko ikertzaileek bioinplanteak neurrira sintetizatzen eta konformatzen dituzte. Osagai nagusia, oro har, polimero biodegradagarri bat izan ohi da, hezurrak bere berezko tokia hartu ahala desagertuz joango den polimeroa, alegia. Polimeroa bigunegia denez, polimero horri biobeira gehitu diote lan honetan. Biobeira agente bioaktibo bat da eta hezurraren birsortzea laguntzen du; gainera, propietate mekaniko erresistenteak ematen dizkio polimeroari. Horrenbestez, polimero biodegradagarri / biobeira konposite-sistema zurrunagoa eta gogorragoa da polimero soila baino.

Konposite-sistema horiek beroa erabiltzen duten prozesu termoplastikoen bidez fabrika daitezke, eta horrenbestez, garrantzitsua da material horiek beroaren aurrean duten erantzuna aztertzea. Lan honetan ikusi dute polimero biodegradagarri / biobeira konposite-sistemek egonkortasun termiko baxuagoa aurkezten dutela biobeira ez duten sistemekin alderatuta. Izan ere, erreakzio bat gertatzen da biobeiraren silizio oxido ioien eta polimeroen egituran dauden karbonilo taldeen artean, eta horrenbestez materiala degradatu egiten da; hala, kalte egiten die amaierako produktuaren propietateei, eta, are gehiago, inplantea gorputzean txertatzean, zelulentzat kaltegarriak izan daitezkeen azpiproduktuak eratzea ekartzen du. Horrek izugarri mugatuko luke sistema horien aplikazioa medikuntzan. Horrenbestez, UPV/EHUko ikertzaileak sistema horien egonkortasun termikoa hobetzeko hainbat ikerketa burutzen ari dira, eta haietako bat argitaratu dute, hain zuzen ere, Polymer Degradation and Stability aldizkarian. Kasu horretan, biobeirari azaleko eraldaketa kimiko bat egitea proposatzen dute, plasma bidezkoa. Hala, biobeira partikulentzat babes-geruzak sortuz polimeroarekiko erreakzioa saihesten da, eta horrenbestez, amaierako produktuari ez zaio kalterik egiten.

Modu horretan, “hezur-hausturak osatzeko edota hezur akastunak birsortzeko etorkizun oparoko hautagaiak dira polimero biodegradagarria oinarri duten konposite hauek”, dio Sarasua irakasleak. Izan ere, hezurra behin-behinean ordeztu eta haren birsortzea suspertu ostean, material hori desagertuz joaten da hezurrak bere berezko tokia hartu ahala. Horrenbestez, “gaur egun, tamaina kritiko batetik gorako hezur haustura handietan, saihestu egiten dira hezurrei nolabait eusteko jartzen diren iltzeak eta piezak kentzeko behar izaten diren bigarren ebakuntzak, horrek hainbat ikuspegitatik dituen abantaila guztiekin”, gehitu du.

 

  • Oharrak:

    A.Larrañaga, Jose-Ramon Sarasua. Effect of bioactive glass particles on the thermal degradation behaviour of medical polyesters. Polymer Degradation and Stability. 98:751-758 (2013).

  • Interneteko helbidea:

    www.ehu.es

Informazio osagarria

  • Jose Ramon Sarasua Oiz irakasle doktorea da Materialen Zientzia eta Ingeniaritza arloan. Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan dihardu (UPV/EHU)., UPV/EHU
  • Aitor Larrañaga Espartero ingeniari kimikoa da eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan dihardu (UPV/EHU)., UPV/EHU
  • Polimero biodegradagarriez egindako inplanteak., UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gazteleraz, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskeraz, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: