#GaiNagusiak

Ustekabeak Artizarreko atmosferako hegoaldeko zurrunbilo polarrean

Noiz argitaratua: 13/03/24 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Espazioa
 Artizarreko hego-poloko zurrunbiloen itxura egunero aldatzen da.

UPV/EHUko Zientzia PlanetarioenTaldeko astronomoek Europako tamaina duen Artizarreko hego-poloko atmosferako zurrunbiloaren ikerketa bat argitaratu dute Nature Geoscience aldizkari ospetsuaren sareko bertsioan. Atmosferan bi hodei-geruza nagusi daude, 20 kilometroko gune batek banaturik. UPV/EHUko astronomoek gertutik jarraitu diote zurrunbiloaren mugimenduari bi geruzetan, eta mugimendu hori alderraia dela egiaztatu dute.

“Bagenekien iraupen luzeko zurrunbilo bat dela; bagenekin, halaber, itxuraz aldatzen dela egunero. Baina uste genuen zurrunbiloaren erdiguneek bi altueretan hodi bakarra osatzen zutela, eta ez da hala. Erdigune bakoitza bere aldetik doa, eta, hala ere, zurrunbilo atmosferikoaren egitura osoa ez da desegiten”, azaldu du Itziar Garate Lopezek, UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko kide eta lan honen ikertzaile nagusiak.

Izan ere, zurrunbiloaren goiko eta beheko errotazio-zentroen posizioak ez du ia inoiz bat egiten bertikalarekiko, eta, ikertzaileek artikuluan argitaratu dutenez, Artizarraren gainazalaren gainetik “gutxienez 20 kilometrotan luzatzen den eta etengabe bilakatzen ari den egitura iraunkor bat osatzen dute”.

Iraupen luzeko zurrunbiloak ohiko fenomenoak dira errotazio azkarreko planetetako atmosferetan, hala nola Jupiterrenean eta Saturnorenean. Artizarra errotazio motelekoa da, eta, hala ere, zurrunbilo iraunkorrak ditu bi poloetako atmosferan. Are gehiago, atmosferaren errotazio-abiadura planetarena baino askoz handiagoa da. “Aspalditik dakigu Artizarreko atmosfera planeta bera baino 60 aldiz azkarrago biratzen dela, baina ez dakigu zergatik. Aldea izugarria da; horregatik deitzen zaio super-errotazioa. Eta ez dakigu nola hasi zen eta nola mantentzen den”.

Zurrunbiloen iraunkortasuna Artizarrean eta Lurrean oso desberdinak dira. “Lurrean, urtaroen efektuak eta tenperatura-desberdintasunak daude kontinenteen eta ozeanoen artean; horren ondorioz atmosferan baldintza egokiak sortzen dira poloetan zurrunbiloak sortzeko eta desegiteko. Artizarrean, ez dago ez ozeanorik ezta urtarorik ere, eta, hortaz, atmosferak modu ezberdin batean jokatzen du”, dio Garate Lopezek.

Artizarreko poloetara begira

Hain zuzen, UPV/EHUko taldeak hego-poloko zurrunbiloaren bilakaerari jarraitu dio ESAko Venus Express espazio-ontziak daraman tresnetako bati esker. Ontzia 2006tik dago Artizarraren inguruko orbitan. “Zundaren orbita oso eliptikoa da: asko hurbiltzen da ipar-polora, eta hego-poloa, aldiz, urrutiagotik behatzen du, eta, ondorioz, ikuspegi orokorragoa ematen du. Hori behar genuen gure ikerketarako, zurrunbiloaren ikuspegi orokorrago bat eta abiadura txikiagoan, erabili dugun tresnak behar genituen irudiak har zitzan” azaldu du Garate Lopezek.

UPV/EHUko astronomoek Venus Express zundaren VIRTIS-M infragorri-kamera erabili dute, eta 169 egun lurtarretan jasotako datuak analizatu dituzte, eta 25 orbita adierazgarrienen datuak zehaztasun handiz aztertu dituzte.
Garate Lopezek azaldu duenez, ez da lan erraza: “kamera honek ez ditu egiten kamera normalek egiten dituzten bezalako argazkiak, baizik eta argia uhin-luzera ezberdinetan banatzen du. Horren bitartez aldi berean ikus daitezke planetaren atmosferaren geruza ezberdinak. Gainera, ordubeteko aldearekin hartutako irudiak konparatu ditugu, eta horri esker hodeien abiadurari jarraitu ahal izan diogu” dio Garate Lopezek.

UPV/EHUko astronomoek, Agustín Sanchez Lavega Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendaria, Ricardo Hueso eta Itziar Garate Lopezek Andaluziako Astrofisika Institutuko (CSIC) adituekin, Lisboako Astronomia Behatokiko adituekin (CAAUL) Parisko Behatokiko adituekin eta Erromako Astrofisika Espazialeko eta Fisika Kosmikoko institutuko adituekin aritu dira lankidetzan.
 

  • Oharrak:

    Garate-Lopez, I., R. Hueso, A. Sánchez-Lavega, J. Peralta, G. Piccioni, P. Drossart. A chaotic long-lived vortex at the southern pole of Venus. Nature Geoscience, 24 March 2013, DOI: 10.1038/NGEO1764.

  • Interneteko helbidea:

    www.ehu.es

Informazio osagarria

  • Artizarreko hego-poloko zurrunbiloen itxura egunero aldatzen da. , Foto: ©Grupo de Ciencias Planetarias, UPV/EHU
  • Itziar Garate Lopez, Ricardo Hueso eta Agustín Sánchez Lavega., UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gazteleraz, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskeraz, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: