#GaiNagusiak

Faustino Taldearen 8 ardo ezagunenen karbono-aztarna kalkulatu du Tecnaliak

Noiz argitaratua: 13/03/21 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Ingurumena #Osasuna
 None

Tecnaliak, azterketa zehatz baten bidez, Faustino Taldearen 8 ardo ezagunenen bizi-zikloko karbono-aztarna kalkulatu du, landa-lanetik hasi eta botilaren bizitza erabilgarriaren amaierara arte.

Ardo baten karbono-aztarna kalkulatuta, jakin dezakegu ardo hori egiteko prozesuan berotegi-efektuko zenbat gas isuri den. Tecnaliari esker, Faustino Taldea da merkaturatzen dituen zortzi ardo ezagunenen karbono-aztarna dakien lehen ardandegia, esparru horretan egin den lehenengo azterketa zorrotzaren ondoren.

Tecnaliak 2012. urte osoan egin du azterketa zorrotz hori Faustino Taldearen ardandegiarentzat. Emaitza gisa, taldearen zortzi ardo ezagunenen karbono-aztarna lortu da; gainera, gure herrialdeko ardo-aukera guztia sartu da azterketa horretan: ardo zuria, ardo ondua, erreserba, egile-ardoa eta abar.

Tecnaliak hautatutako zortzi ardoen bizi-zikloko fase guztiak aztertu ditu: laborantzako fasea (dieselaren kontsumoa desplazamenduetan eta traktoreen lana landako lan guztietan, produktu agrokimikoen kontsumoa, ureztapenetako energia elektrikoaren kontsumoa eta abar); ardoa egiteko fasea (energia elektrikoaren eta gasolioaren kontsumoa, produktu enologikoen eta paketatzeko materialen kontsumoa…); banaketa-fasea (botilen garraioa); erabilera-fasea (kontsumorako botilen hozketa); eta, azkenik, bizi-zikloaren amaierako fasea (hondakinen kudeaketa eta garraioa, birziklatzea, balorizazioa edo zabortegia).

Egindako beste azterketa batzuetan ez bezala, nabarmendu behar da bizi-zikloko azken bi faseak ere hartu direla kontuan (erabilera eta bizi-zikloaren amaiera), eta beste inork ez duela kalkulatu eta ziurtatu hainbeste ardo-motaren karbono-aztarna.

Tecnaliak lortutako emaitzek erakusten dute aztertutako Faustinoren zortzi ardoen karbono-aztarna 1.000 gramo CO2 baliokidekoa dela gutxi gorabehera. Azterketa egin duten teknikarien arabera, ez dira balio altuak; ohiko batezbestekoen barruan daude.

Jasangarritasunaren aldeko apustua

Tecnaliak egindako karbono-aztarnaren azterketa ardandegi-taldeak ingurumenarekiko hartutako konpromisoa dela-eta martxan jarritako politikaren ataletako bat da. Izan ere, Faustino Taldeak % 20 murriztu du energia-kontsumoa, eta % 30 urarena, 2005ean martxan jarritako ingurumen-jasangarritasuneko programaren barruan. Programa horren helburua da 2015erako % 30 jaistea energia-kontsumoa eta CO2-aren eta hondakinen emisioa.

Informazio osagarria

  • , Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Tecnalia
Erika Ibáñez

Egilea: Erika Ibáñez (Tecnalia Research & Innovation)

Laguntzailea: