#GaiNagusiak

Lurederra zentroko nanoteknologiak era guztietako substratuetan erabiltzeko produktu hidrofuganteak eskaintzen ditu

Noiz argitaratua: 13/03/21 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia

Lurederra teknologia-zentroak nanoteknologia-arloan garatutako ikerketa aplikatuari esker, uraren aurkako nanoteknologia-produktuen gama bat ekoitzi da. Produktu horiek iraultzaileak dira teknologikoki eraikuntza-materialen sektorerako, bai kontsumo-produktuei dagokienez (hormigoiak, adreiluak edo baldosak), bai oso balio handiko aplikazioetan ondare historiko eta arkeologikoa birgaitu eta mantentzearekin lotuta.

Nanopartikulak oinarri dituzten produktu iraultzaile horien artean, Tecnadis Aquapore izenekoa nabarmentzen da. Ur-oinarriko produktu hidrofugantea da, substratu porotsuetan eta porositate urrikoetan erabiltzekoa; esate baterako, hormigoian, adreiluan, harri naturalean, zurean edo zeramikan. Produktu honetan hidrofobia erabatekoaren efektua eta substratuaren erabateko arnasketa konbinatzen dira. Ezaugarri horrek bereizten du merkatuan dagoen beste edozein produktutatik. Gainera, itxura originala mantendu egiten du, erraz aplikatzekoa da eta oso prezio lehiakorrean lor daiteke. Halaber, ur-oinarriko produktua denez, ez du konposatu organiko lurrunkorrik eragiten eta ez da sukoia.

Tecnadis Aquapore Nafarroako teknologia-zentroan garatutako nanopartikula sofistikatuekin fabrikaturik dago, eta horregatik du propietateen konbinazio paregabe hori. Modu horretan, uraren aurkako ahalmen handia lortzen da; izan ere, ur-tanten eta substratuko azaleraren artean kontaktu-angelu oso handia eratzen da (150 gradutik gorakoa), eta superhidrofobizitate-efektu deiturikoa sortzen da hala. Azaleran geruza bat sortzen duen estaldura ez denez, dena delako materialak ongi hartzen du arnasa. Hori ezinbestekoa da transpirazioa ahalbidetzeko eta ondorioz narriatzeak saihesteko; esate baterako, izozte/desizozte zikloek eragindakoak. Era berean, Tecnadis Aquapore gardena da guztiz eta ez du substratuaren kolorea aldarazten, eta substratuarekin erreakzio kimikorik ere ez du sorrarazten. Modu horretan, substratuaren ezaugarriak aldagaitz mantentzen dira.

Tecnadis gamako beste produktu bat Tecnadis Effect izenekoa da, bereziki diseinatua fatxadetan eta porotsuak nahiz porositate urrikoak diren materialez egindako bestelako azalera bertikal eta inklinatuetan erabiltzeko. Soluzio hidrofugante hori ere gardena da eta materiala mantentzea ahalbidetzen du, oso epe luzeko babesa ematen baitu uraren aurka. Tecnadis Effect produktuak oinarri organikoa du eta superhidrofobizitate-efektua eta lehortze azkarra konbinatzen ditu uraren aurkako erabateko ahalmena eta lurrunarentzako iragazkortasun erabatekoa eskatzen duten aplikazioetan.

Tecnadis Performance izenekoak aurrez aipatutakoen ezaugarri berak ditu. Produktu hori, ordea, aplikazio horizontaletan erabiltzeko diseinatu da eta oso emaitza onak ematen ditu zoruan, baita era askotako zoladura eta baldosetan ere. Tecnadis Performance izenekoak uraren aurkako ahalmen itzela eta urraduren eta olioen aurkako erresistentzia handia ditu. Dagoeneko erabiltzen dute eraikuntza-materialen (marmolak, granitoak, terrazoak, hormigoia edo hareharriak) fabrikatzaileek, garbitasun-enpresek, industria-mantentzerako enpresek eta eraikuntza-enpresek.

Bestalde, Tecnadis GWR izenekoa oso egokia da ibilgailuen aurrealdeko beiratean eta beirazko beste azalera batzuetan erabiltzeko. Tratatutako azaleretan ura kentzea ahalbidetzen du eta, horrenbestez, ikuspena hobetzea dakar, egunez zein gauez. GWR produktuak, gainera, izotza beiretan itsatsita geratzea saihesten du, abrasioaren aurrean erresistentzia egokia du eta ez du azido klorhidrikorik. Tecnadis GWR produktuak pixkanaka alboratu egin ditu konponketa-lanetarako profesionalen sektorean lehian agertzen ziren produktuak. Gero eta gehiago erabiltzen da beirateetan ere, balio erantsia gehitzen baitie.

Merkatuan oso harrera ona izaten ari dira produktu hauek, eta dagoeneko leku enblematiko batzuetan aplikatu dira, hala nola Santiagoko (Compostelakoa) katedralean, zehazki esatera, erlaitz eta leiho-isurkietan. Halaber, Baelo Claudia (Cadiz) arkeologia-multzoko zutabeen basaletan aplikatu dira eta baita Lisboako Loretoko Ama Birjinaren elizaren kanpoaldean dauden estatuetan ere. Ondare historikoa mantentzeko sektoretik haratago, eraikuntza-materialen fabrikatzaileek, garbitasun-enpresek, industria-mantentzerako enpresek eta eraikuntza-enpresek ere erabili dituzte produktuok.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Lurederra
Basque Research

Egilea: Basque Research (Elhuyar Fundazioa)

Laguntzailea: