#GaiNagusiak

FIKek eta Tecnaliak istripuetako biktimak larrialdietan immobilizatzeko tresna bat diseinatu dute

Noiz argitaratua: 13/03/06 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia
 Varstiff

Tecnalia Research & Innovation ikerketa aplikatuko zentroak, FIK ekimenaren bidez, Varstiff diseinatu du, ehun-material adimendun bat. Material horrek hainbat forma har ditzake, eta, hutsean zurrun bihurtzen da, ohiko plastiko baten gogortasuna hartu arte. Material egoera malgura itzultzen da, hutsa kentzen zaionean. Varstiff materiala erabiliko den lehen produktua istripuetako biktimak larrialdietan immobilizatzeko tresna bat izango da. Janus Developments konpainiaren bultzadari eta laguntzari esker, “Mind the Gap” programaren lehen saioko hiru proiektu irabazleetako bat aukeratu du Botín Fundazioak produktu hori. Merkaturatzen laguntzeko, oinarri teknologikoko enpresa berri bat sortuko da. Hasieran, osasun-sektorean jardungo du enpresa horrek, baina aurreikuspena da jarduera beste sektore batzuetara hedatzea, hala nola automobilgintzara edo aisialdira.

Material berria, Tecnaliak diseinatua, edozein gorputz-ataletara eta edozein egoeratara egokitzen da. Bigun eta xaflakor dagoela jartzen da, eta, ondoren, hutsean, igeltsua bezain zurrun bihurtzen da. Horri esker, istripuren bat gertatzen denean, iristeko zailak diren tokietan gorputz-atalak —hala nola lepoa, bizkarra eta toraxa— berehala immobiliza daitezke, gorputza mugitu gabe.

Botín Fundazioak 350.000 euroko finantziazioa emango du bi urtean, “Mind the Gap” programaren bidez, eta horrek aukera emango du lehen bi produktuak garatzeko: larrialdietan immobilizatzeko tresna bat eta gurpil-aulkia erabili behar duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko jarrera-finkatzaile bat. Aurreikuspenen arabera, enpresa berria 2013ko bukaeran egongo da martxan, eta 2014aren hasieran merkaturatuko du lehen produktua. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan egongo da, eta lehen lau urteetan bi milioi euroko fakturazio metatua izango duela aurreikusi da.

Beste soluzio batzuk

Material iraultzaile honek beste osasun-arlo batzuetarako soluzioak ere ematen ditu; esaterako, ortopediarako. Arlo horretan, hainbat abantaila eskaintzen ditu, ohiko soluzioen aldean, hau da, velcroarekin edo kuxin puzgarriekin ixten diren banda elastikoak erabiltzen dituzten soluzioen aldean. Izan ere, ohiko soluzio horiek presioa egiten dute, eta, beraz, indarra egiten dute azalaren gainean. Horren ondorioz, erosotasun-maila txikiagotu egiten da, eta, gainera, ez dute behar den zurruntasunik.

Material honek automobilgintzan, aisialdian eta kirolean ere ekar ditzake erabilera berriak, erabiltzaileen segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko. Automobilgintzan, material horri esker, elementuak erosoagoak eta pertsonalizatuak izango dira; adibidez, eserlekuak pertsona bakoitzari doituko zaizkio, eta ateetan edo maletategiko erretilu malguetan energia xurgatzeko sistemak egongo dira. Kirol-arloan, kanpineko elementu malguak egin litezke, hala nola aulkiak, mahaiak, zerriak, etab. Halaber, material hori aitzindaria izan liteke errendimendu handiko babes-ehunak garatzeko; esaterako, kirol arriskutsuak egiteko arropa edo segurtasun-indarrentzako arropa egiteko.

“Mind the Gap” programa

Botín Fundazioak, zientzia-munduari finantza- eta kudeaketa-laguntza handiena ematen dion Espainiako instituzio pribatuak, aukeratu du produktu hori, enpresa berri bat eratuz haren abiaraztea eta merkaturatzea sustatzeko. Izan ere, Botín Fundazioak, “Mind the Gap” programaren bidez, enpresen sorreran inbertitzen du, xede sozial gisa, eta kudeaketa-, koordinazio- eta aholkularitza-lanak egiten ditu enpresa horietan. Hala, enpresa-egitura bat ematen die ikerketei, proiektua merkatura iristeko jarraitutasuna emango dieten inbertitzaileak erakartzeko bi urtetan. 2003tik, 25 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu Botín Fundazioak transferentzia teknologikoaren arloan.

Informazio osagarria

  • Varstiff, Tecnalia
  • Varstiff, Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Tecnalia
Germán Lasa

Egilea: Germán Lasa (Tecnalia Research & Innovation)

Laguntzailea: